Rapanuien ekozidioa, zalantzan

Uste izan da baliabide naturalak ardurarik gabe ustiatzeagatik beheraldi izugarria jasan zuela Pazko uharteko gizarteak. Ikerketa berri batek ezeztatu egin du uste hori, rapanuien antzinako elikadura ikertuta.

Moai eskultura entzutetsuak dira rapanuien ondarerik ezagunena. IAN SALAS / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ozeano Barearen erdian, galderaz betetako uharte bat dago. Han, antza, gizarte zoriontsu bat garatu zen, baina, mendeak pasatuta, gauzak okertu egin ziren. Aztarna arkeologiko ugari eta ahozko tradizioa eskura izan arren, egoera zergatik okertu zen ez dakite adituek. Jendea bizi den lekuen artean, bakartuenetakoa da Pazko uhartea (Txile). 163 kilometro koadroko uharte txiki hori Hego Amerikatik 3.500 kilometro ingurura dago. Uharterik gertuena Pitcairn da, 2.075 kilometrora. Duela ehunka urte, polinesiarrek uhartea kolonizatu zuten. 1200. urtearen inguruan gertatu zen hori, baina beste datazio batzuek 900. urtean kokatu dute gizarte berri horren eraketa. Lehen mendeetan rapanuien gizartea loratu zen, baina gero gauzak guztiz okertu ziren. Gosea eta gerra zabaldu ziren, eta paradisua infernu bilakatu zen.

Halere, adituek ez dute argi hondamendi horren jatorria zein izan zen. Batzuek uste dute gizakia izan zela horren erruduna, baina beste talde batek kontrako ideia defendatzen du. Lehen planteamendua «ekozidioaren» hipotesia da. Jared Diamond geografo eta antropologoak ideia hori babestu zuen Collapse izeneko liburu ezagunean. «Baliabideen gehiegizko ustiapena zela eta, bere buruaz beste egin zuen gizarte baten adibiderik argiena» zela idatzi zuen Diamondek.

Istorio horren arabera, Pazko uharteko biztanleek gaizki erabili zituzten eskura zituzten baliabide naturalak, eta horrek gosea eta bertakoen amaiera ekarri zituen. Besteak beste, uhartean zeuden palmondo guztiak txikitu zituzten, eta horrek kanoak egitea eragotzi zuen. Kanoarik gabe, beraz, arrantzan egiteko zailtasunak hasi ziren, eta horrek gosetea areagotu omen zuen. Nekazaritzari erabat lotuta geratu ziren, baina, denborarekin, lurrak ere ahitu ziren, eta gizartearen porrota erabatekoa izan zen. Kanibalismoa ere agertu zen. «Ekozidio» hori, beraz, gaurko gizarteak kontuan hartu beharreko irakaspena litzateke, hipotesia babesten dutenen arabera.

Ikuspegi horren arabera, egoera zail horri beste elementu berri bat ere gehitu zitzaion: ahalik eta eskulturarik handienak —moai ezagunak— sortzeko lehia. Ahozko tradizioetan eta aztarna arkeologikoetan oinarrituta, adituek uste dute uhartea hamabi eremutan banatuta zegoela, eta bakoitza klan baten kontrolpean zegoela. Haien artean elkarlana bazegoen, baina, zenbaitetan, gatazkak ere sortzen ziren. Ahu izeneko harri plataformak eratu zituzten, eta, haien gainean, moai estatua ezagunak. Guztira,300 ahu inguru egin zituzten, eta 113 moai. Metro bat eta hamar metro arteko altuera dute moaiek, eta, horietatik 25, bereziki, handiak dira. Harritzar horiek harrobietatik gaur egun dauden lekuetara nola eraman zituzten jakina ez bada ere, adituek uste dute palmondoen enborrak erabili zituztela horretarako, eta horrek ere eragina izan zuela deforestazioan. Uharteko harrobian bukatu gabeko moaiak daude, eta horregatik uste dute gizartearen beherakada bat-batekoa izan zela.

Erantzun baten zain dauden galderen artean, honakoa ere bai: haien kolonizazio ibilbideetan, polinesiarrek txerriak, txakurrak eta oilaskoak eraman ohi zituzten, baina Pazko uhartera oilarrak eta arratoiak baino ez ziren heldu, eta egoera horrek zaildu egin zuen bizirik irautea.

Arratoi izurritea

Beherakada gertatu zela onartuta ere, Terry Hunt eta Carl Lipo arkeologoek ñabardura garrantzitsu bat proposatu zuten. Haien ustez, deforestazioaren errua ez zen gizakiena izan, arratoiena baizik. Aztarnategietan topatutako palmondoen fruituen arrastoetan oinarritu ziren hipotesi hori defendatzeko. Nahita edo nahi gabean, gizakiek eraman zituzten arratoiak uhartera, eta, predatzailerik ez zutenez, izurrite bihurtu ziren. Fruitu guztiak jan zituztenez, pixkanaka palmondoak desagertu ziren. Hilabete honetan argitaratu dute bigarren ideia horren aldeko beste ikerketa bat American Journal of Physical Anthropology aldizkarian. Hunt eta Lipo ikertzaileek ere parte hartu dute, baina egile nagusia Catrine Jarman Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) antropologoa da. 1.400 urtetik aurrerako aztarnen analisian ondorioztatu dutenez, rapanuien dietaren erdia itsas produktuetan oinarritzen zen.

Anakena eta Ahu Tepeu aztarnategietan aurkitutako arrastoak aztertu dituzte ikertzaileek. Arrasto horien isotopoen analisian oinarritu da ikerketa. Zehazki, karbono eta nitrogeno isotopoak eta hezurretako kolagenoa aztertu dituzte. Teknika hori baliatuz, gizakien eta animalien hezurretatik ebidentziak zuzenean eskura daitezkeela nabarmendu du ikertzaileak. «Nahiko metodo berria da, eta bereizmen handikoa. Horregatik, erabili ohi diren metodoek baino emaitza sakonagoak izaten ditu», azaldu du Jarmanek. «Gure ikerketak frogatu du bertako populazioa modu iraunkorrean bizi zela, eta tokiko ingurumenera ondo egokituta zegoela», erantsi du. «Hau ekozidioaren hipotesiaren kontrakoa da. Honek erakusten du iturri etnohistorikoez eta ebidentzia urriez ez dagoela fidatzerik. Etengabean metodo zientifiko berriak erabili behar ditugu, uste genuena kolokan jartzeko».

Kontsumitutako itsasoko produktuen kopurua orain arte uste zen baino handiagoa dela nabarmendu du ikertzaileak. «Bestalde, naturan eskuragarri zeuden elikagaietatik etorri ezin ziren zenbait seinale isotopiko aurkitu ditugu. Uzta hobeagoak jasotzeko eraldatu izan ziren soroetan egon behar du horien jatorriak. Horrek esan nahi du antzinako biztanleek bazekitela nola lan egin lur zailetan janari hobeagoa eskuratzeko».

Krisialdia gaindituz

Errudun izan ala ez, uhartean bizi izan direnen bizitza ez da erraza izan. Tradizioetan eta arkeologian oinarrituta, adituek uste dute klanen arteko gatazka sutsuari aterabide bitxia eman ziotela bertakoek: txori-gizakien ohitura ezarri zuten. Funtsean, gerra zibilei amaiera emateko, urtero lehiaketa antzeko bat asmatu zuten. Klan bakoitzeko gerlari batek parte hartzen zuen. Alboko uharte batera igeri egin eta hegazti jakin baten arrautza eskuratzen zuen lehenengoak irabaziko zuen bere klaneko nagusiarentzako agintaldia. Antza, usadio hori hainbat hamarkadatan mantendu zuten, eta horrela bakea berreskuratu zuten.

Halere, egoera betiko irauliko zuen gertaera izan zen 1722. urteko Pazko egunean, Herbehereetako itsasontzi bat heldu zenean. Handik aurrera, europarrek eramandako gaitzak erraz zabaldu ziren rapanuien artean. Ondoren, gainerako munduak Pazko uhartearen berri izan zuenean, esklabo-tratulariak heldu ziren, eta populazioa desagertzeko zorian izan zen. 1877an, 111 biztanle baino ez ziren geratzen. Une horretan kokatzen du Jarmanek rapanuien beherakada. Antropologoak uste du ez dagoela «froga errealik» esateko mendebaldekoak iritsi baino lehenago desegin zela Pazko uharteko gizartea.

1888an, Txilek uhartea eskuratu zuen, baina ardiak gordetzeko erabilia izan zen, zeregin horretarako utzi baitzioten uhartea Eskoziako konpainia bati. Bertakoek 1964. urtera arte ez zuten eskuratu Txileko herritartasuna. Egun, 5.000 lagun inguru bizi dira uhartean; horietatik 2.000 lagun inguru jatorrizko rapanuien seme-alabak dira. Baina horiek ere ez dute arbasoek utzitako galderei erantzuteko gaitasunik. Moaiak dira garai haietako lekuko bakarrak, baina haiekin, noski, ez dago hitz egiterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.