Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Itsaso Balza de Vallejo. Arabako Mendiak Aske plataformako kideak

«Zentral eolikoek Arabako mendiak suntsituko dituzte»

Plataformako kideen ustez, Arabako mendietan zentral eolikoak eraikitzeak ondorio larriak izango ditu hango ekosisteman eta biodibertsitatean.

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
unai etxenausia
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
EEE Eusko Jaurlaritzaren energia agentziak eta Iberdrolak sei zentral eoliko eraiki nahi dituzte Aixeindar sozietatearen bitartez: guztiak Arabako mendietan. Arabako Mendiak Aske plataformako kideek, berriz, alegazioak aurkeztu dituzte proiektu horren aurka. Parke eolikoen eraikuntza eragoztea dute helburu, Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Itsaso Balza de Vallejo plataformako kideek azaldu dutenez. Protesta egiteko, mendi martxak antolatu dituzte haize errotak eraiki nahi dituzten mendietara. Hilaren 26rako antolatu dute hurrengoa, Arkamo mendira (Araba).

Nola eragingo dute parke eoliko berriek Arabako ekosistemaneta biodibertsitatean?

REBEKA GONZALEZ DE ALAIZA: Oso larria da egin nahi dutena. Oraingoz, sei proiektu daude, eta Arabako ia mendikate guztiak hartzen dituzte. Gainera, ziur gaude gehiago tramitatuko dituztela. Proiektuak gauzatzen badira, lurrarekiko deskonexioa areagotu egingo da, eta ekosistema zatitzeak bertako espezieak galtzea ekarriko du. Gainera, fauna gutxitu egingo da, ondare naturala txikitzearen ondorioz. Arabako mendi gehienak publikoak dira, eta zentral eolikoek suntsitu egingo dituzte, pribatizatzearekin batera. Haize erroten ilara batzuk zazpi kilometrokoak izango dira.

ITXASO BALZA DE VALLEJO: Ez du eragingo Araban soilik. Afrikatik Europara joaten diren hegazti migratzaile asko gune horietatik pasatzen dira. Eta larrialdi klimatikoa gainditu nahi bada, horrelako paisaiak dauden bezala utzi behar dira.

Duela hamar urte ere lortu zenuten haize errotak ez eraikitzea. Zer aldatu da ordutik?

GONZALEZ DE ALAIZA: Duela hamar urte sekulako borrokak izan genituen Araban: Iturrietako mendietan, Arabako lautadan, Haranan... Jendearen haserreari esker lortu genuen orduko egitasmoak gelditzea. Orduan, Iturrietako eremuan, argi eta garbi geratu zen haize errotek sekulako kaltea egingo zutela ingurumenean. Arabako Aldundiak Mugarri proiektua atera zuen, eta, besteak beste, Araban gune eolikoak eta fotovoltaikoak non jarri zehazten zuen, eta gune naturalak babesten zituen. Proiektuak argi erakutsi zuen Arabako lurren %60 ez zirela egokiak energia mota horiek ekoizteko, baina orain aurreikusi dituzten parkeak eremu horietan jarri nahi dituzte. Planak 2020ra arte iraun zuen, eta ez zuten berritu nahi izan. Ez dago lurraldea antolatzeko plan seriorik.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen proiektu guztiak Araban dira.

BALZA DE VALLEJO: Arabako lur gehienak publikoak izanik, askoz merkeagoa da haientzat gurean eraikitzea. Bizkaian eta Gipuzkoan lur gehienak pribatuak dira, eta ez da errentagarria. Bestalde, populazioak ere eragiten du erabakian; zentral eoliko gehienak biztanle oso gutxi dauden guneetan jarri nahi dituzte. Hala ere, kontraesan handia da dena, Arabako biztanleria eta turismoa areagotzeko planak egin, eta, aldi berean, eolikoak eraikitzen dituztelako.

Plataformak geroz eta oihartzun handiagoa du.

GONZALEZ DE ALAIZA: Uste zuten ez geniela jarriko trabarik, eta kontrakoa izan da; udalak eta herri batzordeak kontra agertu dira. Desinformazio asko egon da. Guk ez genekien ezer, eta, bat-batean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Arantxa TapiaEusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburua zentral eolikoez hizketan hasi ziren hedabidetan. Lau orri inguruko informazio txosten bat soilik iritsi zitzaigun: ez zen ezer. Hala ere, bagenekien zer zetorren, eta plataformakook jendea informatzen hasi ginen.

Espero al zenuten proiektuen aurkako alegazioetan ia 24.000 sinadura biltzea?

BALZA DE VALLEJO: Ez. Oso eskertuta gaude. Sinadurak biltzeaz gain, gauzak egiteko ere inplikatu da jendea, Araba osoan. Asko herrialde osoan ibili dira sinadurak biltzen, boluntario moduan.

GONZALEZ DE ALAIZA: Eragileok eta norbanakoek elkar elikatu dugu: 50 herri kontseiluk, hamabi udalek, nekazaritza elkarteek eta beste hainbat kolektibok salatu dituzte proiektuak.

Mendi martxak ere antolatu dituzue haize errotak eraiki nahi dituzten mendietara.

GONZALEZ DE ALAIZA: Jendeak mendiak ezagutzeko antolatu ditugu ibilaldiak. Ezagutzen ez duguna nola babestuko dugu, bestela? Mendi horietan egon ez denak kendu nahi diguten paisaia ikusiko du; kontzientziak astinduko ditu. Ziur.

Baina ukaezina da energia berriztagarriak ekoizteko proiektuak beharrezkoak direla, ezta?

GONZALEZ DE ALAIZA: Bai, baina ez horrela. Sustatu nahi duten energia ekoizpeneko eredua ez da jasangarria. Larrialdi klimatikoaren izenean egiten dutela esaten duten arren, ez dio mesederik egingo ingurumenari. Eredua aldatu behar da.

Zein da alternatiba?

GONZALEZ DE ALAIZA: Guk etekinik gabeko produkzioa eskatzen dugu, herriak kudeatuko duena, eta ahalik eta gertukoena. Ezin da berriztagarria izan, babestutako paisaia naturalak suntsitzen baditu. Krisi klimatikoa eta krisi energetikoa ez dira horrela konponduko.

BALZA DE VALLEJO: Zentzuzko lurralde plan bat garatzea izango litzateke alternatiba egokiena. Edozein energia mota produzitzeko, jada gizakiak industrializatutako guneak erabiltzea. Beharren arabera, ahalik eta burujabetza energetiko handiena lortu behar dugu Euskal Herrian. Ez da berdina hiri batek edo industriagune batek behar duen energia kopurua, edo herri txiki batek behar duena, adibidez. Herri txikietan erraz lor daiteke burujabetza energetikoa. Gaur egungo teknologiarekin, haize errotak ez dira mendietan eraiki beharrik.

GONZALEZ DE ALAIZA: Orain presaka dabiltza. Gainera, Ramiro Gonzalezek esan zuen bertako biodibertsitatean eraginik ez zuela izango. Hori gezurra da: haize errotak eraikitzen badira, egindako minak ez du izango atzera bueltarik.

Uste duzue proiektuak geldituko dituzuela, duela hamar urte bezala?

GONZALEZ DE ALAIZA: Duela hamar urte, legea ez zen orain bezain zurruna, eta borrokatuz lortu genuen. Nahiz eta egun legeak zurrunagoak diren, ez dira betetzen. Hori horrela izanik, jendeak hauspotzen du borroka. Elkarrekin lan eginez, lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.