Hatz marka beraren 10.000 testigantza

Herritarrek D2016ren inguruan emandako iritziekin osatutako obra jarri du ikusgai Irantzu Lekue artistak Saguesen, Donostian

Hatz marka handi bat irudikatu zuen Irantzu Lekue artistak. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Kulturaren botila bete ala hustu egin du Donostia 2016k? Zer-nolako eragina izan du urteak donostiarrengan, eta, oro har, gipuzkoarrengan? Modu horretako galderei tiraka milaka herritarren hausnarketak biltzea lortu du Irantzu Lekue artistak (Gasteiz, 1987), Joan-Etorrian proiektuaren bidez. Hain zuzen ere, botilen barruan jaso ditu hausnarketa horiek, ondoren 10.000 botilaz osatutako instalazio artistiko bat osatzeko. Aurreko asteetan Gipuzkoako zenbait herritako herritarren iritziak jasotzen ibili eta gero, atzo goizean, 11:30ean, obra ikusgai jarri eta aurkezpena egiteko asmoa zuen, baina, 06:00etarako muntaketa lanak hasita bazituzten ere, botila gutxi batzuk falta ziren jartzeko aurkezpen ordurako. Iluntzea izango ei zen unerik onena obra prezatzeko. Hala adierazi zuen Lekuek, botiletako bakoitzak argi egingo baitzuen.

Osatuta ala ez, obrak gerora izango zuen itxura hartua zuenartistak hitza hartu zuenerako, eta hark irakurritako testuak lagundu zuen lanaren esanahia ulertzen. Hatz marka baten itxura eman nahi izan zion, baina baita espiral batena ere. Espirala, alde batetik, «labirinto natural moduan», eta, aldi berean, «bidean egin diren hanka sartzeen erakusle eta sinbolo». Bizitza bera ere irudikatzen du labirintoak, Lekueren ustez: «Bide desberdinak jorratu, hutsegiteetatik ikasi, berriz saiatu...». Emaitza nolakoa izango den jakin gabe aurrera egiteko indarra eman ohi du labirintotik ateratzeko gogoak, baina baita horren zentroa topatzekoa ere, behin zentroa topatuta egindako bide berbera alderantziz eginda aurkitzen baita, okerrik ezean, irteera ere. «Esku artean dugun kasuan, zentrora iritsi ote gara?». Airera bota zuen galdera artistak, botilaren baten barruan erantzuna aurkitzeko esperantzaz, agian.

Bidea aurkitzeko aztarnarik edo laguntza markarik gabe kosta egiten da nora jo jakitea. Labirinto da eta, aldi berean, aztarna uzten du hatz markak, eta horixe izan da artistak instalazioari eman dion itxura. Urteak herritarrengan utzitako aztarna irudikatu nahi izan du hala, «baina ez ezinbestean kultur hiriburutzak», azaldu zuen artistak. Arrastoa utzi dutenak herritarrak eurak ere izan dira, ordea: «Aztarna gure presentziarekin uzten dugun marka da. Izateko moduarekin uzten duguna. Egiteko moduekin uzten duguna. Denboran luzatzen den prozesua da: bidea ibiltzeko dugun borondatea».

Botila adina iritzi

Urrunetik antzematea ez zen erraza, baina botila eta botila artean baziren hutsik zeudenak ere; baita, tartean, orri huts bat besterik ez zutenak ere. Ez zen, ordea, hasiera batean erronka moduan jarritako 10.000 botiletara iristeko egindako amarrua, euren iritzia adierazi nahi izan ez zutenek nahiz zer esatekorik ez zutenek proiektuan parte hartu zuten erakusgarri. Izan ere, askotariko iritziak eta hausnarketak jaso ditu Lekuek hainbesteren artean. Lagina zabala izanda ere, balorazio orokor bat egitea zaila egin zitzaion: «Denetarik egon da; badira proiektuak emandakoarekin oso haserre daudenak, baina baita oso kontent daudenak ere». Hala ere, galdetutakoen artean, herrietan bizi direnek hiriburutza urrunagoko perspektiba batetik bizi izan dutela aitortu zuen.

Behin instalazio artistikoa eginda, Joan-Etorrian proiektua azken fasean sartu da. Jasotako hausnarketa horiek guztiak bateratu eta idatzi bat egitea da asmoa, ondoren botila itsasora botatzeko. GPS batekin jarraituko diote horrek egingo duen ibilbideari. Urtarrilean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.