Albistea entzun

Lehortea Euskal Herrian. Antonio Aretxabala. Geologoa eta ikerlaria

«Ur faltaren auzia klima aldaketaz harago doa: tragedia politikoa da»

Urteak daramatza Antonio Aretxabala geologoak klima aldaketaren ondorioak ikertzen. Harentzat, konponbidea da bizimodua eta politikak «egungo egoerara moldatzea», azpiegitura erraldoiak eraiki beharrean.

IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko irailak 20 - Iruñea

Euskal Herriko urtegien datuak «joera baten isla» direla uste du Antonio Aretxabala geologoak (Vigo, Galizia, 1963). Ikerlariaren arabera, gero eta ugariagoak izanen dira muturreko fenomenoak; horregatik, «egoerara moldatzera» premiatu ditu agintariak.

 

Hedabideetako lerroburu nagusietan dago lehortearen auzia. Halakoak ez al dira ohikoak abuztu eta irail artean?

Arazoa da gero eta maizago izanen ditugula halakoak, baina, laster euria eginen duenez, jendeari ahaztu eginen zaiola. Datozen egunetako euriek ez dute konponduko erroko arazoa. Pentsatu ohi dugu hemen usu egiten duela euria, eta lehortea unean uneko arazo bat dela. Tamalez, ebidentzia zientifikoak erakusten digu lehorte hauek gero eta ohikoagoak izanen direla, eta prest egon beharko dugula etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko.

Zein da egoera Nafarroan?

Nafarroan, arazoa Esako urtegian daukagu batez ere. Oraintxe, Esako ur maila %15ekoa da, gutxi gorabehera. Eugiko eta Itoizko urtegien maila ere baxua da idorteagatik, baina ez hainbeste. Zergatik? Uraren erabileragatik. Esako uren %85 eta %93 artean erabiltzen da soroak eta landa eremuak ureztatzeko. Azken urteetan, neurrigabe ugaritu dira ureztatzeko hektareak Nafarroan.

Beharrezkoa al da hainbeste ur nekazaritzarako soroak ureztatzeko?

Helburua bada nekazaritza eredu intentsibo bati eustea, bai. Eredu horrek, gainera, beharrezko ditu petroliotik eratorritako produktu ugari: ongarriak, herbizidak, pestizidak... Eta zergatik lehenesten da nekazaritza mota hori? Funtsean, diru asko uzten duelako enpresa gutxi batzuen eskuetan. Gainera, hemen ekoizten diren barazki eta produktu gehienak esportatu egiten dira. Nafarroakoa ez da kasu bakarra: Iberiar penintsula Europako eremu idorrenetako bat izanagatik ere, ur kantitate alimalekoa gastatzen du egunero, tomateak eta letxugak Parisen edo Londresen saltzeko. Horretan joaten zaigu uraren %80tik gora.

Zer konponbide proposatzen dute administrazioek arazo horrentzat?

Funtsean, ardura herritarron bizkar jartzea: itxi txorrota, dutxak ez daitezela luzeegiak izan, ez garbitu autoa... Tira, ongi dago hori guztia, baina nik bi ñabardura eginen nizkieke: alde batetik, guk gastatzen duguna ezin da alderatu enpresek gastatzen dutenarekin, eta, bestetik, herri eta hirietako ur kontsumoa dezente murriztu da azken urteetan. Herritarrok dagoeneko egin dugu dagokigun zatia.

Diru laguntzak ere onartu dituzte, sektoreari laguntzeko...

Lehorteena tragedia klimatiko bat da, baina horretaz harago doa: tragedia politikoa ere bada, agintariek ezartzen dituzten politika zentzugabeen ondorioz. Diru asko jartzeak ez du ura sorraraziko; gero eta azpiegitura handiagoak eraikitzeak ere ez. Esako urtegiarena da adibiderik garbiena: oraintxe, %15ean dago. Handitze lanak bukatu izan balituzte, ur gehiago edukiko luke gaur egun? Ez. %7,5eko mailan egonen litzateke. Ontzi handiagoa izateak ez du esan nahi errazago beteko duzunik. Ni ez nago urtegien aurka, oro har, baina urtegi batek ura sortuko duela pentsatzea inozokeria galanta da.

Navarra Sumak esan du Iruñerrian ez dela ur murrizketarik ezartzeko beharrik izan, Itoizko urtegiari esker...

Paparrean dominak jartzeko beharra dute, bai, baina ikuspegi atzerakoia eta ezjakina da erabat. Nola saldu ziguten Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa? Erriberara ura eramateko modu gisara. Bada, lehendik ere bazegoen sistema bat Pirinioetatik Erriberara ura garraiatzeko: Ebro ibaia. Nekazariek ez zuten ur hori erabili nahi, zikin eta kutsaduraz betea zetorrelako. Bada, pentsa dezagun zergatik gertatzen den hori, eta jar ditzagun baliabideak ur hori garbi irits dadin. Beste politika batzuk behar dira, ez urtegi handiagoak.

Karrantzan ere bai?

Inbertsio eta azpiegitura falta izugarria dago eskualde horretan, eta baita miopia politiko handia ere. EAJrentzat, konponbidea da Karrantza Bizkaiko Ur Partzuergoan sartzea, erakunde hori kontrolpean dutelako. Karrantzako nekazari eta abeltzainentzat, ordea, hondamendi ekonomikoa izanen litzateke hori. Hortaz, Karrantzak partzuergoari ezezkoa eman diola ikusita, zein izan da Bizkaiko agintarien erantzuna? Eskualdeari bizkarra ematea. Aintzat hartu behar da Karrantza dela Bizkaiko jakitegia: Karrantzak ematen duenetik jaten dute bizkaitarrek. Hemen ez du balio ekonomia digitalak eta 5Gk. Jendea ez da elikatzen mikrotxipez eta zuntz optikoz.

Administrazioek nola heldu beharko liokete lehorteen eta klima aldaketaren auziari?

Lehen urratsa da diagnostikoan ados jartzea. Eta, zientzialarien artean, kontsentsua ia erabatekoa da: datozen urteetan, ibaien emariak murriztera joko du, baina muturreko gertaerak ugaritu eginen dira. Aragoi ibaiaren emaria, adibidez, %10-20 inguru murriztuko da, baina maizago ikusiko ditugu uholdeak, idorteak eta eurite bortitzak. Horregatik, ahalegina egin beharko genuke nekazaritza eta abeltzaintza ereduak, ekonomia, hirigintza eta bestelako politikak oraingo egoerara egokitzeko. Ez badugu ulertzen uholdeak, lehorteak eta bestelako fenomenoak naturaren parte direla eta gero eta ohikoagoak izanen direla, gaizki gabiltza.

Nolakoa izanen da etorkizuna?

Fernando Valladares CSICeko ikerlariak esan zuen bezala, bukatzear den hau izan liteke hemendik aurrerako udarik freskoena. Iberiar penintsula saharizatzen ari da pixkanaka. Bardea hedatu eginen da iparraldera, eta, hamarkada gutxi batzuen buruan, Iruñean izanen dugu ate joka. Klimaren eboluzio hori ezin da eragotzi, baina negazionista eta ezjakin asko ditugu ardura postuetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

HHI Helduen Hezkuntza Iraunkorreko ikastetxea, Tolosan. ©Josu Artutxa / Tolosaldeako Hitza

Gela bat, irakasleak eta egoera askotako ikasleak

June Romatet Ibarguren - Gipuzkoako Hitza

Hiru aste igaro dira Helduen Hezkuntza zentroetan ikasturtea hasi zutenetik, eta Gipuzkoan dauden 30 zentro baino gehiagotan hainbat adin eta jatorritako ikasleak bildu dira berriz ere. Horietako bakoitzak bere arrazoiak ditu eskoletara joateko: adibidez, tituluaren beharra edo etxetik ateratzekoa.

Ekotopaketetako parte hartzaileak, gaur, Portugaleten (Bizkaia). ©Ekotopaketak

«Antolakunde ekologista indartsu bat» eratzeko oinarriak jarri dituzte Ekotopaketetan

Berria

Larrialdi klimatikoaren aurrean indarrak eta borrokak batzea erabaki dute dinamikaren azken egunean, asanbladan. Antolatzaileen arabera, «inflexio puntu bat» izan da asteburua.

Kilometroak jaia, gaur, Ibarran (Gipuzkoa). ©Gorka Rubio / Foku

«Aro berriko lehen Kilometroak» ospatu dituzte Ibarran

Berria

Eguraldia lagun, jendetza elkartu da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian. Uzturpe Ikastolako patioa egokitzeko erabili nahi dute festan lortutako dirua.

Atzo goizean antolatutako bi mahai inguruetako bat. ©M. DEL VALLE/ FOKU

Ekotopaketak: egiturazko makur bat zuzentzeko

Iñigo Astiz

Kapitalismoaren dinamikaren ondorio ekologiko eta ekonomikoak elkarrekin aztertu dituzte Ekotopaketen bigarren eguneko goizeko mahai inguruan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...