Albistea entzun

Organo komun iraunkorra. 25. urteurrena. Iñaki Cabases. EAko kontseilaria 1995-1996ko gobernuan

«Arerioen erreakzioak balio du proiektu haren onura neurtzeko»

Javier Otano orduko presidenteak Suitzan kontu bat zuela argitaratzeak erorarazi egin zuen gobernua. Iñaki Cabasesen ustez, «traizioa» izan zen, baina larriagotzat jo du gero alderdi sozialistak hartu zuen bidea.
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko ekainak 9

Aurreko bost legealdietan Iruñeko zinegotzi izan ostean, Iñaki Cabases Geroa Baiko ordezkariak (Iruñea, 1952) politika utzi du. Itzulinguru asko eman ditu bere ibilbide politikoan, baina urte gehienak Eusko Alkartasunean eman zituen. Hain zuzen ere, Javier Otanoren hiruko gobernu hartan, EAko ordezkaria izan zen, eta Industria kontseilari gisa jardun zuen. Ez du gustuko atzera begiratzea, baina ondo iltzatuta du gobernu hura nola erori zen, baita Otanoren «traizioa» ere.

Lehen koalizio gobernua izan zen hura. Zergatik egin zuen EAk apustu hura?

Eskuina erdibitu berri zen: CDN alde batetik, UPN bestetik. Gu bezala, CDN ere koalizio gobernua osatzearen aldekoa zen, UPNrekin hautsi berritan protagonismoa bilatzen zuelako eta Nafarroaren ikuspegi liberalagoa zuelako. Egoerak premiatu egiten zuen PSN ere. Ez dut gogoan Gabriel Urralburu eta Antonio Aragon espetxean ziren ordurako, baina ustelkeria salaketa larriei aurre egin behar zien, eta PSNk aurpegia garbitzeko aukera zuen. Politikan inoiz ezagutu dudan desleialtasunik handiena jazo zen.

Zergatik?

Gure galderei erantzunez, Javier Otanok irmo ukatu zigun inongo zerikusirik zuenik Urralbururi eta Antonio Aragoni atzemandako Suitzako kontuekin.

Zenbateraino fidatzen zineten PSNrekin?

Ez genuen konfiantzarik, baina uste genuen egoera egokia zela UPNren eta PSNren arteko akordioak hausteko. Aurrean, UPN eta HB izan genituen. HBk dena edo ezer ez nahi izaten zuen, eta gehienetan ezer gabe geratzen zen. Gobernua osatzeko negoziazio hartan, gure ekarpen nagusia izan zen Nafarroan sortutako egoera politikoa irauli nahi izatea.

CDN eta PSNren aldean, pisu politiko txikia zuen EAk. Zer bilatu zenuten gobernu hartan?

Batetik, ildo politiko aurrerakoi bat bultzatu nahi genuen. Bestetik, EAEri bizkarra erakutsi eta kontrara jokatu ordez, guztiz kontrakoa bilatzen genuen. Horregatik, proposamen nagusietako bat izan zen organo komun iraunkor ospetsu hori bultzatzea. Ez genuen bilatzen erakunde bat sortzea, baizik eta dinamika instituzional bat eratu nahi genuen. Nolabait, politikak elkarrekin negoziatu eta hitzartu, komunikabideetako edo hezkuntza proiektu komunak garatu... Aukera asko zeuden, euskara arloan, ekonomian, turismoan, gauza asko elkarrekin egiteko aukera zegoen. Ordura arte ez ziren gorpuztu.

Oldarkotasun handia erakutsi zuen UPNk. Zergatik?

Abertzaletasunaren aurrean halako konplexu bat dutelako. Nabarrismo moduko bat antzezten dute benetako izaera espainiarzalea ezkutatzeko. UPNren eta PPren artean ez dago alderik. Ezin da ahaztu garai hartan bien artean ituna zutela.

Nolakoa izan zen CDNren eta PSNren jarrera organo komunaren aurrean?

Aurpegia eman behar izan zuten. Nahiko konbentzituta ikusi nituen. Ez dakit interes handirik zuten, baina bi erkidegoen artean harremanak normalizatzeko modu bat zela ikusten zuten.

Zer aukera eskaintzen zituen?

Aukera handiak ematen zituen. Inola ere ezin zen erakunde ofizial bat eratu, ez baitzen hura gobernuen eskumena, baina bide bat irekitzen zen, hori bai. Konstituzioak berak jasotzen du aukera gisa Nafarroa eta EAE erkidego komun batean bateratzeko aukera. Hortaz, bide bat hasten genuen. Noraino hel zitekeen? Ez dakit. Baina, bederen, giro politiko erabat diferentea sor zezakeen.

UPN kontra izatea azkenean gainditu ezin izan zen oztopoa izan al da? Hori al zen ahuldadeetako bat?

Gobernu hura sendotu izan balitz, etorkizun beltza UPNk berak izan zezakeen. Kontuan eduki behar da 1995ean CDNk UPNren botoen erdiak bereganatu zituela.

Hortaz, UPNrentzat alderdia bera zegoen kolokan?

Bai. Jaime Ignacio del Burgok aitortu zidan berak aurreikusita zuela bien arteko ituna haustea, eta Nafarroan PPren siglak bereganatzea. «Hauek bi legealditan irentsi egingo ditut», esan zidan.

Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak organo komuna onartu ondotik etorri zen Suitzako kontuen inguruko informazioa. Halabeharra?

Ez. Gai horregatik atera zuten. Auzitegietan zegoen informazio hura, lozorroan. Epaileei eta fiskalei galdetu beharko litzaieke horri buruz, baina susmo ugari pizten ditu botere juridikoak ildo ideologiko batekin duen erlazioak. Dena den, Alderdi Sozialistak onartu egin zuen egoera hura. Nahi izan balu, ez zuen zertan egoera hura onartu. Bere irizpide ideologikoen arabera jarduten duen alderdi ororen moduan, logikoena zen eskandalu hark eragindako pertsonak ordezkatzea, aurretik Urralbururekin edo Aragonekin egin zuten modu berean.

Traizionatuta sentitu zineten?

Bai, guztiz. Pertsonalki, erabat. Politikoki UPNrekin lankidetza berreskuratzeko hautua egin zuen alderdi sozialistak.

Une erabakigarria zen. CDNk indarra zuen garai hartan.

Bai, UPNk presio egin zion PSOEri CDN gainetik kentzeko. CDNk aurrera egin zezan eragozteko, funtsezkoa zen gobernu hura desagerraraztea. Eta hala izan zen. Ondo atera zitzaien estrategia. Denborarekin, CDN desagertu egin zen, eta eskuinak nolabaiteko batasuna bereganatu zuen. CDN ahuldu ahala, aitaren etxera itzuli zen, baina ordurako mehatxu izateari utzi zion.

Organo komuna ez zen abiatu, baina tarteka haren aipamena egiten da, eta eskuinaren obsesioen artean dago.

Bere arerioek izandako erreakzioak balio du proiektu haren onura neurtzeko.

Zer irakaspen uzten ditu?

Lehen ustelkeria ideologikoa da. Inork bere uste ideologikoen aurka jokatzen duenean, ustelkeria motarik arriskutsuena da. Beste ustelkeria neurgarria da, ukigarria: azkenean, dirua non dagoen jakin daiteke. Bueno, kasu hartan, ez; judizialki ez zuen ondoriorik izan. PSNk barne ikerketa bat abiarazi zuen, baina ez zen inora heldu. Azkenean, ezerezean geratu zen. Gauza bat bakarrik gertatu zen: gobernua erori egin zela eta 20 urtez UPNk agindu zuela, PSNren sostenguarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Hauteskunde panel bat, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Departamenduko eta eskualdeko bozak izanen dira gaur Iparraldean

Ekhi Erremundegi Beloki

Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilu Nagusia eta Akitania Berria eskualdeko kontseilua hautatuko dituzte

Jean-Jacques Lasserre —irudian— presidente berriz hautatu zuten Departamendu Kontseiluko bilkura, Pauen (Okzitania), 2015eko apirilaren 2an. ©BOB EDME

Elkartasun politiken erronka

Iñaki Etxeleku

Departamendu kontseilari berrien hautatzeko bozak dira bihar. Departamendu kontseiluen eskumen nagusia elkartasun politikena da. Gizarte laguntzak indartu beharraz aritu dira bi eragile

Ezkerretik hasita, Aitzol Asla eta Teresa Toda, atzo, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Foro Sozialak egiaztatu du espetxe politikan aldaketa gauzatzen ari direla

Gotzon Hermosilla

Foroak ohartarazi du «aldaketaren aurkako lobby indartsu bat» dagoela. «Bermeak» eskatu dituzte presoak gizarteratzeko ibilbideetarako

Egiari Zor-ek egindako agerraldia, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Ertzaintzak eginiko torturak» aitortzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Jon O. Urain

Egiari Zor-ek nahi du Jaurlaritzak bere gain har dezala «erantzukizun politikoa», eta «autokritika» ez egitea egotzi dio. Polizia abusuen 30 biktima aitortzeko ekitaldi bat egingo du gobernuak gaur zortzi

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna