55 film lehiatuko dira NIFF Nafarroako zinema jaialdiaren 4. aldian

Datorren astean izango da festibala, abuztuaren 17tik 20ra. Antzerki Eskolan, Kondestablearen jauregian eta katedralean emango dituzte filmak

Carmen Alba, Joaquin Calderon eta Paz Fernandez, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Zineman gai sozialak sustatzea eta planeta babestea izango ditu ardatz NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiak aurtengo edizioan. Iruñean egingo dute, abuztuaren 17tik 20ra.«Laugarren edizio hau jasangarria, digitala eta feminista izango da», aldarrikatu zuen atzo, aurkezpenean, Joaquin Calderon NIFFeko zuzendariak. Laugarren aldi honetan, 55 film lehiatuko dira festibalean: 45 film labur, bederatzi luze eta film ertain bat.

Iruñeko Alde Zaharra izango da jaialdiaren agertokia. Emanaldien erdiak baino zertxobait gehiago (29) Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, eta gainerakoak Iruñeko Kondestablearen jauregiaren eta katedralaren artean banatuko dira. Hain zuzen ere, Andre Maria Erreginaren katedrala «oso agertoki berezia» izango da, antolatzaileen arabera.

Juan San Martin zuzendari nafarraren Ainarak filmak emango dio hasiera jaialdiari. Mauleko espartin lantokietan lan egitera joateko Pirinioak zeharkatu behar izaten zituzten Zaraitzuko eta Erronkariko emakumeen istorioa kontatzen du. Aldi berean, Isa Saez argazkilariaren Chicas prepago film laburra emango dute, zeinak prostituzioan aritzen diren emakumeak dituen protagonista.

Berdintasuna pantailan

Hain zuzen ere, emakumeen pelikulak sustatu nahi ditu jaialdiak. Horregatik, iaz, CIMA Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezkoen Elkartearekin akordio bat sinatu zuen NIFFek, berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzeko, kameraren atzean emakume gehiago aritu daitezen. Beraz, aurten ere, berdintasunaren balioak erakusten dituen zinemagileari CIMA saria emango diote.

«Zinemaldi gaztea da, kalitate handikoa, eta, batez ere, aldaketa sozialak bultzatu nahi dituena», esan du Calderonek. Zinema eta kontzientziazioa eskutik joango dira abuztuan Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.