Albistea entzun

Eneko Viñuela. Bidezko Elikaduraren Hego Euskal Herriko koordinatzailea

«Enpresek erabakitzen dute eskola jangeletan zer eta nola jan»

Sukaldeak eskoletan egotea, enpresa txikiei aukera ematea... Viñuelaren irudiko, jangeletan bada zer hobetua, pausoak ikusi arren: «Borondatea falta da, eta beldur handia dago».
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko urriak 6

Goizaldean milaka menu prestatu, eskoletara eraman eta eguerdian umeei eman. Eneko Viñuela Bidezko Elikadura elkarteko Hego Euskal Herriko koordinatzailearen iritziz (Sestao, Bizkaia, 1979), horrelakoa da ikastetxeetako jangela eredu nagusia. Horri buelta eman nahian antolatu dituzte asteon EHIGErekin batera Gozo eskola elikadura osasungarriaren eta iraunkorraren II. nazioarteko jardunaldiak, Bilbon.

Zer jangela eredu da nagusi Euskal Herriko ikastetxeetan?

Eredu nagusia bat eta bakarra da: kudeaketa zuzena. 2000ko araudi baten bidez, jantokiko kudeaketa osoa lehiaketa publikora joaten da, eta catering enpresak aurkezten dira. Eskolak sortatan banatzen dituzte, eta, hasieran, sortak oso handiak ziren: egunero 4.000-5.000 menu egin behar zituzten sortako. Eredua mantentzen da. Horrek lehenetsi du enpresa handiek izatea botere guztia. Penagarria da esatea, baina eskola komunitateak ez dauka zeresanik. Hau da, enpresak hartzen du ardura, eta erabakitzen dute zer eta nola jan: menua erabakitzen dute, nola kozinatu, nori erosi elikagaiak... Kudeaketa osoa daukate.

Zuek mugitzea erabaki zenuten.

2015ean eratu genuen Bidezko Elikadurak eta beste eragile sozial batzuek Gure Platera Gure Aukera egitasmoa. Gure helburua da eskola jantokiak aldatzea, eta, horretarako, araudia aldatu behar da. Aldarrikapen nagusietako bat da eredu bakar hori zabaltzea; hau da, nahi duten eskolek oraingo eredua mantentzea, baina aldatu nahi dutenek aukera izatea beste eredu bat izateko.

Eskola publikoez ari zara?

Bai. Itunpeko ikastetxeetan, ikastoletan eta kooperatibetan gaitasun guztia daukate erabakitzeko zein enpresa eta zein jantoki eredu nahi duten; publikoetan, ez.

Eskola elikadura osasungarria eta iraunkorra izena dute jardunaldiek. Horrelakoa al da eredua?

Ez, ez. Osasungaitza dela esatea ez da egia. Osasungarria dela? Bestelako gauzak egin daitezke. Pauso asko eman dira: frijituak eta azukredun postreak kendu, barazkiak sartu... Ordea, elikagaiak ez dira bertakoak, enpresa handiek erosten dituzte nazioarteko merkatuetan, oso prezio baxuan. Hori da helburua: prezio baxuan erostea, etekin ekonomikoak handitzeko. Jaurlaritzak pausoak ematen hasi nahi izan du, eta iraunkortasun irizpide apur batzuk sartu ditu. Lizitazio berrietan zerbait mugitzen ari da, baina guretzat oso eskasa da. Gure aldarrikapenetako bat da sukaldeak in situ egotea. Porrusalda bat 04:00etan egin, erretilu bero batean jarri, garraiatu eta 13:00etan zerbitzatzen baduzu, imajinatu nola egongo den. Eskola publikoen %31k daukate sukaldea in situ.

Nolako eragina du horrek?

Kexa asko egoten dira. Menuak ez dira oso erakargarriak. Zoritxarrez, jantokiak gune nahiko gatazkatsuak dira. Gehitzen badiozu janariak kalitate falta daukala, dena batzen da, eta jateko unea deserosoa bihurtzen da umeentzat. Hori ez da leku guztietan gertatzen, baina bai gehienetan.

Ba al dago beste eredurik?

Orain dela sei urte, Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat bideratu genuen alderdi politikoekin, eta atera zen. Horrela, lau eskolari baimendu zitzaien proiektu pilotu bat izatea. Helburua zen erakustea bertako produktuak sar daitezkeela gure menuetan, eta prezio berean. Eskola horietako familiek kopuru bera ordaintzen dute, eta kalitatea pila bat hobetu da, ze produktu gehienak gertukoak dira, eta asko, ekologikoak. Frogatu dute bideragarria dela. Jaurlaritzarekin dauzkagun biltzarretan esaten diogu bideragarria denez zergatik ez den posible egiten beste eskolek horrelako eredu bat izatea. Esaten digute aukera hau unibertsalizatu nahi dutela, baina ez dela erraza, eredu osagarri bat eratzeko bidean daudela. Epe ertainean ikusten dute eredu aldaketa hori.

Orain arte zergatik ez da bestelako eredurik ezarri?

Egun hauetan horren inguruan hausnartzen ari gara: elikadura ereduak, politika publikoak, beste ereduren bat posible ote den... Gure Aukera Gure Platerako kideok aukera izan dugu beste leku batzuetako ereduak ikusteko: Italiakoa, Frantziakoa, Kataluniakoa, Kanaria uharteetakoa, baita Iparraldekoa ere. Iparraldean kudeaketa deszentralizatu dute, lekuko erakundeek hartzen dute kudeaketaren parte bat: herri batzuek herriko sukalde bat daukate, hor kozinatzen dute, eta eskoletara, erresidentzietara... eramaten dute. Nire ustez, borondate kontua da. Borondatea falta da, eta beldur handia dago. Hegoaldean, zenbait udal prest daude arduraren parte bat hartzeko. Hori da ikusten dugun beste bide bat, eta beste bat izan daiteke catering enpresa txikiei ematea aukera.

Beldurra nori edo zeri? Catering enpresa handiei?

Guztiok dakigu zer-nolako indarra daukaten enpresa lobbyek. Badakigu interes politikoak daudela tartean, interes ekonomikoak, faktikoak... Ez da enpresei bakarrik, beldurra dago aldaketa txarto ateratzeari ere: elikadura segurtasunean arazoak izatea, ez izatea hain kontrolatua, berri bat agertzea esanez ez dakit zein eskolatan intoxikazioa egon dela... Orain oso kontrolatuta daukate, eta irekitzen bada eta deszentralizazio prozesu bat badago, kontrolak areagotu beharko lirateke. Hau badago Italian, Katalunian, Iparraldean... eta ez da ezer gertatzen.

Lehen sektorearen garrantzia ere mahai gainean jarri duzue. Nola lor daiteke eskola jangelen eta bertako ekoizleen arteko elkarlana?

Lehen sektorea ezinbestekoa da prozesu honetan. Planifikazio bat behar da, ondo egituratutako prozesuak. Aldaketa herriz herri, auzoz auzo eta eskualdez eskualde egin behar da. Gipuzkoan, Goierrin eta Debagoienan badaude prozesuak: ekoizleak saretu, salmenta bide berriak ireki, salmenta zuzenerako bideak ireki, jendea sentsibilizatu... Horrek eragiten du ekoizle gehiago sartzea prozesu honetan, eta behar ditugu: gazteak, emakumeak... Baldintza onak behar dituzte: inbertitu egin behar da, haien eskaerak entzun... Azpiegiturak eta laguntzak eskaini eta eman beharko zaizkie. Ekoizleak motor bat izango dira, eta horrek gure ekonomia indartuko du, ingurumena zainduko du, eta, gainera, gure seme-alabek hobeto jango dute.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko
Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.