Gasteizko herritar baten egoera salatzeko, agerraldia egin zuen atzo Gasteizko etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren kontrako taldeak. Ziurtatu zutenez, bizilagun batek bere tabernan egiten du lo, eta, larriki gaixo dagoen arren, ebakuntza egitea ukatzen diote, ez daukalako etxebizitza duinik. Erakundeek kasuaren inguruan erakutsitako «gizatasun falta eta aporofobia» gaitzetsi zituzten.
Koldo izeneko herritar baten kasuaren berri eman dute. Azaldu dutenez, etxetik bota zuten, eta, kalean ez geratzeagatik, bere tabernan bizi behar izan zuen momentu jakin batzuetan. Urtarrilean, udaltzainak joan zitzaizkion, eta identifikatu egin zuten. Taldeak adierazi duenez, egun horretan ez zioten esan arau hausterik egiten ari zenik, baina Gasteizko Udalaren gutun bat jaso zuen handik gutxira, isun proposamen batekin. Erabakia kritikatu dute: «Bazterketa egoeran dagoen pertsona bati isuna jartzea, bere jabetzako taberna batean noizbehinka bizi bada kalean ez bizitzeko aukera bakar gisa, ekintza erabat ankerra da».
Gainera, adierazi dute Koldok gaixotasun larri bat duela, bihotzeko arazoak eragiten dizkiona, eta Osakidetzak ez diola ebakuntzarik egiten, ez delako etxebizitza duin batean bizi. Gaitzetsi dutenez, horren aurrean, Parte Zaharreko gizarte langileak ez dio inoiz «alternatibarik edo irtenbiderik» eskaini. Horiek horrela, taldearen hitzetan, etxebizitza arazoak dituzten herritarrei merezi duten arreta eskaini gabe jarraitzen du udalak, eta irtenbide bat eskatu dute.
Salatu dute Gasteizko gizon bat ez dutela operatzen etxe duinik ez daukalako
Etxebizitza eskubidearen aldeko talde baten arabera, isun proposamen bat egin dio udalak gizonari, bere tabernan noizbehinka lo egiteagatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu