Sindikatuek salatu dute Nafarroan irakasle gutxiegi egonkortuko dituztela

Steilasek eta ELAk elkarretaratzea egin dute, «kontsolidazioa bermatuko duen LEP bat» eskatuz. Gutxienez 4.000 lanpostu esleitzea nahi dute

Steilasen eta ELAren protesta, atzo, Iruñean. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak lan eskaintza publikoetara aterako dituzten lanpostuen berri eman du, eta Steilas eta ELA ez daude ados hezkuntzan finkatu asmo dituen lanpostu kopuruarekin. Desadostasuna adieraziz, elkarretaratzea egin zuten atzo Hezkuntza Departamentuaren aurrean, «kontsolidazioa bermatuko duen LEP bat eskatzeko». Finkatzea sustatzeko mobilizazioak antolatzen jarraituko dute.

Izan ere, sindikatuen irudiko, mahai gainean dagoen proposamena ez da aski: «[Hezkuntza Departamentuak] 766 lanpostu baino ez ditu atera nahi egonkortze prozesuetara». Horrek, haien aburuz, behin-behinekotasuna «kronifikatzea» lekarke. Bestelako eskaria dute: gutxienez 4.000 lanpostu esleitzea eta Espainiako Gobernuak «inposatutako neurriak gainditzea».

LABek mobilizazioan parte hartu ez baina salaketa egin du. Ez dute begi onez ikusten finkatuko dituzten lanpostuen %46 PAI ingelesa ikasteko programara bideratzea. Haien irudiko, kanpoan uzten ditu irakasle «asko», hizkuntza propioak jakin, urteetako esperientzia eduki eta probak gainditu arren, atzerriko hizkuntzetan ez daukatelako C1 titulua.

EH Bilduk eta Geroa Baik, berriz, Nafarroako Gobernuak egin duen lan eskaintza publiko osoari egin diote kritika. Geroa Baiko Uxue Barkosen esanetan, Nafarroara «mimetikoki» ekarri dute Espainiako Gobernuaren proposamena. Haren antzera, koalizio abertzaleko Adolfo Araizek nabarmendu du Madrili kopiatu diotela, eta irizten dio «autogobernu ariketa handiagoa» egin beharko zuketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.