Suediako lehen ministro izendatu eta ordu gutxira dimititu du Anderssonek

Ekologistek sozialdemokratekin zuten koalizioa utzi dute, parlamentuak gobernuaren aurrekontuak baztertu eta eskuinarenak onartu eta gero

Magdalena Andersson, atzo, kargua hartu berritan. ERIK SIMANDER / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Suediako Parlamentuak Magdalena Andersson sozialdemokrata aukeratu zuen atzo herrialdeko lehen ministro, eta, beraz, Stefan Lofven alderdikidea ordezkatu behar zuen, zeinak dimisioa eman baitzuen joan den ekainaren amaieran. Hala, Suediako lehen ministroa estreinakoz izan da emakumea. Baina ordu gutxiren ondoren dimisioa eman du.

Anderssonek gutxiengoan gobernatu behar zuen, ekologistekin batera. Izendatu berri, nabarmendu du bere asmoa zela zerbitzu publikoetan inbertitzea, eta aurrerapausoak ematen jarraitzea trantsizio energetikorako. Asmo horiek etenda gelditu dira oraingoz, Ingurumenaren Alderdiak koalizio gobernutik irtetea erabaki duelako, lehen ministro berria izendatu duen egun berean, parlamentuak oposizioaren aurrekontuak onartu dituenean.

«Praktika konstituzionalaren arabera, koalizio gobernu batek dimisioa eman behar du alderdi bat irteten denean. Ez dut gidatu nahi zilegitasuna zalantzan jartzen zaion gobernu bat. Horregatik aurkeztu dut nire dimisioa», azaldu du Anderssonek.

Parlamentuko presidenteak gaur argituko du gobernuburua aukeratzeko prozesuak nola jarraituko duen, alderdietako liderrekin bilera sorta bat egin ostean. Aukeretako bat da sozialdemokraten burua berriro ere hautatua izatea, izendapenerako bildu duen babesari eusten dio eta. Hala baieztatu du alderdi ekologistak.

Andersson zen kargurako hautagai bakarra, eta 117 parlamentarik bozkatu zuten haren alde, 174k kontra, eta 57 abstenitu egin ziren. Ozta-ozta inbestitu ahal izan zuten, haren izendapena baztertzeko boto bakarra falta izan du-eta oposizioak.

Izendatua izan eta ordu gutxira eduki zuen Anderssonek lehen erronka. Aurrekontuei buruzko bozketa egin zuten parlamentuan, eta, iragarri bezala Zentroko Alderdiak ezezkoa eman zion gobernuak aurkeztutako proposamenari. Aldiz, eskuinekoindarren kontuak onartu zituen ganberak. Kontserbadoreek, demokristauek eta eskuin muturrak elkarrekin adostu dituzten diru sailekin gobernatu beharko zuen Anderssonek, agintean jarraituz gero.

2018ko hauteskundeak arte, Suediako indar politikoek uko egiten zioten Suediako Demokratak alderdi ultrarekin akordiorik lortzeari, baina jarrera aldatu dute eskuineko alderdiek.

Datorren urteko irailean dira egitekoak parlamenturako hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.