Koronabirusa. Luixa Reizabal. Psikologoa

«Egoera gogorretan erresilientzia garatzen dute adineko askok»

Reizabalen arabera, konfinamenduak eragina du zaharren oinarrizko premietan. Adierazi du egunek aurrera egin ahala egoera okertu daitekeela, eta errutina bat antolatzea aholkatu du. Egoitzak ere gogoan izan ditu.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Haurrek kalera irteteko baimena dute igandetik Hegoaldean, baina pertsona adinduek konfinamenduan jarraitu beharko dute asteburura arte. Psikologoa da Luixa Reizabal (Donostia,1964), eta, besteak beste, zahartzaroko garapen psikologikoa ikertu du. Adierazi duenez, konfinamendua oztopoa izan daiteke pertsonen premiak asebetetzeko, eta, batez ere, zaharrei eragin diezaieke eragina.

Zaharrek ia hilabete eta erdi daramate konfinatuta. Nola eragin diezaieke horrek?

Gure garapena behar bezala gerta dadin, oinarrizko premiak ditugu pertsonok. Hiru multzotan sailkatu ohi dira. Batetik, premia bio-fisiologikoak ditugu: gorputz organiko biziduna dugun animaliak gara, eta pertsonok garatzeko behar ditugun zainketa eta baldintzei dagozkie; besteak beste, zerikusia dute osasunarekin. Bestetik, premia kognitiboak ere baditugu; hain zuzen, zentzumenak, nerbio sistema eta garuna ditugu, eta, ondorioz, hainbat gaitasun konplexu: ikastekoa eta oroitzekoa, esaterako. Ingurua behatzea da, adibidez, premia kognitiboetako bat. Azkenik, izaki sozialak gara, eta beste pertsonekin lotura afektiboak eta harremanak behar izaten ditugu. Alegia, premia emozionalak eta sozialak ditugu. Baina konfinamenduak oinarrizko premia horietako batzuk asebetetzea oztopa dezake, bereziki adinekoen kasuan.

Oztopatu?

Esaterako, premia biofisiologikoei dagokienez, elikadura premian arazoak eragin ditzake. Posible da elikadura nahasteak sortzea, baita beharrezkoa den elikadura jasotzeko arazoak izatea ere. Areago, konfinamenduak erabat mugatu dezake jarduera fisikoa egiteko premia ere. Eta berdin gertatzen da premia kognitiboekin. Ez da erraza gure garuna estimulatzeko beharrezkoak diren jarduerak egitea bolada luze batean etxe zuloan sartuta egon behar dugunean. Eta, zer esanik ez premia sozioemozionalekin. Zahartzaroan garrantzi handiagoa hartzen dute maitasunak, segurtasun emozionalak, konpainiak eta antzekoak izateko premiek. Etxean bakartuta egoteak asko zaildu dezake premia horiek asebetetzea, baina funtsezkoak dira pertsonaren ongizatea bermatzeko, bereziki adineko pertsona bakarrik bizi denean.

Nola eragiten die konfinamenduak bakarrik bizi direnei?

Harritzekoa suerta dakigukeen arren, badirudi bakarrik bizi diren adineko pertsona batzuk hobeto egokitzen direla, bakarrik egotera ohituta daude eta. Beste batzuek, berriz, oso gaizki pasa dezakete egun osoa etxean giltzaperatuta bakarrik igaro behar izatean, bakardadea eta tristura sentimenduak areagotu baitaitezke. Horientzat oso mesedegarria izan daiteke errutina bat izatea.

Nolakoa izan daiteke errutina?

Garrantzitsua da pertsona aktibo mantentzea, jarduerarik ezak eragin kaltegarria izan dezakeelako funtzionaltasun fisikoan, kognitiboan eta sozialean. Hala, pertsona estimulatze aldera, gomendagarria da ordutegi batean oinarritutako errutina bat antolatzea. Higiene pertsonalari, elikadurari eta etxearen antolaketa zein garbitasunari tartea egiteaz gainera, aisialdi jarduerak txertatuko dira horretan. Baita jarduera fisikoa ere. Halaber, senide eta lagunekin hitz egitea gomendatzen da, esaterako, telefonoz, eta horrelakorik ez badute, bizilagun batekin. Informazioari ere egunean behin, gutxi gorabehera, tarte bat eskainiko litzaioke, baina ez oso luzea, kaltegarria izan baitaiteke. Burua estimulatzeko jarduerak ere ezin dira ahaztu, ezta lasai egoteko uneak ere. Erlaxatzea ere ederra da.

Egunek aurrera egin ahala okertu al daiteke egoera?

Pertsona batzuentzat egoera okertu daiteke denbora pasatu ahala; jasanezina suerta dakieke etxean giltzaperatuta egotea. Beste batzuentzat, aldiz, ez. Izan ere, bizi izandako egoera latzetan izandako eskarmentuaren ondorioz, adineko pertsona askok egoera gogorretan erresilientzia garatzen dute. Hau da, zorigaiztoari aurre egiteko eta egokitzeko gaitasuna. Zalantzarik gabe, erresilientziak konfinamendura egokitzen lagundu diezaieke.

Zein sentsazio izan ditzakete tarte horietan?

Litekeena da adineko pertsona askok beldurra sentitzea, baita adinekoak ez direnek ere. Eta ez da harritzekoa. Esaterako, beldurtzeko modukoa da ustez lasaitasuna sustatu beharko lukeenagertokia, agintariek COVID-19ak ekarri duen egoeraren inguruan hitz egiteko aukeratutakoa. Hainbat aldiz ikusi ditugu ministro bat eta osasun arloko bozeramailea guardia zibilen, militarren eta polizien ordezkariez inguratuta. Hori ez da lasaigarria,. Edukiari dagokionez, kontraesanez betetako mezu alarmistak zabaltzen dituzte, eta horrek, segurtasuna baino gehiago, kezka eta ziurgabetasun sentimenduak areagotu ditzake. Gainera, datuen arabera, badirudi adinekoak direla birusaren ondorioz hil diren gehienak, eta horrek antsietatea, larritasuna eta izua sor ditzake adin talde berekoak direnen artean.

Egoitzetako kasuak ere zeresan handia eman dute. Egoiliarren artean beldurra handiagoa al da?

Esango nuke baietz. Izan ere, gaixotasuna egoitzan sartu bada, zeharo izututa egon daitezke inguruko edozeinek kutsa ditzakeelako eta ihesbiderik ez dutelako. Eta ez bada sartu, sartzearen beldur egon daitezke. Halere, egoitzetan har zitezkeen neurriak. Batetik, prebentiboak, arazoa sortu aurretik egitekoak. Egoitza guztiak publikoak izatea, esate baterako. Bestetik, neurri «sendagarriak». Hain zuzen, pandemia agertzen denean har daitezkeenak lirateke, eta, horien barruan egoitzen bakartzeak edukiko luke lehentasuna. Halere, langileak lan itzela ari dira egiten, eta ez dute merezitako aitorpenik jaso.

Aditu batzuen arabera, ez da beharrezkoa zaharrak horrenbeste babestea: «Adinkeria da».

Oro har, ados nago. Adineko pertsonek beste edozein heldu gisa tratatzea nahi izaten dute: errespetuz, afektuz eta ulermenez. Ez dute batere gustuko umeak balira bezala tratatzea edo ez hartzea kontuan haiek eta beren iritziak. Hori guztia errespetatu behar da, adineko pertsonak, helduak diren aldetik, heldu gisa tratatuz.

Are, beste batzuen ustez, kalera irteteko, adina bainoago, hobe da patologiak hartzea kontuan.

Horrelako erabaki bat hartzeko ezinbestekoa da adineko pertsonen iritzia kontuan izatea, haiei eragiten dieten erabakiak hartzeko gaitasun eta eskubide osoa dute eta. Nire iritziz, uste dut adin kronologikoa ez dela irizpide egokia, momentu honetan pertsonaren egoera biofisiologikoa baita garrantzia duena. Uste dut egokiagoa litzatekeela irteerak patologiaren arabera arautzea. Hala ere, irteten hasten direnean ikusi beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.