Laia Forne. Soziologo urbanoa

«Parte-hartze eremuek ahalmen txikia dute politikan eragiteko»

Forneren arabera, «arazo handia» da parte-hartze prozesu zenbaitetan hedatzen den indibidualismoa. Uste du batzuetan «lehiaren logika» nagusitzen zaiola lankidetzari.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Soziologo urbano gisa aurkezten du bere burua Laia Fornek (Bartzelona, 1981). Bilbon izan da egunotan, gobernantza komunitarioari buruz hausnartzen EHUren Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatutako Partaidetza, Ikerketa Ekintza eta Garapen Komunitarioari Buruzko Nazioarteko Jardunaldietan. Bartzelonako Udaleko Parte Hartze eta Lurraldetasun Saileko aholkularia izan zen 2015etik 2019ra; eta, gaur egun, La Hidra Bartzelonako Hiri Ikerketa Institutuan ari da —datorren astean etapa berria hasiko dute, IDRA izenpean—.

Herritarrek gehiago parte hartu behar dute udal gobernantzan?

Ez dakit beharra den berba. Administrazioak askotan egiten du berba inperatiboekin, baina, benetan, herritarrek egin dezatela gura dutena. Kontua da badagoela parte-hartze arkitektura bat eraikita, non, ustez, ahotsa ematen zaien herritarrei udal politikari buruz iritzia emateko. Baina, egiatan, espazio horiek kontsulta eta informaziorako daude eginda batez ere, eta ahalmen txikia daukate politikan benetan eragiteko. Eta bestaldean, zuzeneko gobernantzan, hor bai hartzen dute parte botere ekonomiko eta faktikoek. Arazoa da botererik ez dagoen eremuetan ipintzen direlaparte hartzeko espazioak, eta ezin dugu parte hartzeaz berba egin botereaz eta desberdintasunaz berba egin barik.

Aldatu egin behar da eredua?

Parte-hartze eredu honek partehartze indibidualari eman dio lehentasuna, kontsentsua bilatzeari eta gatazka kudeatzeari. Eta hori egin du parte hartze kolektiboaren gainetik, trantsizioan egon zen parte hartzetik, arlo politikoari indar handiagoa ematen dion horren gainetik.

Zelakoa zen herritarren parte hartzea trantsizioan, bada?

Herritar antolakundeek eta administrazio publikoek hurbileko harremana zuten. 1970eko hamarkadan dena zegoen egiteko. Frankismoaren 40 urteak atzean utzita, udal demokratikoak eratu ziren. Auzoetan eta lantegietan antolakuntza handia zegoen, eta urte haietan aurrera eroan ziren politika publikoek bi elementu horien elkarrizketatik edan zuten. Bartzelonan auzo askok ez zeukaten azpiegitura publikorik, ekipamendurik, estolderiarik edo kale asfaltaturik, eta hori dena auzo erreibindikazioen bidez lortu zen. Batez ere Nou Barrisen, auzokoek kudeatzen zituzten kultur espazioak, baina 1990eko hamarkadan, udalak erabaki zuen ezetz; hiri ekipamenduen kudeaketa azpikontratatu egingo zuela. Orduan, bezero-zerbitzu harremanaren logikakoa bihurtu zen.

Bartzelonan aurrekontu parte hartzaileak erabili dira azken legegintzaldian. Zelan funtzionatu dute?

Eztabaida asko izan genituen horren harira. Ondo nahi genuen egin, eta ondo dago Bartzelonaren moduko hiri batek herritarren parte hartzerako tresna berriak probatzea. Geure buruari baimena eman behar diogu politika publikoen laborategi izateko, azkenean praktikarekin ikasten da eta: eginez. Apustu ausarta izan da; eta eredua, oso-oso ondo pentsatua. Zailtasunak zailtasun, saiatu dira eztabaida prozesu bat edukitzen —aurrez aurreko espazioekin eta sareetan—, ez bakarrik azken bozketa.

Prozesua arrakastatsua izan da, orduan?

Nik ez dut azken inplementazioa bizi izan, baina erronka da aurrekontu parte hartzaileak egiteko udalak berak ipini behar duela lanean horren alde: arlo tekniko-administratiboa eta politikoa. Kanpotik ikusi dudanagatik, heldu da herritarrengana. Baina egia da azkenean lehiaketaren antzeko logika ikusi diodala lankidetzaren gainetik. Zaila da horri aurre egitea erakundeetatik.

Zer zentzutan?

Niri auzoko sareetatik heltzen zitzaizkidan mezuak: «Bozkatu nire etxe aurreko plazaren alde». Eta egia da plaza oso ahaztuta dagoela, baina beste proposamen batek irabazi zuen. Kontua da benetan zentzu handiagoa daukala auzoa bere osotasunean aztertzeak eta horren arabera erabakitzeak non inbertitu.

Agian, halako parte-hartze prozesuetan, jendeak ikuspegi globala galtzen du batzuetan?

Asko ikusi dut hori auzo kontseiluetan. Jendea etortzen da bere etxe ondoan ipini duten zaborrontziagatik kexaka, baina ez dauka auzoa buruan, are gutxiago barrutia edo hiria. Hori da arazorik handiena herritarrekin politika publikoa eraiki nahi duzunean. Gure pentsamoldea bakarrik mugatzen bada guri traba egiten diguten gauzetara... Eta hori gertatu da horretara bideratu delako parte hartzea. «Esan zelan nahi duzun zure kalea». Hainbeste mugatu da parte hartzea, ezen bakarrik uzten ari bazara bankuaren kokalekua aukeratzen, bada jendeak esango dizu: «Ez ezazu ipini nire etxepean, zarata egingo dutelako jesartzen direnek». Hori frustragarria da.

Zer egin behar da hori hobetzeko?

Arazo handienetakoa da erritmo politiko-administratiboak ezin egokitzea herritarren erritmoetara. Obra bat egiteko, urtebete behar duzu. Horretarako, administrazioak aldatu egin behar du bere logika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.