Duela hiru aste hasitako greba beste bi astez luzatu dute Zardoya Otisen

Lan hitzarmen propioa eskatzen ari dira Euskal Herriko langileentzat. Bizkaiko autoeskoletan astebeteko beste greba bat hasi dute

Zardoya Otiseko langileen manifestazio bat, artxiboko irudi batean. ELA.
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Greba luze doa Zardoya Otisen, eta are gehiago luzatuko da. Azaroaren 22an abiatu zuten, Espainiako adarreko hitzarmenaren beharrean, Hego Euskal Herrirako hitzarmen propio bat eskatzeko. Hiru aste igarota, negoziazioen egoera ikusita, beste bi astez luzatzea erabaki dute, abenduaren 27ra arte.

Zardoya Otis igogailuak egiten, instalatzen eta mantentzen dituen enpresa bat da, eta ordezkaritzak ditu Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan. Zardoya 1919an sortu zen, Herreran (Altza, Gipuzkoa), eta 1973an erosi zuen Otis AEBetako multinazionalak. Zardoya Otisek Madrilen du gaur egun egoitza, eta beren enpresa ituna ere han negoziatzen dute, Euskal Herriko langileentzat ez ezik, baita Espainiakoentzat ere. Hori da, hain zuzen ere, oraingo grebaren arrazoi nagusia. Hitzarmena eguneratu gabe dute iaztik, eta orain ari dira negoziatzen. ELAk salatu duenez, negoziazio horietan «zuzendaritzak ez du kontuan hartzen Euskal Herriko langileen iritzia». Hitzarmena indarrean izango den urte bakoitzerako soldata igoera «duina» hitzartzea nahi du ELAk, eta nabarmendu du multinazionalak «etekin handiak pilatzen» dituela. Lan karga «nekagarriei» aurre egiteko langile gehiago ez kontratatzea ere salatu du. «Teknikari bakoitzak mantendu beharreko igogailu kopurua etengabe handituz eta segurtasun eza sortuz, bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat». Gainera, ez da lanaldia gutxitu nahi, «Euskal Herriko hitzarmenena baino handiagoa izanda ere».

ELAk uste du, gainera, hitzarmenaren negoziazioan oso elementu garrantzitsuak daudela, eta ez direla lantzen ari Madrilen: hala nola langileek lana egiteko beren gain hartu behar dituzten kostuak (dietak, aparkalekua...), laneko osasunarekin zerikusia duten elementuak eta laneko arropa egokia ez izatea, eta lana digitalizatzeak lantaldearentzat eta erabiltzaileentzat dakarren arriskua. Sindikatuak uste du konponbidea negoziazioa Euskal Herrira ekartzea dela, eta itun propio bat egitea.

Autoeskoletako greba

Ez da laburragoa lan gatazka Bizkaiko autoeskoletan. Ekainean hasi ziren protestak, lan hitzarmena berritu gabe egon delako azken 11 urteetan. Udazkenean bost asteko hainbat greba egin dituzte, eta azkena atzo bertan hasi zen, eta ostiralera arte iraungo du, tarte horretan akordiorik ez badago. Joan den ostegunean elkartu ziren bi aldeak —APAVI patronala eta ELA sindikatua—, baina ez zen akordiorik izan. Soldaten eguneratzea da gainditu beharreko oztopo bat. 2010az geroztik ez dira handitu, eta patronalak proposatu du %14 igotzea, hau da, ordutik hona metatu den KPIaren arabera igotzea. ELAk dio ez dela nahikoa, soldatak aurretik «kaskarrak» zirelako, eta «soldata irregularrak» erregularizatu behar direlako. Halaber, patronalak aipatu du urteko lanaldia finkatu eta ordutegiak malgutu daitezkeela, baina proposamena zehaztu gabe.

Grebaren lehen egunak «oihartzun handia» izan zuen. Auto karabana bat ibili zen Bilbon; Artxandan batu ziren, eta ondoren Barakaldora jo zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.