Hauteskundeei begira. Udalak. Miren Azkarate. Donostiako zinegotzia

«Ez naiz politikari profesional sentitu»

Donostiako zinegotzi zortzi urte beteko ditu Azkaratek, EAJtik, baina maiatzeko bozen ondotik ez du jarraituko. Aurretik, beste zortzi urtean, Eusko Jaurlaritzan egon zen, Ibarretxeren garaian. Iaz EHUra itzuli zen.

enekoitz esnaola
Donostia
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Eskuzabala...» izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria: lau bat orduko epea eman zion Miren Azkarateri (Donostia, 1955) Eusko Jaurlaritzan sartu nahi zuen ala ez erabakitzeko. Eskozian harrapatu zuen Azkarate, familiarekin oporretan. «Ibarretxe bezperatik zebilen ni lokalizatu nahian, baina telefonoa itzalia neukan. [EAJren] EBBri azaldu behar zion zer gobernu osatuko zuen, eta nik, beraz, azkar erantzun behar. Senarrak esaten zidan ezin nuela ezezkorik eman». Baiezkoa. 2001a zen. EAJ-EAk irabazi zituen Eusko Legebiltzarrerako bozak: 604.222 boto, 33 aulki. Orduan hasi zen haren ibilbide politiko-instituzionala. Bi urteko etenaren eta azken zortzi urteetan Donostian zinegotzi izan ostean, orain bukatuko da, maiatzaren 26an EAJren udal zerrendan joango den arren ez baita berriz ere hautetsi ateratzeko moduan izango. «Kargu instituzionaletan hamasei urte egin ditut, 63 urte dauzkat eta gehiegitxo da beste lau urteko konpromisoa hartzea». Iazko urtarrilean udal gobernuaren eledun eta Kultura batzordeburu izateari utzi zionetik, berriro «benetako bokazioan» dabil lanean: EHUn klaseak ematen —Euskara Juridikoa arlokoak—, Donostian.

Haren esanetan, «oso garai gogorrean» sartu zen politika munduan. «ETAren hilketak zeuden, Nicolas Redondo Terreros [PSE-EE] eta Jaime Mayor Oreja [PP] eraso betean… Inondik inora espero ez nuenean hasi nintzen». Kultura sailburu izendatu zuen Ibarretxek. «Baina Kulturaren kudeaketa nire gain hartzeagatik baino gehiago eman nuen baiezkoa proiektu jakin bat defenditzearren». 2004an, Jaurlaritzako eledun ere bai, «karanbolaz»: Josu Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramailea EBBko presidente hautatu zuten, eta gobernua utzi zuen. «Barruan egonik, ez nuen irtenbiderik». Kultura sailburu zela, ez omen zen urduri jartzen; eledun lanetan, bai. Zeregin horretara iritsi eta segituan izan ziren martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak. «Hala ere, Ibarretxek hartu zuen hitza Jaurlaritzaren izenean. Beti eman izan zuen aurpegia».

Astearteroko prentsaurrekoak ere gogoan dauzka, Jaurlaritzaren bilera ostekoak. «Joseba Garcia Bengoetxea Lehendakaritzako Komunikazioko buruak beti esaten zidan kontua ez zela kazetariek zer galdetzen zidaten, baizik eta nik zer kontatu nahi nuen. Hori buruan iltzatzen saiatu, eta moldatzen nintzen». Astearteko hitzordua bukatzean «arnasa» hartzen zuen Azkaratek. Ez denbora askorako, ez astebeterako, «bozeramaileak edozein unetan atera behar zuelako hedabideen aurrera». Elkarrizketak ez zituen asko ematen; nahiago horrela.

Pribatutasuna galduta

Fokuen aurrean horrenbeste egotearen ondorioz, «pribatutasuna erabat galtzen» zuela azaldu du. «Edozein lekutan ezagutzen ninduen jendeak, baita Espainian ere, hara familiarekin oporretan joandakoan, eta hori neuri oso deigarria egiten zitzaidan».

«Exijentzia eta presio handiko» garaiak izan ziren Azkarate Jaurlaritzan egondakoak: Lizarra-Garazi ostea, ETAren jarduera armatua berriro, ezker abertzalearen legez kanporatzea, atxiloketa masiboak, EAEko estatutu berria eta Kontsulta Legea...«Harro» azaldu da Jaurlaritzaren egitasmo garrantzitsuetan «zuzenean» parte hartzeagatik, baita Ibarretxerekin lan egiteagatik ere. «Bikaina da hura, sekulako indarra eta kemena du, eta indar hori transmititzen du». Pena dauka 2004ko estatutua ez zelako atera aurrera. «Bidea itxi zigun Madrilek. Baina Joseba Egibarrek esan zuen egunen batean etorriko dela beste testu artikulatu bat, 2004koaren antzekoa». Uste du oraingo kasuan ere «katramila guztia» erabakitzeko eskubidearen eta aldebikotasunaren inguruan sortzen ari dela; Espainiaren jarrera deitoratu du.

Donostian hautetsi

2009an utzi zuen Jaurlaritza, PPren sostenguarekin hara PSE-EE iristean. Bestela, jarraituko zukeen, Ibarretxek eskatu izan balio. EHUra bueltatu zen, baina 2011n berriz ere, kargu instituzional batera: Donostian zinegotzi, EAJtik. Eneko Goia zerrendaburuak proposatu zion. «Enekori esan nion EAJk alkatetza hartu ezean EHUn segituko nuela. Orduan, ez genuen espero irabaztea». Aldiz, 2015eko hauteskundeen aurretik «beste giro bat» sumatu zuten, kalean entzuten edo sentitzen zutenagatik. «Eta irabazi egin genuen». Meritua eman dio Goiari: «Sinesgarritasun handia irabazi zuen Bilduren agintaldian oposizioan egindako lanagatik». Iritzi dio «kudeaketa zer den» orduan «deskubritu» zuela Bilduk; «gauza bat da nahi izatea eta beste bat errealitatea. Espero ez dituzun zailtasunak izaten dira, eta, batzuetan, legealdi bat motz geratzen da».

Bi urte eta erdian aritu zen Azkarate udalean eledun; Jaurlaritzan baino «lasaiago». PSErekin osatzen du EAJk udal gobernua, eta, «oso une jakinetan ikuspegi desberdinak» agertu dituzten arren, Azkaratek aitortu du bera ez dela «deseroso» sentitu; uste du, «egonkortasunera» begira, alderdi sozialistarekin zeukatela ituna egiteko aukera bakarra. «EH Bildurekin zenbaki aldetik posible zen gehiengoa osatzea, baina akordioa ezinezkoa zen».

Kulturako batzordeburu gisa egokitu zitzaizkion Tabakaleraren inaugurazioa eta Donostia 2016. Azkeneko egitasmoak «lan karga handia» eragin zion eta «oso nekatuta» ibili zen. «Txukun atera zen urtea». Arrastorik utzita? Baiezkoan da. «Hainbat proiektu egin zen, eta batzuek segitzen dute: Olatu Talkak, adibidez. Helburuak betetzeko moduak dira ekinbideak, eta helburuen artean jarri genituen bakea eta bizikidetza, memoria, parte hartzea, hizkuntza gutxituak, nazioarteko harremanak, erakundeen arteko lankidetza…».

Aurki utziko dio ibilbide politikoari. «Baina ez dut sekula neure burua politikari profesional gisa sentitu». «Indarra» duen artean jarraituko du EHUn klaseak ematen, artikuluak idazten eta, euskaltzaina denez (1992), Euskaltzaindian. «Azken boladan Euskaltzaindiari nahikoa denbora ari naiz eskaintzen. Uztailean Gramatikako jardunaldi bat dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.