Gentzane Aldai. Pilotaria eta aurkezlea

«Kirol denetan bezala, pilotan ikusgarritasuna eta abiadura behar da»

Programa berezia izango da 'Plazandreak': pilota txapelketa izango da, baina partidetan ikusi ohi ez diren irudiak ere emango dituzte. Aldairen ustez, ezinbestekoa izango da emakumezkoen pilota sustatzeko.

BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Emakume Master Cupeko Binakako txapelketan pilota mistoko modalitatean txapeldunorde izan berri da Gentzane Aldai (Orozko, Bizkaia, 1994), baina uda honetan bestelako rol bat hartuko du: ETB1en gaur estreinatuko den Plazandreak programaren aurkezleetako bat izango da Iñigo Aiestaran eta Elena Azpeitiarekin batera. Lau taldetan banatuta hamabi pilotarik parte hartuko dute pilota txapelketa horretan, eta astean behin bi taldek elkarren aurka hiru partida jokatuko beharko dituzte. Gaur 22:30ean eskainiko dute lehen saioa, baina aurrerantzean ostegunetan emitituko da.

Emakumezkoen pilota sustatzeko pauso berri bat da saioa?

Bai, duda barik. Aspalditik Laboral Kutxak eta ETB1ek sekulako apustua egin dute Emakume Master Cup babestuz, eta orainbeste txapelketa bat izango da programa formatuan. Erreferente femeninoak sortzeko bidean aukera polita da; azkenean, kirol denak produktu baitira, eta saltzen ez dena ezin da erosi.

Programaren aurkezpenean esan zen modu berritzailean ekoiztuko dela. Nolakoa izango da Plazandreak?

Ez da ikusiko partida bakarrik, baita pilotariek takoak zelan jartzen dituzten ere. Txapelketa berezia izango da, talde bakoitza hiru pertsonarekin osatua baitago, eta jardunaldi bakoitzean hamabi tantoko hiru partida jokatu beharko dituzte: banaka, lau eta erdian; binaka; eta hirugarrena berriz lau eta erdian. Pilotarietako batek bi partida jokatu beharko ditu. Jardunaldi bakoitzean hiru puntu egongo dira jokoan, eta talde bakoitzak bere entrenatzailearekin landu beharko du estrategia, eta hori ere ikusi ahalko da. Normalean ez da halakorik ikusten.

Unean bertan erabakiko dute nork jokatuko duen azken partida?

Bai, hori da.

Sasoi onean iritsi beharko dira horretarako...

Bai, argi dago. Hamabi tantora dira partidak, baina pilota mistoa da, eta asko eskatzen du. Ez bakarrik eskuen aldetik bakarrik; hanka gogorrak izan behar dira, eta orduan fisikoki ondo eutsi behar zaio.

Pilota mistoarekin jokatzeak ere ikusgarritasun handiagoa emango dio jokoari...

Bai, argi dago. 2016an Emakume Master Cupa hasi zenean, ezinezkoa zen material horrekin hastea, denok berde baikeunden. Baina orain, profesionalizazio bide horretan, argi dago emakumezkoek ere pauso hori eman behar dutela, eta ari dira ematen. Kirol guztietan bezala, pilotan abiadura eta ikusgarritasuna beharrezkoa da.

Kantxatik atera eta aurkezle lanetan arituko zara. Nola hartu duzu pauso hori?

Urduritasun puntu bategaz, baina Iñigo eta Elenarekin gustura sentitzen naiz. Kantxa kanpotik gauzak askoz errazago ikusten dira, baina egun bakoitzeko sentsazioak ezberdinak izaten dira barruan. Ni saiatuko naiz pilotariek sentitzen duten hori berben bitartez islatzen.

Inbidia sentituko duzu?

Bai, argi dago. Azkenean, udan sorosle gisa egingo dut lan, eta ordu eskasak dauzkat entrenatzeko. Saiatzen naiz eskuak mantentzen, eta fisikoki entrenatzen naiz, baina frontoian ordu asko sartu behar dira onenean egoteko. Ezin ditudanez sartu, nahiago nuen aukera hau aprobetxatu eta lekua beste norbaiti utzi. Baina inbidia puntua bai sentituko dut; ezin jokatzeak pena ematen dit.

Aurtengo udan jokatuko duzu?

Eduki ditugu hainbat partida eta txapelketa adostuta, baina gehienak bertan behera geratu dira. Gutxi jokatuko dut pilotan; beraz, irailean itzultzeko entrenatuko naiz.

Koronabirusak baldintzatu du programa?

Oraingoz partidak ikusle barik planteatu dira, baina ez dakit finalerako zer dagoen aurreikusita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.