Indarkeria matxista

Gasteizko jaietan jazotako eraso sexistak gaitzetsi ditu mugimendu feministak

Sei ziztada, bi eraso homofobo eta ukituengatik hiru atxilotu egon dira jaietan. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute erasoei aurre egiteko

Mugimendu feministak antolatutako elkarretaratzea, atzo arratsaldean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Gasteizko mugimendu feministak elkarretaratzea antolatu zuen atzo arratsaldean, jaietan «emakumeen eta sexu-genero disidenteen» aurka jazotako erasoak salatzeko. Izan ere, Gorka Urtaran alkateak adierazi duen moduan, sei ziztada eta bi eraso homofobo salatu dira jaietan, eta hiru gizon atxilotu dituzte adingabeei ukituak egiteagatik.

 

Mugimendu feministak ozen aldarrikatu du Kaleak eta gauak gureak dira leloa azken urteetan, baina oraindik ere erasoei aurre egiteko «autodefentsa feministaz baliatzen» jarraitu behar dutela ñabartu dute.

Festen aurretik eraso sexistak salatzeko telefono bat jarri zuen martxan mugimendu feministak: «Jakin bagenekien erasoak artatzea eta laguntza eskaintzea instituzioen ardura izan beharko lukeela, eta ardura hori beteko ez zutela». Egoera horri aurre egiteko, kaleak eta espazioak «gureganatzeaz» mintzatu dira, eta «gizon zisheterosexualen» ardurari dei egin diote, erasoak identifikatu eta geldiarazteko, baita erasotzaileekin «konplizitatea apurtzeko» ere.

Azkenik, Poliziaren jarrera ere gaitzetsi dute. Haien esanez, babes eske joan diren emakumeen testigantzak gutxietsi dituzte, eta neskak «infantilizatu» dituztela ere salatu dute. Mugimendu feministak garbi du «antolakuntzak eta autodefentsa feministak» babesten dituela, eta «ez Poliziak».

Ziztak, «dominazio ekintza»

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere egin du Gasteizko jaietan egon diren erasoen inguruko balorazioa. Jaietako bederatzi eraso matxistek eta bi eraso homofoboek egoerari aurre egiteko «urgentzia» erakusten dutela adierazi dute.

Ziztada bidezko erasoak «desnormalizatu eta salatu» egin behar direla ere esan dute. Izan ere, Itaiarentzat, indarkeria matxistaren beste fenomeno bat dira ziztak, «izan droga inokulatuz edo zizta orratz bidez eginez». Eraso horiek «emakume langileen zaurgarritasuna» areagotzen dutela diote: «Dominazio ekintza horiek ondorio larriak dakartzate emakumeon osasun fisiko zein mentalean». Hala, erasoak salatzea eta indarkeriaren normalizazioa amaitzea ezinbestekotzat jo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.