Katalunia. Independentziarako bidean

Kereila gaur aurkeztuko du fiskaltzak

Kataluniako Auzitegi Gorenaren Fiskaltzak gaur salatuko ditu Mas, Rigau Hezkuntza sailburua eta Ortega presidenteordea

Larunbatean hasi zen fiskaltza A-9ko ustezko delituak ikertzen. Irudian, Mas eta Ortega presidenteordea. M. PEREZ / EFE.
Adrian Garcia.
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Fiskalak gaur aurkeztuko du kereila Artur Mas Kataluniako presidentearen eta bi kontseilariren aurka, A-9a antolatzean eginiko ustezko delituengatik. Efe agentziak eman du albistea, Kataluniako Auzitegi Gorenaren Fiskaltzako iturriak aipatuta. Iturri horien arabera, atzo arratsaldean fiskaltzak zirriborroa prest zuen. Mas, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza sailburua eramango dituzte auzitara. Rigau, ikastetxeetan kontsulta egiteko baimena emateagatik. Desobedientzia eta prebarikazioa egitea, eta funtsak bidegabe erabiltzea leporatuko liokete hiruei, Eferen iturrien arabera. Hirurak forudunak diren arren, errudun jotzekotan auzitegiak inhabilitatu ditzake.

A-9rako botopaperak egitearekin zerikusia duten kontseilarien aurka ere egin dezake fiskaltzak. Kataluniako espetxetako presoek egin dituzte, eta, beraz, Germa Gordo Justizia kontseilari ere inputatu dezakete. Hasieran behintzat, areto publikoetan galdeketa egitea baimendu duten arduradunen aurka ez dute egingo. Larunbatean hasi zen fiskaltza A-9ari lotutako ustezko delituak ikertzen. Espainiako Konstituzio Auzitegiak prozesu parte hartzailea bertan behera utzi zuen, Espainiako Gobernuak inpugnatu ondoren.

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak atzo eguerdian esan zuen fiskaltzak «presarik gabe» hartuko zuela auziari buruzko erabakia.

Masek atzo eginiko prentsaurrekoan esan duenez, prozesuarekin aurrera jarraituko dute. «Lasai gaude. Ez dugu ezer txarrik egin. Fiskaltzak ez gaitu kikilduko». Kezkagarria zaio Kataluniako presidenteari auzitegiek hartutako norabidea. «PPk aurreratzen du fiskaltzak egingo duena. Ez nuke ikusi nahi justizia PPren aginduetara». Izan ere, PPko hainbat kidek iragarri dute azkenaldian auzitegiek Generalitatearen aurka egingo zutela. Azkena Alicia Sanchez-Camacho PPCko burua izan da. Atzo iragarri zuen Espainiako telebista saio batean fiskaltzak aurkeztuko zuela salaketa. «Gaur goizean [atzo] aurkeztuko dute kereila. Oinarri juridiko sendoak ditu eta hiru delitu leporatuko dizkiete».

Baina Kataluniako hainbat epailek uste dute salaketak ez duela aurrera egingo. Kataluniako Iruzurraren Aurkako Bulegoko zuzendari Daniel de Alfonso da horietako bat. Catalunya Radiori eginiko elkarrizketa batean esan duenez, Estatuak ezingo du Generalitatearen aurka egin A-9a antolatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.