Indarkeria matxistaren aurkako eguna. Monica Ramos Toro. Antropologoa

«Emakume batzuek hamarkada luzez jasan dute bortizkeria»

Adineko andreek zailtasun handiak dituzte tratu txarrak identifikatzeko, gizonei men egiteko hezi dituztelako, besteak beste. Bortxaren aurkako baliabideak haien premietara egokitzeaz mintzatu da Monica Ramos.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Adineko andreen aurkako tratu txarrak ikusgai jarri ditu aurten Emakundek Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko kanpainan; auziari buruzko jardunaldiak antolatu ditu asteon Bilbon. Hizlarien artean izan da Monica Ramos Toro antropologoa (Madril, 1967). Emakumeen zahartzea ikertzen aritu da urteotan: «Zorionez, gero eta gehiago hitz egiten dugu feministok gaiaz».

Adineko emakumeen ikusezintasunaz ohartarazi duzu. Gutxi ikertu da haien egoera?

Duela gutxi hasi gara. Izan ere, gerontologia ez da inoiz feminista izan, baizik eta oso androzentrikoa: ikerketak gizonekin egin ditu, eta gero emaitzak orokortu; beraz, andreen bizipenak eta arazoak ezkutuan geratu dira. Eta, orain gutxira arte, feminismoek ere ez dute arreta jarri zahartzean.

Edadetuek diskriminazio handiagoa jasan dutela esan duzu. Zer ikusi duzu haiekiko lanean?

Bizi osoa daramagu diskriminazioa jasaten, eta, zahartzarora iristen garenerako, pilatu egin da, eta, gainera, agerikoagoa da. Bi diskriminazioak uztartzen baditugu, ohartuko gara andreei gehiago eragiten diela zahartzeak eta adinkeriak. Adibidez: emakumeoi etengabe exijitzen zaigu gazte itxura izatea. Gure identitatearen parte da; beraz, guretzat zahartzea antieredu bat da. Desberdin neurtzen dira gizonen eta emakumeen prozesuak: ia 60 urteko andre bat jada nagusia da, eta adin bereko gizon bat «bizitzaren onenean» dago; edo askoz gehiago zigortzen da emakumeen sexualitatea gizonena baino.

Bikote harremanetan jasaten duten indarkeria oso lotuta dago faktore kulturalekin. Beren garaiaren eta sinesteen biktima dira adineko emakumeak?

Guztiz. Sozializatuak izan ziren garai historikoaren produktua dira. Etengabe entzuten baduzu gizonek indarkeria erabil dezaketela zure kontra eta merezi duzula, edo ezkontzen zarenean kode zibilak adierazten badu obedientzia osoa zor diozula senarrari eta hark erabakiko duela bankuan kontu bat zabaldu dezakezun... Hori guztia albo batera utziz gero, ez ditugu ulertuko adineko andreak. Zergatik ez dira banatu? Ez zelako batere erraza: emazte gisa porrot bat zen, estigma bat; askok diote hori bizitzea tokatu zaiela, eta hor dugu erlijioaren eragina ere. Batzuek hamarkada luzez jasan dute indarkeria, eta maiz haiek ere ez dute ulertzen bortizkeria denik: subordinazioan hezi dituzte, eta desberdintasun maila handiagoak onartzen dituzte. Baina ahalduntzen direnean eta euren ezinegonak bortxarekin lotzen dituztenean, kapazak dira hortik ateratzeko.

Nolakoa da indarkeria hori?

Oso gutxi dakigu. Ikerlan kuantitatiboetan duela gutxi hasi dira 65 urtetik gorakoen datuak jasotzen, baina, autoidentifikazio arazoen ondorioz, indarkeria psikologikoa eta kontrola agertzen dira batik bat, baina ez bortxa sexuala edo ekonomikoa. Beraz, tentuz aztertu behar dira datu horiek. Izan ere, ikerlan kualitatiboetan azaleratzen da bortizkeria ekonomiko, fisiko eta sexual latza ere pairatzen dutela. Oraindik asko geratzen da ikertzeko; besteak beste, errealitate horietan daudenentzat berariazko baliabideak sortzeko.

Indarkeria sexuala ezkutuan egon da, baina andre askorentzat ohikoak izango ziren ezkontza barruko bortxaketak, ezta?

Emakume askok esaten dute ez dutela gozatu beren gorputzaz askatasunean. Berdintasun espazio batera joaten direnean eta orgasmoez hitz egiten hasten direnean, asko ohartzen dira ez dutela ezagutu halakorik, baina agian momentuan bertan ez dutela sufrimendu gisa bizi izan. «Nik bikotekideari utzi diot nire gorputzarekin nahi zuena egiten», pentsatzen dute, eta hori lantzea oso zaila da ezkontzako eginbidean hezitako andreentzat.

Indarkeria jasan dute hamarkada luzez. Zer inpaktu du horrek andreongan?

Latza da. Batzuek 30-40 urtez pairatu dute indarkeria, eta horrek suntsitu egin ditu pertsona gisa: egoera horiek normalizatu egin behar izan dituzte bizirik irauteko, eta horrek errudun sentiarazi ditu, autoestimu gabe utzi. Bortizkeria psikologiko eta emozionala jasan dutenentzat, are zailagoa da indarkeria identifikatzea; beraz, kontu handiz egin behar da beren bizia berreraikitzeko prozesua: beste andreekin batera, apurka, denbora hartuz...

Adineko andreek, oro har, ez dute ikusten beren burua biktima gisa. Eta haien inguruak?

Berdin. Ikerlanetan ikusi dugu, gainera, seme-alabek sarri ikusi edo bizi izan dituztela tratu txarrak, forma batzuetan behintzat, baina etxetik joaten direnean egoera aldatzen da. Are, amak esaten dienean nazkatuta dagoela eta etxetik alde egin nahi duela, ikusten badute aitari mendekotasunak areagotzen ari zaizkiola, andreari esaten diote: «Geratzen den denborarako, nola utziko duzu horrela aita? Ez du jakingo bere burua zaintzen...». Hortaz, prozesuan ama babestu eta aitarentzat zaintza bilatu ordez, beste leku batera begiratzen dute sarri. Horregatik diogu familiekin ere lan handia egin behar dela. Eta gainera, zaintza zerbitzu publikoak indartu behar dira, senarraren mendekotasuna ez dadin izan oztopo indarkeriatik ateratzeko.

«Zure bizitzako garai honetan, zertarako?». Adinkeria handia dago halako iruzkinetan...

Bai, eta gizarte langileek ere maiz lan egiten dute ikuspegi horretatik: «Ez dira aldatzeko gai izango». Bada, baliabideak, laguntza eta denbora jarriz gero, noski alda daitezkeela; agian ez zuk nahi duzun abiaduran edo moduan, baina horregatik ezin dira galdutzat eman pertsona horiek; ezin da pentsatu adinagatik ezin dutela ezer egin bizitzan. Izan ere, kontrakoa da: askok diote zahartzaroa izaten ari dela beren bizitzako momenturik onena, hamarkadak eman dituztelako besteengan pentsatzen, mundu guztia zaintzen, ikasi ezinda, gustuko ez zituzten lanetan... baina orain lasai daude, lagunekin, museoetara joan daitezke...

Baliabideak falta direla nabarmendu duzu. Zeintzuk?

Batetik, berariazko baliabide ekonomikoak behar dira: ez dago laguntzarik indarkeria jasaten duten adinekoentzat, baina, ikerlanetan ikusten badugu baliabide ekonomikorik ez edukitzeak banatzea oztopatzen diela, haientzako errenta berezi bat sortu beharko da. Eta, oro har, zerbitzuak haien premietara egokitu behar dira: etxebizitzak moldatu, arreta bulegoak hurbildu... Bestetik, trebakuntza behar da, bai ikuspegi feministan, bai zahartzearen inguruan. Alde horretatik, gizarte eta osasun zerbitzuetan, biologiari ez ezik biografiari ere erreparatu behar diote: andreek adierazten dituzten minak eta egonezinak ezin zaizkio egotzi soilik adinari. Harago begiratu behar da; erietxera kolpeekin iristen den emakume batez, zergatik pentsatzen da erori dela eta ez beharbada indarkeria jasaten duela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.