Sortuko kideek Nazio Kontseilurako hautagaiak bozkatuko dituzte gaurtik

Nazio Kontseilua osatzeko hamar hautagaien berri eman du Sortuk. Etzi arte eman ahalko dute botoa; emaitzak, larunbateko ekitaldian

Sortuko zenbait militanteren agerraldia, ETAren jarduera armatuaren 10. urteurrenaren harira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Sorturen kongresua azken fasean sartuta dago, eta, gaurtik ostiralera bitartean, alderdiko kideek aukera izango dute Nazio Kontseilua osatzeko hautagaiak bozkatzeko. Jakinak ziren Nazio Idazkaritza osatzeko hautagaitzen izen-abizenak, eta, orain, Nazio Kontseilua osatzeko proposatuko dituzten beste hamar kideen izen-abizenak ezagutarazi ditu Sortuk: Aiora Epelde Agirre, Ane Sainz-Espiga Garcia, Asier Zamorano Arri, David Oroz Alonso, Eli Zubiaga San Jose, Haizea Kortaberria Garetxana, Ibai Redondo Beitia, Iker Alcedo Cano, Karlos Monteagudo Fernandez, Txoli Mateos Gonzalez, Maddi Isasi Azkarraga, Gotzon Amaro Lopez, Amaia Etxabe Goikoetxea, Clara Rouget Aranibar eta Gorka Mayo Hermoso de Mendozak osatuko dute.

7.936 kidek osatzen dute errolda, eta bi aukera izango dituzte bozkatzeko: telematikoki eta aurrez aurre. Kongresuari amaiera emateko ekitaldia larunbatean egingo dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta bertan jakinaraziko dituzte bozketaren emaitzak. Ekitaldiak «Sorturen komunitatea elkartzeko balioko du», alderdiak nabarmendu duenez.

Sortuk abenduaren 22an eman zuen Nazio Idazkaritza osatzeko hautagaien berri. Arkaitz Rodriguez proposatu dute idazkari nagusi izateko, eta honako hauek ere osatuko dute idazkaritza, Sortuko kideek hala bozkatuz gero: Nuria Altzugarai Gartzia (idazkari teknikoa), Oihana San Vicente Saez de Zerain (barne koordinatzaileordea) David Pla Martin (norabideratze estrategikorako Gunearen arduraduna), Itsasne Fernandez Duarte (barne antolaketaren arduraduna), Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga (ekintza politikoko arduraduna), Xabi Iraola Larraia (herrigintzako arduraduna), Gotzon Elizburu Beristain (komunikazio arduraduna), Elena Beloki Resa (nazioarteko arduraduna) eta Haima Altuna Ijurko (gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduraduna). Lurraldeetako buruzagitzei dagokienez, Lur Albizu Etxetxipia (Nafarroako arduraduna), Jon Iker Aramendi Jimenez (Arabako arduraduna), Aitor Servier Etxexuri (Ipar Euskal Herriko arduraduna), Paul Laka Garamendi (Bizkaiko arduraduna) eta Aritz Arzallus Agirrezabala (Gipuzkoako arduraduna) daude proposatutako zerrendan.

Lurralde eta genero orekak

Sortuk azaldu du «herrialdeen arteko oreka bermatzeko hartutako konpromisoa» beteko duela. Era berean, gogorarazi du alderdiko Plan Feministan jasota dagoela zuzendaritza organoetako ordezkarien %40k gutxienez emakumeak izan behar dutela. 30 lagunetik hamalau izango dira emakumeak, eta hamasei gizonezkoak, «Sortu feministatzeko hartutako konpromisoan aurrerapauso esanguratsua emanez».

Ildo politikoari dagokionez, zuzendaritzak proposatutako Herrigaia ponentzia nagusitu da kongresuan; botoa eman zuten hamarretik zazpik babestu zuten. Sorturen hitzetan, txosten horretan jasotako erronka nagusiak eta hurrengo urteetarako asmoak «partekatzeko unea» izango da larunbateko batzarra, eta, kongresua amaituta, «aldaketapolitiko eta sozialerako borroka indartzea» izango da Sorturen helburua datozen hilabeteetan: «Independentziarako indarra metatzea izango da xedea; batetik, aldaketa politiko eta soziala bilatzen duten eragileekinelkarlana eta aliantzak bilatuz; bestetik, herritarrekin batera mobilizazio eta ekimenetan aktibo izanez, eta, azkenik,ezker abertzaleko kidegoa esparru ezberdinetan aktibo bilakatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.