Artearen bueltako hesiak apurtuz

Donostiako sei museorekin elkarlanean,.sormen lanak garatuko dituzte zazpi artistak.Gehienek elkarreragina dute ardatz

Labore egitasmoaren antolatzaileak eta partaideak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Museoen, artisten eta herritarren arteko distantziak apurtzea. Horixe da Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Donostiako Museo Sareak sortutako Labore egitasmoaren abiapuntua. Donostiako sei museok proposamen artistiko bana jasoko dute urtarrilaren 25ean hasita: Euskal Herriko nahiz atzerriko zazpi artistak egonaldia egingo dute Donostian, eta proiektu bat garatuko du bakoitzak museo banatan —Rezola museoan bi artistaren artean egingo dute—. Proposamenak aurkezteko deialdi irekia egin zuten, eta, orotara, 52 proiektu bildu zituzten. Hautaketa prozesua burututa, hauek dira egonaldia egingo duten artistak: Edu Comelles, Nerea de Diego, Ainara Legardon eta Jaime de los Rios, Iñigo Salaberria, Eduardo Hurtado eta Zuhar Iruretagoiena. Hilabete eta bi hilabete arteko epea izango dute guztiek artelana sortzeko.

Museoak dira proiektuan parte hartzen duten espazio guztiak, baina nortasun berezia du seietariko bakoitzak. Izan ere, Aquariuma, Rezola museoa, Elizbarrutiko museoa, Untzi museoa, Real 100 museoa eta San Telmo museoa dira Labore bultzatzen dutenak. Artistak ere askotarikoak dira, eta emaitza ere ildo beretik joango da: museoak, haren inguruneak eta artistaren sormenak baldintzatuko dute proiektu bakoitza.

Kasu guztietan, bi dira Laborek lortu nahi dituen helburuak. Batetik, normalizatu egin nahi du sortzaile eta artisten presentzia Donostiako museoetan, eta haien sormen prozesuak gune horietan garatzeko aukera eskaini nahi die. Eta, bestetik, areagotu egin nahi du museoen bitartekaritza ingurune sozialetan. Horregatik, herritarrekin elkarreragina sustatzea dute ardatz obra gehienek.

Zazpi artista, sei artelan

Zuhar Iruretagoiena zarauztarraren arabera, egitasmoak«aukera paregabea» ematen du beste ikuspuntu batetik lan egiteko: «Estudioko konfort leku horretatik irteteko, eta museoarekin eta hiriarekin zerikusia duen proiektu bat gauzatzeko modu bat da, eta museoarekin orain arte egon den erlazio hori era aktiboagoan ikusteko ere bai». San Telmo museoan garatuko du sortzaileak bere artelana. Absentia, triangelu gorria, lerro urdina izeneko laborategi esperimental eta analitikoa sortuko du, museoaren bildumari ikuspegi garaikide bat emanez.

Edu Comelles bartzelonarrak, berriz, Waves lana onduko du Aquariumean. Kostako soinuak oinarri harturik sortuko du instalazioa, eta, bisitarien ekarpenen arabera, aldatuz joango da pieza.

Itsasoari begira jarri da Iñigo Salaberria donostiarra ere: Kaia film dokumentala onduko du Untzi museoaren babesean. 1957an Carlos de los Llanosek zuzendutako Gente de mar filmaren irudi batzuk eta berak grabatutako beste batzuk tartekatuko ditu. Lan horren bidez bi egoera alderatuko ditu: 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Donostiako kaian zegoen jarduera bizia eta egungo arrantza urria.

Beste ikus-entzunezko lan bat da Aipatu ezin dena. Futbola ardatz hartuta, Real 100 museoarekin elkarlanean garatuko du Valladolideko (Espainia) Eduardo Hurtado artistak. Hainbat gairen inguruan hausnartuko du: besteak beste, Realaren nortasunaz, barne harremanez, hirian duen eraginaz eta kirol jardueraren azpian dagoen izaera teatralaz. Horretarako, entrenatzaileak eta jokalariak elkarrizketatuko ditu.

Ainara Legardon bilbotarrak eta Jaime de los Rios donostiarrak, berriz, Rezola museoan Caementun lana garatuko dute. Instalazio elkarreragile baten bidez, gaitasun instrumentala emango diote hormigoiari; batek, ikuspuntu analogikotik, eta, besteak, digitaletik. Horretarako, Añorgako langile eta bizilagunekin elkarlanean arituko dira.

Bestalde, Nerea de Diego iruindarrak Bildumaren eszenaratzea lana plazaratuko du Elizbarrutiko museoan. Sortzaileak 200 objektu inguru eta munduko hainbat tokitan jasotako mila irudi baino gehiago dituen bilduma bat du. Elementu horiek erlijioaren adierazle dira, eta, haien bidez, museoarekin elkarrizketak eta kontraesanak sortuko ditu.

Egonaldietan, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek parte hartuko dute, sormen prozesu batzuetan lagunduz. Nahi duenak prozesu guztien jarraipena egin ahal izango du Donostia 2016ren webguneko blog batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.