Albistea entzun

Aingeru Zudaire. Gomazko pilota batek larri zauritua

«Horrelako zauria egin arren, errudun sentiarazi naute»

Stop gomazko balak txostena aurkeztuko dute gaur Iruñean, parlamentuan. Ertzainek eta foruzainek debekatuak dituzte, baina guardia zibilek eta poliziek oraindik erabiltzen dituzte.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko urriak 29 - Iruñea

Hego Euskal Herrian, foruzainek eta ertzainek debekatua dute gomazko pilotak erabiltzea, baita Katalunian mossoek ere. Dena den, 2017ko urriaren 1ean argi geratu zen debeku horrek ez zuela eragin erabatekorik, Espainiako guardia zibilek eta poliziek oraindik ere erabiltzen baitituzte, eta egun hartan ehunka zauritu eragin baitzituzten Katalunian. Aingeru Zudaireri ere (Iruñea, 1983), 2012ko irailaren 26ko greba orokorraren egunean Espainiako polizia batek«hurbil» botatako pilota batek begian jo zion, eta, haren ondorioz, ikusmena nabarmen galdu zuen. Katalunian giza eskubideen arloan aritzen diren lau taldek gomazko piloten inguruko txosten bat landu dute. Gaur aurkeztuko dute, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuan, eta 18:30ean, Plazara zentroan.

Zer asmorekin aurkeztuko duzue txostena?

Egileen artean, medikuak eta abokatuak daude, eta txosten oso ona da. Alde batetik, nahi dugu ni bezalako gehiago ez egotea. Era berean, nire antzera direnen egoera azaleratu nahi dugu. Izen asko falta dira. Jende askok hartu du kolpea, eta, arazorik ez sortzeko, isildu egiten dira. Haien kasua ez da inon azaltzen. Helbide elektroniko bat jarri da martxan —afectados.sbg@gmail.com—, gertatutakoa konta dezaten. Madrilerako bidean, urratsak egin behar dira, gaia ezagutu dadin estatuan. Bidearen hasieran gaude.

Zer urrats egin dituzue?

Azterketa Katalunian egin dute, eta Generalitatearen laguntza izan du. Nirekin elkartu dira, auzia oraindik ere irekita dagoelako. Bilbora joateko asmoa dute Iñigo Cabacasen kasua larria izan zelako, eta Ceutara ere joango dira. 2014an, Tarajalen, hamalau etorkin hil ziren muga zeharkatzen ari zirela guardia zibilek gomazko pilotekin tiro egin zietelako. Uretan, ezin zuten zorua zapaldu, eta kostaldean ito ziren.

Europan zein da egoera?

Askok oraindik erabiltzen badituzte ere, gero eta gehiago ari dira kentzen—Austria, Danimarka, Errumania, Finlandia, Irlanda, Norvegia eta Suedia—. Europako Parlamentuak gomendatu egiten du debekatzea, baina, agindu bat ez denez, jaramonik ez egin eta berdin-berdin jokatzen jarraitu dezakete Espainian.

Espainiako Gobernuak dio «arma ez-hilgarriak» direla. Zer hitz tekniko da egokia?

Europan, «arriskutsuak izateko ahalmena duten armak» dira gomazko pilotak. Hitzek asko esaten dute. Espainian diote ez duela lesiorik eragiten, baina txostenak argi uzten du lesio larriak eragin ditzaketela. Gainera, Europan definizio hori jartzeak esan nahi du protokolo bat dagoela ezarrita eta suzko armentzat erabili beharreko araudia bete behar dela. Espainian ez da hori egiten.

Zergatik dira arriskutsuak?

Gomazko pilotak 144 jouleko energiarekin jaurtitzen dira, eta txostenak argi uzten du energia horrekin hil egin dezaketela, eta lesio larriak eragin. Hori ez gertatzeko, indar hori nabarmen murriztu beharko lukete, baina ez dute egiten. Horregatik dira arriskutsuak.

Aipatutako protokolo horrek zer behar ezartzen ditu?

Ohiko armen prozedura bera erabili beharko litzateke. Hau da, polizia batek tiro egiten badu, idatzi bat egin behar du, eta askotan ez dute idazten. Gainera, gomazko pilotek ez dute identifikazio zenbakirik.

Lanak azken 20 urteetako 40 kasu aztertu ditu, eta epaitegietan bat bera ere ez da zigortu. Zergatik?

Gardentasuna eta informazioa falta direlako. Ez dakigu zer protokolo erabiltzen duten poliziek. Guk, gure epaiketan, eskatu genuen, baina esan zuten ez zutela kaleratzerik. Beraz, oso zaila da epaitzea, ez dagoelako zeri heldu. Informazio faltak eragotzi egiten du zer gertatu den jakitea eta judizialki erantzukizunak eskatzea.

Zure auzia nola dago?

Madrilera heldu da, eta, horregatik, nahiago dut hor ez sartu. Dena den, lehen auzialdian, oztopo asko izan arren, epaiketa egitea lortu genuen. Froga faltagatik, ezin izan genuen identifikatu nork egin zuen tiro, baina argi geratu zen Espainiako polizia baten gomazko pilota baten ondorioz izan zela. Pauso garrantzitsu bat izan zen hura.

Hogei urtean hamabost hildako eragin dituzte —Iñigo Cabacasen kasua eta Ceutako hamalau etorkinena—. Lesioei dagokionez, erdiek begia edo ikusmena galdu duzue.

Nik ikusmena soilik eta ironiaz diot— galdu nuen. Beste batzuek begia galdu dute. Badira ondorio fisiko gehiago: barrabila galtzea, barea nabarmen kaltetzea... Nik une hartan burua jiratu nuen, eta hori egin izan ez banu, zuzenean buruan joko ninduen. Kolpea askoz ere larriagoa izango zen.

Ondorio psikologikoak ere uzten ditu. Zuri nola eragin zizun?

Egun hartatik mamu asko atera zaizkit. Ezagutu dut gorrotoa, eta ikasi dut gorroto horren kaltetu nagusia ni nintzela. Beldurra ezagutu dut, eta izua ere bai. Gertatu izan zait manifestazio batean egon, pilotakada bat entzun eta geldi-geldi geratzea. Lehen, artista nintzen; orain, ez. Kamioi gidari izateko baimena ateratzen ari nintzen, eta utzi egin behar izan nuen. Barrankismo eta espeleologia kirolak egiten nituen, eta, orain, bigarren dimentsioko ikusmenarekin, ez naiz seguru sentitzen. Egiten badut, oso arin egiten dut. Bizitza erabat aldatu dit, bai.

Beste ondoriorik uzten du?

Bai, lotsa nabaritu nuen. Ni greba egun batean nire eskubideak aldarrikatzen ari nintzen, oso lasai eta modu baketsuan. Horrelako zauria egin arren, errudun sentiarazi naute. Hori oso larria da. Landu egin behar izan dut. Negar egiten ere ikasi dut. Lehen, nire gizontasuna adierazteko eta arazorik ez nuela ikusarazteko, halako ezkutu bat sortu nuen, hura apurtu zen arte. Litroka negar egin dut. Prozedura zaila da. Familiari eta lagunarteari eragiten dio. Askok laguntzen dizute, beste askok ez. Lagundu nahi dizute, baina laguntzeagatik oztopatu egiten dute zure konponbidea. Begia galdu duen laguna zara ordutik aurrera, eta ez betiko laguna.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ETAk 2011ko urriaren 20an iragarri zuen armak utziko zituela; orduko irudi bat, artxibokoa. ©BERRIA

AEBek «atzerriko talde terroristen» zerrendatik ezabatuko dute ETA

Uxue Rey Gorraiz Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ehunka euskal herritarrek AEBetara bidaiatzeko debekua izan dute 1997tik. AEBetako Estatu Departamentuak adierazi du ez duela aldaketarik ekarriko iraganeko auziekin loturiko politiketan
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Galdera ez da estatua bai ala ez, baizik eta EBn nola kokatzen garen»

Jon O. Urain

Europaren Etorkizunari Buruzko Konferentzia amaitu da, eta, Filibiren ustez, EB «handitan zer izan nahi duen» erabakitzen ari da. Ez da jaso argitasun legerik, baina egokiagotzat jo du beste egokitze batzuk bilatzea.
Aitor Esteban, artxiboko irudi batean. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Ikus-entzunezkoen Legeari zuzenketa sorta bat gehituko dio EAJk

Iosu Alberdi

Jeltzaleek eta Espainiako Gobernuak 45 zuzenketa txertatuko dituzte proiektuan. EITB eta euskara jarri dituzte akordioaren erdigunean
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileak, gaur, Gasteizen. ©Raul Bogajo / FOKU

Inkomunikazioan oinarritutako zigor guztiak baliogabetzeko eskatu du Sarek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gainontzeko presoei ere Atristain doktrina aplikatzea galdegin du euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak: «Asko dira Xabier Atristainen egoera berean Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu dituen euskal presoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...