Xochitl Karasatorre. Etxerat-eko kidea

«Eskubideez ari gara, ez onurez»

Euskal presoen egoera normalizatzeko urratsak egin direla uste du, baina behar baino motelago. Euskal Herriratzeen berri emateko moduak, berriz, familiei ezinegona sortu diela esan du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Etxerat-ek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatara joatera deitu du biharko, Salbuespen politikari stop! Etxean eta bizirik nahi ditugu lelopean. Elkarretaratze horietan parte hartzeko eskatu du elkarteko kide Xochitl Karasatorrek (Cojutepeque, El Salvador, 1994): «Gizartearen mobilizazioa oso garrantzitsua da. Eman diren pausoak horri esker izan dira, eta eskubideak bermatu arte mobilizatu behar dugu». Euskal presoek, eta haien senide eta lagunek bizi duten egoeraz aritu da Karasatorre BERRIArekin.

Astelehenean eman zenuten Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek Roazhongo espetxera bidean izandako istripuaren berri. Urruntzearen eraginak oraindik ere presente daude.

Ezin dugu ahaztu hamasei hildako ditugula sakabanaketaren eta urruntzearen eraginez. Edozein asteburutan biktima potentzialak izaten jarraitzen dugu. Oraindik Euskal Herritik kanpo presoak egonda, arriskua hor dago. Ikusi dugu, nahiz eta Euskal Herritik gertuago egon, oraindik istripuak badirela, eta hori ez da bidezkoa. Presoak Euskal Herrian egoteak arriskuak gutxitzen ditu, errepide ordu horiek motzagoak direlako.

Uztailean bi urte bete ziren presoak Euskal Herriko eta gertuko espetxeetara lekualdatzen hasi zirenetik. Oraindik, ordea, 60 preso baino gehiago daude Espainiako kartzeletan, eta salatu duzue hurbilketen erritmoa nabarmen moteldu dela.

Oso motela izaten ari da. Gobernuak iragarri zuenetik hasi ziren arte bi urte pasatu ziren. Bat-batean eta abisatu gabe hasi zuten prozesua. Gainera, oso modu bitxian. Ostiraletan izenak ateratzeko dinamika hasi zuten, eta preso eta senideentzat erruleta baten modukoa zen. Ez genekien zein izen aterako ziren, eta begira egoten ginen. Ezjakintasun hori areagotu egin zen denborarekin. Ez genekien noiz arte jarraituko zuten, moztuko ote zuten, gure senidea gerturatu gabe geratuko ote zen... Horrela gaude oraindik ere. Gehienak Euskal Herrian daude, baina 50etik gora daude Espainiako espetxeetan.

Azken asteetan esan dute beste 23 preso Euskal Herriratuko dituztela.

Apiriletik ez zegoen mugimendurik, eta, orain, badirudi berriz hasi direla. Baina dinamika berarekin: preso batzuk, eta ezer esan gabe, bat-batean. Bi urte daramatzagu presoek eta senideok ezjakintasun betean. Ez dakigu ezer, eta badaude gu baino lehenago enteratzen diren sektoreak. Ez dakigu zein den irizpidea edo interesa.

Uztailaren amaieran emandako zerrendan, zure aitaren izena agertu zen.

Itxaronaldia oso luzea izan da. Ea zer gertatuko zen, nora eramango zuten, mugituko ote zuten... Aita Castellon zegoen lehen [Herrialde Katalanak, 550 kilometrora]. Urte eta erdi pasatu da Duesora [Espainia, 225 kilometrora] lekualdatuko zutela esan zutenetik. Horretarako, lau hilabete itxaron behar izan zituen: 2021eko apirilean eraman zuten. Jakin genuenean, zama izugarria kendu genuen. Batez ere guk, senide eta lagunok. Castellora joan-etorria hamar ordu ziren, eta Duesora, lau; erdia baino gutxiago. Orain Iruñean egongo dela imajinatzea... Ez dugu sinesten etxetik ordu erdira egongo dela. Haren eskubidea da, eta hasieratik han egon beharko luke. Baina bertan egon eta lehen bisita egin arte, sinestezina da. 30 urte baino gehiago daramatzagu urruntze politika honekin, eta, orain, bat-batean... Kontxo! Ia etxean egongo da, gertu.

Iruñeko espetxeak euskal presoekin izandako jarrera kritikatu izan duzue.

Zuzendariak eta tratamendu batzordeak jarrera oso immobilista izan dute orain arte, presoen eskubideei dagokienez. Jakin berri dugu zuzendaria aldatuko dutela, eta berriz ezjakintasun horrekin gaude. Ez dakigu nolakoa izango den zuzendari berria, ezta zer erabaki hartuko dituen edo espetxe politika humanizatzeko urratsik egingo ote duen ere. Halere, espero dugu aldaketa onerako izatea. Orain arte oso gaizki egon baita.

Hura Espainiako Gobernuaren pean dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen eskumena, berriz, Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen iaz. Aldaketa nabaritu duzue?

Jaurlaritzak bideratutako espetxe politika baten aurrean gaude. Egoera berria da, baina badirudi presoen eskubideak errespetatuko dituen espetxe politika bat dela. Ontzat jotzen ditugu espetxe politika humanizatzeko eta presoen eskubideen alde egiten ari diren urratsak. Baina sektore batzuek oraindik salbuespenezko espetxe politikaren alde egiten dute. Ikusten ari gara emandako hirugarren graduei helegiteak jartzen ari direla etengabe, eta Jaurlaritzak emandako pauso guztiak atzera botatzen.

Azken hilabeteetan helegite ugari jarri dituena Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza izan da. Eusko Jaurlaritzak egindako urratsak geldiarazteko asmo bat ikusten duzue?

Argi eta garbi. Etengabe ari dira helegiteak jartzen eta atzerapausoak ematen. Eta nahikoa da! Gizartearen gehiengoaren kontra ari dira. Ikusi da gehiengoaren nahia dela presoen giza eskubideak errespetatzea. Eskubideez ari gara, ez onurez.

Auzitegi Nazionalera iritsi den beste afera espetxe baimenena da. Gorka Loranen kasuan, ebatzi zuten ez zela beharrezkoa presoak «damua» eta «barkamena» eskatzea. Baina, handik egun gutxira, epaimahai berak atzera egin zuen Loranek berak eskatutako beste baimen batekin.

Ikusten ari gara badaudela gure senideei salbuespen politikak aplikatzea behin eta berriz exijitzen duten lobby batzuk. Uste dugu justiziak ezin diela men egin exijentzia horiei. Denaren gainetik, eskubideak errespetatu behar dituzte, eta urratsak egin prozesu honetan.

Maiatzeko batzar nagusian esan zenuten begi bat Atristain auzian jarria zenutela. Ekainean berriz espetxeratu zuten.

Atristainen kasuan, Estrasburgoko [Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren] ebazpena ez da aplikatu. Arrazoia bera da; atzetik dauden lobby horiek egiten duten presioa. Oztopo handi bat da egiten ari garen bide honetan. Ea zer gertatzen den hemendik aurrera.

COVID-19ak ere azken urteak baldintzatu ditu. Gizartea hasi da normaltasunera itzultzen. Eta espetxeak?

Espetxeetara ere ari da iristen, baina oso motel. Ia bi urte egon dira kristalik gabeko bisitarik gabe, eta oso gogorra izan da hori. Presoen komunikazio eskubidearen gainetik, espetxe zuzendariek erabaki zuten dena ixtea. Ez da eraginkorra izan. Orain, maskarak mantentzen dira, baina bisitak berreskuratu ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.