Bakegileek desobedientzia zibilean oinarritutako fase berri bat iragarri dute

Frantziako Gobernuaren «borondate falta» salatu dute. «Ekintza indartsuagoak eta ausartagoak» egingo dituztela azaldu dute

Bakegileen agerraldi jendetsua, Hiriburun, atzo goizean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hiriburu
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Ez dugu gibel eginen. Ez dezatela pentsa orain arte egin den guztiaren ondoren amore emanen dugunik». Bakegileek agerraldi jendetsua egin dute Hiriburun (Lapurdi), eta beste mobilizazio fase bat iragarri dute Euskal Herriko gatazkaren konponbidean Frantziako Gobernua aitzinapausoak egitera bultzatzeko. Desobedientzia zibilean oinarrituko da, «ekintza indartsuago eta ausartagoekin», eta herritarrei dei egin diete bertan parte hartu dezaten. Urtarrilaren 8an euskal presoen alde Baionan eginen duten manifestazioarekin abiatu nahi dute fase berria, eta lehen xehetasunak jakinarazi dituzte: hiru lekutatik abiatuko da protesta, eta oraindik iragarri ez duten leku batean bukatuko da. Fase berrian parte hartu nahi dutenentzat izena emateko parada izanen dela iragarri dute.

Eragile anitzetako ordezkariek eta herritar andanak inguraturik, urte batean izandako bilakaera laburbildu dute Anaiz Funosas eta Jean Daniel Elixiri bakegileek. «Urte bat pasatu da [Frederic Haranburu] Xistor etxekoengana itzuli zenetik. Urte bat Madrilek egiten dituen mugimendu berrien lekuko garela. Presoen hurbilketek eta Espainiako espetxe administrazioak aplikatzen dizkien gradu aldaketek perspektiba berriak irekitzen dituzte. Baina, urte bat gehiago da Jon Parot, Jakes Esnal eta Unai Parotentzat ere. 31 urte daramatzate kartzelan», deitoratu dute. «Urte bat gehiago, zeinetan, frantziar botere politikoak eta judizialak ez duten inongo jarrera aldaketarik erakutsi. Ez zaio inongo konponbiderik atzeman preso eta iheslariek aurre egin behar dieten arazoei. Ez dugu inongo borondaterik ikusten presoen egoerari aterabiderik atzemateko, eta, bereziki, erran dezagun, Jon Parot eta Jakes Esnalen kasuan. 70 urte baino gehiago dituzte gaur egun».

Batetik, Frantziako Gobernuaren «inertzia» ikusten dute, eta, bestetik, Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzaren «laztasuna». Horregatik erabaki dute beste fase batera pasatzea. «Inork ezin ditu bazterrean utzi lurralde honetan izan diren bilakaera nagusiak; gatazkaren konponbidearen eta elkarbizitzaren alde, eragile ezberdinek izan duten engaiamendua: hautetsiak, gizarte zibila, alde guztietako biktimak eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa».

Ez da berria Frantziaren aitzinean jarrera gogortzeko borondatea. 2020ko irailean ekintza sinbolikoa egin zuten Baionako suprefetura aitzinean, adreiluzko pareta bat eraikita, Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Hilabetera, biltzar nagusia egin zuten, eta mobilizazio ziklo «determinatu eta iraunkor bat» bultzatzea erabaki zuten. «Gogorrago» jokatzeko asmoa azaldu zuten, eta Luhusoko operazioaren urteurrenerako euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko egitasmo «masibo eta ausart» batean parte hartzera deitu zuten. Baina, egun batzuetara, Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske uztea erabaki zuen Parisko Dei Auzitegiak, eta behin-behinean ekintza «suspenditzea» erabaki zuten Bakegileek, erabakiak «esperantza izpi bat» sortzen ziela adierazita.

Macron, interpelatua

Bakegileek argi dute: «Gatazka honen konponbidearen ordua iritsi da». Horregatik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari dei egin diote, eta, 2019ko maiatzaren 17an, G7koen goi bileraren harira Miarritzera (Lapurdi) egin zuen bisitan izan zituen hitzak oroitarazi dituzte. Gatazken konponbidean eta armagabetzean Euskal Herria «eredu» zela erran zuen, eta Frantziako Estatuaren eginbeharra zela mugimendu hori «laguntzea». Bakegileek, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko ordua dela adierazi diote.

Urtarrilaren 8an Bilbon eta Baionan egingo dituzten manifestazioak hizpide, adierazi dute Baionakoa Jon, Jakes eta Unai gurekin! lelopean antolatuko dutela. Hura prestatzeko, toki mailako dinamikak prestatuko dituzte, eta Eguberri garaian ekitaldi bat baino gehiago antolatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.