Zaporizhian segurtasuna bermatzeko beste modu bat lantzen hasi da NBE

IAEAko idazkari nagusiak ohartarazi du zentral nuklearraren egoera okertzen ari dela. Moskuk berretsi du ez duela gatazka nuklearrik nahi

Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zaporizhiako zentral nuklearraren (Ukraina) inguruan segurtasun eremu bat sortzea adostu zuten IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eta Ukrainako eta Errusiako gobernuek, aurreko irailean. Ez dute zehaztu eremu hori, ordea. Eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziako idazkari nagusi Rafael Grossik atzo iragarri zuen aldeak «beste kontzeptu bat» garatzen ari direla, instalazioa «modu lokalagoan» babesteko.

Grossi Zaporizhiara joan zen atzo, eta esplikatu zuen instalazioa bera «bere hartan» babestea dutela helburu. Nabarmendu zuen, hori bai, egoera ez dela hobetzen ari, «kontrakoa» baizik: «Gerra ekintzak areagotzen ari dira». Inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuen zentrala Errusiak, eta, haren bueltan bonbardaketa bat gertatzen den bakoitzean, bi aldeek elkarri egozten diote erantzukizuna. NBEren agentziako buruak ohartarazi zuen, bide batez, istripu nuklear batek «Errusiari, Ukrainari eta Europari» eragingo liekeela. Hori eragoztera deitu zuen. «Baikorra naizenez, uste dut posible dela». Europako zentral nuklear handiena da Zaporizhiakoa, eta lau aste dira kanpoko linea bakar baten bidez funtzionatzen ari dela.

Errusiak berretsi du eutsi egiten diola gatazka nuklear bat eragozteko konpromisoari. Hori azpimarratu zuen atzo Nikolai Patruxev Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariak. Azken egunetan, Moskuk Mendebaldeari egotzi dio gatazka koska bat estutzea; izan ere, Erresuma Batuak uranio pobretuko jaurtigaiak eskaini dizkio Kievi. Horiek horrela, Vladimir Putin Kremlineko buruak larunbatean iragarri zuen Bielorrusiara hedatuko dituztela arma nuklearrak.

Zelenski eta Xi

Eta Errusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuen armadak maniobra militarrak hasi dituela Siberian, eta horiek baliatuko dituztela, besteak beste, kontinente arteko Yars misil balistikoekin probak egiteko. Misil horiek 12.000 kilometroko irismena dute gutxi gorabehera. Putinek otsail amaieran adierazi zuen «arreta handiagoarekin» sendotuko duela bere indar nuklearra.

Bestalde, AP berri agentziak atzo kaleratutako elkarrizketa batean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan zuen Xi Jinping Txinako presidentearekin bildu nahiko lukeela Ukrainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.