YPGk Damaskoren esku utzi du Manbij, Turkiaren inbasioa eragozteko

Milizia kurduak, Siria iparraldeko herria utzi, eta EIren aurkako borrokan jarriko du arreta. Erdoganentzat, «ekintza psikologiko bat» izan da

ander perez zala
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
AEBen tropek Siria utziko dutela jakitun, YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduak erabaki du Siriako armadari laguntza eskatzea, Turkiaren balizko inbasioa eragozteko. Hilaren 12az geroztik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta haren gobernuko ministroek mehatxu egin diete Siriako kurduei, muga gurutzatu eta haien kontrolpean dauden eremuak inbadituko dituztelakoan. Horregatik, AEBen babes militarrik gabe, Damaskora begira jarri da YPG, eta Siriako armadaren esku utzi du iparraldeko Manbij hiria, Siriaren eta Turkiaren arteko mugatik 30 bat kilometrora dagoena. «Siriako Gobernuaren indarrei gonbita egiten diegu. Herrialde, nazio eta muga berak babesteko, gure indarrek utzitako eremuen kontrola hartzeko eta eremu horiek Turkiaren eraso baten aurka babesteko betebeharra dute», azaldu zuen atzo milizia kurduak, ohar baten bidez. Ondoren, Siriako armadak jakinarazi zuen hirian sartu zela.

Baxar al-Assad Siriako presidenteak 2012an galdu zuen Manbijen kontrola, eta harrez geroztik matxino islamisten, EI Estatu Islamikoaren eta YPGren kontrolpean egon da; milizia kurduak EI garaitu zuen 2016an, eta ordudanik zegoen eremua haren esku. Orain, Manbij berreskuratuta, Siriako Gobernuak kurduei ohartarazi die ez duela autonomiarik onartuko.

AEBen soldaduak

Atzo gauerako, ordea, ez zegoen argi AEBen tropak eta Siriakoak non zeuden. Damaskok adierazi zuen Manbijen sartu zela, baina AEBak buru dituen koalizioak kontrakoa adierazi zuen, AEBen soldaduak oraindik hirian zeudela azaldu baitzuen.

YPG Manbijetik joanda, Erdoganek atzo adierazi zuen Turkiak ez duela «ezer egiteko» herri horretan: «Ekintza psikologiko bat izan da». Hala ere, Siria ipar-ekialdean sartzeko mehatxuari eutsi zion, «talde terroristak [YPGk]» han jarraitzen duelako. Ipar-mendebaldean, kurduen Afrin barrutiaren aurkako erasoaldia martxoan amaitu zuen, eta beste eraso bat egiteko asmoa du ipar-ekialdean; Erdoganentzat, YPG PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren adar bat da, eta, hortaz, «talde terrorista bat».

Milizia kurduak, bien bitartean, arreta jarriko du EIren aurkako borrokan, Siria ekialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.