Kamioiei bidesariak berriro ezartzeko araua onartu du Gipuzkoak

Hirugarren araua da, auzitegiek baliogabetu egin baitzituzten beste biak. Lehen ez bezala, A-15 eta N-1 bideak osorik izango dira ordainpekoak

Bidesarien aurkako protesta bat, iragan astelehenean, Lasarte Orian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Xabier Martin - Iker Aranburu
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
N-1 eta A-15 autobideetan kamioien joan-etorria zergapetzeko hirugarren foru araua onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta, horrenbestez, kamioilariek bidesaria ordaindu beharko dute horien ibilbide osoan. Gutxi gorabehera urtebete barru izango da, 2022. urtearen amaieran edo 2023. aren hasieran, azpiegitura berriak prest daudenean. Aldundiko gobernua osatzen duten bi alderdien botoekin onartu dute foru araua —EAJk eta PSEk gehiengoa dute Batzar Nagusietan—, eta aurkako botoa eman zuten oposizioko hiru taldeek —EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk—, garraiolariei kalte egingo diela argudiatuta.

Aurreko bi foru arauak, 2016koa eta 2018koa —biak Markel Olanoren koalizio gobernuak egindakoak—, indargabetu egin dituzte epaitegiek, errepideen zati bat bakarrik ordainpeko eginez kanpoko kamioilariei kalte handiagoa egiten zielako bertakoei baino. Maiatzean iritsi zen EAEko Auzitegi Nagusiaren behin betiko epaia, baina ez zuen argitaratu urrira arte, eta tarte horretan kobratu izanak garraiolarien kexua piztu zuen. Urriaren 20tik, kamioiek ez dute ordaindu behar izan N-1 eta A-15 autobideak erabiltzeagatik, eta horrela izango da aldi baterako, aldundiak uko egin diolako behin-behineko arau bat indarrean jartzeari.

Hirugarren arauak aldaketa nabarmen bat edukiko du epaileek baliogabetutako beste bien aldean: N-1 osoan eta A-15 osoan ordainduko dutela bidesaria kamioilariek, eta ez tarte jakin batzuetan soilik. Hala, diputazioak beste lau arku handi ezarriko ditu errepideetan, eta beste 109 arku txiki. Urtebete beharko da lan horiek bukatzeko, eta 25,3 milioi euroko inbertsioa. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek esan du arau berriak N-1 eta A-15 autobideek Gipuzkoan dituzten 76 kilometroak zergapetuko dituela. «Ez dago aukerarik bazterketa dagoela interpretatzeko, ez zuzenean ez zeharka, lotune guztiak eta mugimendu guztiak zergapetuko direlako».

Bidesaria 3,5 tonatik gorako kamioientzat izango da, garraioan aritzen direnentzat. Kilometroko 0,22 euroko tarifa izango dute kamioirik handienek, eta 0,28 eurokoa arinek.

Hiruren kexuak

Bidesarien aurkaririk sutsuenetako bat izan da Hiru garraiolari autonomoen sindikatua. Astelehenean kamioi karabana batekin salatu zuen aldundiak ez diela 2018tik «irregularki» kobratutakoa automatikoki itzuli nahi, eta epaitegien eskaerei soilik erantzungo diela. Atzo, agiri baten bidez, «onartezintzat» jo zuen garraiolariek beren gain hartu beharra, esklusiboki, errepideen mantentze lanen ordainketa, errepideak publikoak direlako eta salgaien errepideko garraioa «ezinbesteko zerbitzu publikoa» delako.

Hiru sindikatuaren argudioek ez dute askorik eragin errepideen jabe diren beste erakundeen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa adierazi du 2022ko udazkenerako hainbat bide kamioientzat ordainpeko egiteko. Nafarroako Gobernuak, berriz, «apurka» ordainpeko egin nahi ditu kamioientzat A-1, A-10,A-15, A-68 eta N-121-A bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.