Mercedesen Gasteizko zuzendaritza gaur eseriko da sindikatuekin

ELAk, LABek eta ESK-k eutsi egingo diete uztailaren 6ko, 7ko eta 8ko lanuzteei. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek gaur erabakiko dute

Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ekaineko lanuzte jendetsuak atzean utzita, ziurgabetasuna da nagusi Gasteizko Mercedeseko langile batzordean. Atzo bildu ziren sindikatuak, uztailaren 6ko, 7ko eta 8ko deialdiei buruz eztabaidatzeko. Bi jarrera nagusitu ziren: batetik, ELAk, LABek eta ESK-k hiru egun horietan kalera irtetearen alde egin zuten; bestetik, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek gaur arte itxarongo dute ezer erabaki aurretik.

Izan ere, Mercedeseko zuzendaritza gaur goizean eseriko da sindikatuekin. Ekainaren 17an jakinarazi zuen ez zela bilduko langile batzordearekin greba deialdiak bertan behera geratu ezean; alabaina, iritzia aldatu du, eta negoziazioekin jarraituko du. Bilkura horretan hitz egindakoak zeresana emango du aste honetan, orduan erabakiko dute-eta lanuzteekin zer egin zalantzati dauden sindikatuek. Hain zuzen, UGTk,CCOOk, Ekintzak eta PIMek.

Lehenbailehen hartu beharreko erabakia da, Igor Gebara ELAko ordezkari eta langile batzordeko presidentearen ustez: «Denbora behar da pentsatzeko. Ezin da hilaren 5ean erabaki 6an manifestazioa egitea, langileak aurretik informatu gabe».

Langile batzordeak ez daki zer asmo duen zuzendaritzak gaurko bilkurarekin. Gebarak dio bi aukera daudela: «Edo lantaldearen mezua ulertu dute eta proposamenekin datoz, edo eta ez nuke baztertuko mehatxu handiago batekin datoz». Zuzendaritzaren elkartzeko deia, baina, seinale ona da: «Negoziatzen ibili ostean beste aldeari berriro elkartzeko eskatzen badiozu, irtenbideak bilatzeko izaten da».

Sindikatuek bi deialdi bateratu egin dituzte aurretik, ekainaren 22an eta 30ean. Printzipioz, uztailaren 6an ere kalera irtetekoak ziren guztiak. ELAk, LABek eta ESK-k hilaren 7ra eta 8ra zabaldu zuten deialdia, langile batzarrean eztabaidatu ostean. Erabaki irmoa da hiru sindikatuena.

Urkullu, Alemanian

Erabakitzen dutena erabakitzen dutela, uztailaren 6a egun berezia izango da Mercedesen Gasteizko lantegiarentzat. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua autogintza multinazionaleko zuzendaritza nagusiarekin bilduko dira Stuttgarten (Alemania). Taldeak 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du, lantegiko instalazioak berritzeko eta orain halako bi ekoitzi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.