Kritikak lore bihurtu zaizkio

Arrakastaren gozoa eta mingotsa ezagutu zituen Kate Bush pop abeslariak, eta horregatik utzi zion kontzertuak emateari. 35 urte geroago itzuli da oholtzara, indartsu.

Kate Bush, joan den abuztuaren 26an Londresen eman zuen kontzertuan.
Araitz Muguruza.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ezin konparatuzkoa» eta «txundigarria». Horiek Kate Bush abeslariaren (Bexleyheath Erresuma Batua, 1958) itzulerako kontzertua deskribatzeko Erresuma Batuko kritikan gehien errepikatu diren hitzak. 35 urteko isiltasunaren ondoren, 22 kontzertu lotu zituen Londresko Hammersmith Odeon aretoan. Joan den abuztuaren 26an eman zuen lehenengo emanaldia, eta urriaren 1ean egingo du azkenengoa. Ikusmin handia sortu du —sarrerak salgai jarri eta hamabost minutura amaitu ziren—, baina horri ematen ari zaion erantzuna ere ikusgarria ari da izaten.

«Zalantzarik gabe, haren ahotsa izugarri ona da oraindik, eta haren musika, oraindik ere, arraroa, ausarta eta, noizean behin, liluragarria da», idatzi zuen Daily Mail kazetak aurreneko kontzertuaren biharamunean. Betidanik izan duen joera berritzailea du Bushek egun ere; oraindik eremistikoak eta esoterikoak dira haren hitzak.

Bushek 1979an egin zuen aurreneko eta azkenengo bira, The Kick Inside eta Lionheart diskoak kaleratu ondoren. EMI ekoiztetxearekin izandako liskarren ondorioz, ibilbide profesionala kudeatuko zion enpresa bat sortu zuen, senide eta lagunekin osatutakoa. Musika industriaren erritmotik irten zen horrela, eta sormenetik gertuago zuenera hurbildu. Erritmo horri jarraikiz kaleratu ditu gainerako zortzi diskoak: Never for Ever (1980), The Dreaming (1982), Hounds of Love (1985), The Sensual World (1989), The Red Shoes (1993) eta Aerial (2005), hain zuzen. 2011n, berriz, bi lan kaleratu zituen: Director's Cut eta 50 Words for Snow. Urte berean The Quietus agerkarian egin zioten elkarrizketan errekor saio batekin alderatu zituen urte berean egin zituen bi diskoak: «Uste baino errazago egin ditut bi lanak. Director's Cut-en grabaketa, egia esan, intentsitate handikoa izan zen, baina hura amaitu bezain pronto ekin nion 50 Words for Snow egiteari». Aspaldiko gogo handienarekin ekin zien grabaketei, denbora askoren ondoren berriz ere «hutsetik» lanean ari zela iruditzen baitzitzaion: «Hutsetik ari nintzen sortzen musika, hutsetik abestiak egiten, horrek ematen duen askatasun guztiarekin».

Diskoko abestiak elurrari eskaini zizkion; haren inguruan egindako gogoetak, elurtutako mendiak eta Sierra Nevada mendikateko Tahoe lakuko (AEB) kondairak ditu hizpide. Badu beste berezitasun bat disko horrek: ordubete eta bost minutu irauten du, eta sei abesti baino ez ditu biltzen. Abesti luzeak egiteko joera, hala ere, aspalditik datorkio Bushi, eta disko gehienetan sartu du abesti luze bat edo beste.

Literaturan eta zineman irakurri eta ikusitakoak ere inspirazio iturri ditu Bushek. Stanley Kubrick zuzendariaren The Shining filmean (1980) oinarritutako abesti bat egin zuen, esaterako. Areago, disko oso bat ere eskaini zion Michael Powell eta Emeric Pressburger zinemagileek 1948an egin zuten The Red Shoes filmari (1948). Filmaren izen bera hartu zuen Bushen diskoak ere, eta 1993an publikatu zuen. Bruce Chatwin idazlea ere sorkuntzarako akuilu izan du.

David Gilmourrek, Pink Floyd taldeko abeslariak, begiz jo zuen Bush, artean 16 urte baino ez zituenean. Abesteko zuen talentua ikusirik, ikastaroak ordaindu zizkion bi urtez, beharrezko prestakuntza jasotzen zuenean hasteko abesten: dantza, mimika eta kantua ikasi zituen. Lehenengo lana kaleratu zuenean punk rocka zen nagusi, baina Bushek pop aberatsa eta iradokitzailea egiten zuen, eta kantura eramaten zituen gaiak ez zirelako komertzialak lortu zuen arrakasta. Haren zaleak, gainera, fidelak izan dira beti.

Eragin handia eduki du

Guztia ez zen laudorio izan, eta kritika txarrak ere jaso zituen; 80ko hamarkadan, batez ere. The Dreaming disko esperimentalagatik jaso zituen aurkako iritzi gehienak, kritikariei «gehiegizkoa» eta «eszentrikoegia» iruditzen zitzaielako. Hura izan zen oholtzetatik aldentzeko arrazoietako bat. Denborak, baina, arrazoi eman dio, eta, gaur egun, gehien eragiten duten artisten artean dago. New Musical Express atariak berriki atera duen zerrendan zortzigarren postua du Bushek. Haren atzean daude, besteak beste, The Clash, The Smiths eta The Velvet Underground taldeak. Zenbait musikari ezagunengan ere eragin du: Bjork, Alison Goldfrapp eta Florencengan, esaterako. Atzera oholtzara itzulita, kritika txarrak lore bihurtu zaizkio orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.