Albistea entzun

Ramon Zallo. EHUko irakasle emeritua

«Beharrezkoa da kontseilu bat sortzea»

EH Bilduk proposatu duen ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua sortzearen alde azaldu da Zallo. Esan du Europako Kontseiluak aspaldi gomendatu zuela halakoak sortzea.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko maiatzak 27

Ramon Zallok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) Ekonomia eta Zuzenbidea ikasi zituen arren, urte gehienak komunikazioaren alorrean eman ditu.

EH Bilduk ikus-entzunezko hedabideen euskal kontseilua legez sortzea proposatu du Eusko Legebiltzarrean. Zer abantaila ekarriko lituzke?

Euskal komunikazio esparruari oso ondo etorriko litzaioke. Bai pluralismoari, gardentasunari, kalitateari, zorroztasunari, giza eskubideekiko aniztasunari eta haurren babesari dagokienez, eta bai publizitatea eta ikus-entzunezkoak arautzeari begira. Ikus-entzunezko industriari laguntzeko ere bai. Modu horretan, euskal komunikazio esparruak erantzun ahalko lioke zerbitzu publikoa eta informazio egokia emateko betebeharrari. Sistemak irizpideen arabera jokatuko luke. Halako kontseiluek erabiltzaileak babesten dituzte ikus-entzunezko hedabideetan egon daitezkeen gorabeheretan. Gobernuak ez dira ausartzen ikus-entzunezko hedabideen aurka neurriak hartzera, eta kontseiluek ahalmena dute isunak jartzeko; legea aplikatzea ahalbidetzen dute.

Ez al dago arriskurik alderdi politikoek kontseiluetan haien inguruko jendea sartzeko eta kontrolatzeko saiakerak egiteko?

Europan, goi mailako kualifikazioa duten adituak aritzen dira kontseiluetan, eta independenteak izaten dira. Parlamentuen bi hereneko gehiengoz hautatzen dituzte, eta hainbat ideologiatakoak izan ohi dira. Kontsentsua egon behar du kontseiluko kideak ez daitezen izan joera berekoak. Beste alde batetik, kontseiluak justifikatu egin behar du egiten duen guztia. Eta kontseiluak txukun lan egiten badu, legitimitate handiagoa izango du. Hori garrantzitsua da presiorik gabe lan egin dezan.

Nafarroan kontseilu bat egon zen hamar urtez.

Bai, funtzionalitate nahikoa izan zuen. Hedabideen jokabidearen eta alfabetatze mediatikoaren inguruan eman zituen ebazpen batzuk. Arazoa zen erkidego horrek ez zuela telebista autonomikorik. UPNren gobernuak kendu egin zuen, murrizketen testuinguruan.

Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseiluak zer garrantzi du herrialde horretako komunikazio esparruan?

Garrantzi handia izan du, eta gaur egun ere badu. 2000. urtean sortu zuten, eta ahalmen arautzailea eman zioten. Katalunian ematen den guztia grabatu eta datu base batean sartzen dute. Lan handia egiten dute azaltzeko gizarte demokratiko batean nolakoa izan behar duen ikus-entzunezko sistemak. Krisialdi bat izan zuen alderdi politikoen kuotak sartu zirenean, baina buelta eman zioten horri. Gai askori buruzko azterketak egiten ditu kontseiluak. Andaluziakoa (Espainia) ere nahiko indartsua da.

Eta Frantziakoa?

Frantziakoak ondo funtzionatu izan du historikoki. Gainera, ahalmena du irrati eta telebista lizentziak emateko. Gobernua ez da ezertan sartzen. Erresuma Batuan eta Alemanian bezala, Frantziako Ikus-entzunezko Kontseiluak erabateko konpetentziak ditu. Espainian, aldiz, gobernu zentralaren edo autonomia erkidegoetako gobernuen esku geratzen dira eskumenok. 2000. urtean, Europako Kontseiluak gomendatu zuen herrialde guztietan ikus-entzunezko kontseilu independenteak egotea.

EH Bilduk esan du «anomalia » dela ikus-entzunezko kontseilurik ez egotea. Ados zaude?

Europan anomalia da, bai. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontseilu bat sortzeko aukera egon zen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zenean, baina ez zen aurrera egin.

Espainiako Kongresuan tramitatzen ari diren lege berrian aukerarik egon daiteke euskararentzat kuotak ezartzeko ?

Gai hori planteatzen duen bakarra Kataluniako Ikus-entzunezko Kontseilua da. Euskal kontseilu bat balego, indar gehiago egiteko aukera egongo litzateke. Ez naiz oso baikorra lege horri dagokionez. Iruditzen zait beharrezkoa litzatekeela euskal ikus-entzunezko kontseilua sortzea, baita euskal lege bat onartzea ere halako betebeharrak ezartzeko. Gainontzekoan, streaming plataformak ez dira interpelatuak sentitzen.

Euskal Herriko hiru esparru administratiboen elkarlanari dagokionez, zerbait egin daiteke telebistaren eremuan?

Bada zerbait horren mesedetan jokatzen duena: Mugarik gabeko telebistaren direktiban, onartzen da komunitate nazional baten telebistak mugak gainditzea. Baina administrazioak ados jarri beharko lirateke esparru bakoitzeko telebistak edonon ikus daitezen eta egitasmo kolektiboak aurrera eramateko ere bai. Borondate politikoaren baitan dago hori.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia ©Aritz Loiola / Foku

EITBren 'streaming' plataformari 'Primeran' izena jarriko diote

Urtzi Urkizu

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak taldearen asmoen eta lehentasunen berri eman du gaur, Bilbon, Seriesland websailen jaialdian. «Kontsumo eta euskarri digital berrien aurrean, euskarazko edukiak bermatu behar ditugu», esan du

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kritika egingo dugu, tokikotik globalera»

Urtzi Urkizu

Bilboko Seriesland jaialdian 'Zikings' animaziozko websailaren lehen atala proiektatu dute. Abenduan sarean izango dira ikusgai aurreneko bost atalak. Proiektua «monetizatu» egin nahiko lukete.
 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Musikan dena dut egiteko»

Gorka Erostarbe Leunda

Pandemiak apenas utzi dion 'Rueda' azken lana behar bezala aurkezten; Bilboko Euskeria abesbatzaz lagunduta kontzertua emango du etzi, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.