Pilar Garrido. Unidas Podemoseko diputatua

«Jarduteko abagune zabal bat izango dugu»

Espainiako aurrekontuek euren bideari Senatuan jarraituko diote, baina Garridok aldaketa txikiren bat baino ez du espero. Hala, uste du koalizio gobernua indartuta aterako dela azken asteetako zurrunbilotik.

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
Iosu Alberdi.
Donostia
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
UP Unidas Podemoseko diputatu Pilar Garridok (Badajoz, Espainia, 1966) oso gertutik jarraitu du Espainiako Gobernuaren 2022rako aurrekontu proiektuak Kongresuan egin duen ibilbidea. Izan ere, hura da Aurrekontu Batzordeko presidentea. Proiektuak Senaturako jauzia emanda, atseden pixka bat hartu du, baina ezin gehiegi lasaitu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko koordinatzaile gisa, begirada jarria baitu Eusko Jaurlaritzaren kontuetan ere.

Azken asteak zalapartatsuak izan dira Madrilen.

Une biziak dira. Azken astean, modu publikoagoan ikusi da negoziazioen espektakulua, baina guk hilabeteak daramatzagu aurrekontu proiektuaren prestaketa lanetan. Oinarrizkoa izan zen hasiera; esaterako, PSOEk etxebizitza lege bat osatzeko konpromisoa hartu izana. Asko kostatu zen. Ordutik, negoziazio asko, eta beste horrenbeste akordio.

Kongresuan amaitu dute bidea aurrekontuek, eta Senatura doaz. Aldaketa gehiago espero dituzue han?

Beti egon daiteke aldaketaren bat, baina puntualak izaten dira. Uste dut aurrekontuak gutxi gorabehera itxita daudela.

Zer-nolako balorazioa egiten du Unidas Podemosek kontuen inguruan?

Oso positiboa, aurrekontu horiekin 2021ean hasitako bide orriari jarraipena ematen baitzaio; murrizketekin amaitu eta herritarren beharrak aurrekontuen erdigunean jartzeari. Bide orriaren finkapena dira. Transformazio sozioekonomiko justu baterantz apuntatzen dute, babes sozial zabalago bat bilatzen.

UPtik dependentzia eta berdintasun gaietarako funtsak nabarmendu dituzue. Horiek azpimarratzen dituzu zuk ere?

Oinarrizko diru sailak dira, gure ministerioekin bat egiten dutenak. Dependentziaz ari garenean, itxaron zerrendekin amaitzeko lanez ari gara. Euskadin ere, Eusko Jaurlaritzak ministerioaren lekukoa hartu du egoitzetako eredua aldatzeko. Orain, XXI. mendeko herritarren beharren araberako dependentzia plan bat dugu.

Berdintasun gaiei dagokionez, berriz, salto kuantitatibo eta kualitatibo bat egin da. 500 milioi euroko diru funtsaz ari gara, eta horien erdia indarkeria matxistaren aurkako borrokarako da. Eta garrantzitsua iruditzen zait haur eskolen gaia ere. Haurrak zaintzeko espazioak profesionalizatzea, ez soilik emakumeek lan egin dezaten, baita denbora librea izan dezaten ere.

Alderdikideen ahoetatik sarri entzun da batzuetan «apoak irentsi» behar direla. Hala izan da aurrekontuen kasuan ere?

Bi proiektu politiko ezberdin dituzten alderdien arteko koalizio gobernu bat sortzean, argi dago negoziazioan apurren bat galduko duzula; bestela, ez dago akordiorik. Ez dut esango marra gorririk genuenik, baina bai oinarrizkotzat jotzen genituen hainbat afera. Euskadin, esaterako, etxebizitza legeaz hitz egin genuen, zerga erreformaz... Adierazi genuen amiantoaren biktimentzat funts bat eratu behar zela. Eta kostatu da, arlo batzuetan beste batzuetan baino gehiago, PSOE mugiaraztea.

Batzuetan badirudi gehiegizko kontuak eskatzen ditugula, baina errealitatea da gu gobernu akordiora mugatzen garela; hura betearaztera. Baliteke PSOEk horietako batzuk bete nahi ez izatea, eta hor ari gara indar egiten.

Gehiengoa osatzeko beharrezkoak izan dira, esaterako, ERC eta EH Bildu. Zer rol izan du UPk horiekin akordioak ixteko?

Ez litzateke koalizio gobernurik egongo UPk ez balu ehuntzeko lan hori egingo. Egoera tenkatzen ari garela esaten digute sarri, baina beti esan dugu saretzeko gai garela. UP da gehiengo subiranista eta plurinazionala lotzeko gai den oinarrizko pieza. Iaz ikusi zen aurrekontuak onartzerakoan, eta aurten, berriz. UP, eta UPren euskal taldea, oso presente dago inbestidurako gehiengoa lantzeko eta indartzeko gogo horretan. Hura da koalizio gobernuak irautea eta beharrezko aldaketak egitea bermatzen duena.

Saltorik bada iaz onartutako aurrekontuetatik aurtengoetara?

Iazkoa abiapuntua izan zen. Murrizketetan oinarritutako aurrekontu austerizida batzuetatik herritarrentzat pentsatutako kontu batzuetara eginiko norabide aldaketa. Hura izan zen aldaketa handia. Aurten, aurrera egiten jarraitu dugu. Uste dut ontzia erritmo onean ari dela nabigatzen.

Beraz, indartuta ikusten duzu Espainiako Gobernua.

[Espainiako Kongresuko] Presidenteak bozketen berri eman zuen unean jada ikusi zen inbestidurako gehiengo zabal eta sendo bat dagoela. Legealdiari geratzen zaion epean aurrera egiteko aukera ematen digu.

Datozen erronkei erantzuteko prest? Memoria demokratikoaren legea, etxebizitza legea, mozal legea

Inoiz baino gehiago. Begirada atzera botaz gero, egoera txar baten aurrean geunden; osasun arloan, baina baita ekonomikoan ere. Gogorarazi nahiko nuke euskal gizartearentzat onuragarriak diren legeak onartu ditugula: eutanasia legea, haurtzaroaren babeserako legea, klima aldaketaren legea... Lan legegile garrantzitsu bat egin dugu, egoera korapilatsu batean. Beraz, bikainki lerrokatuta gaude orain oinarrizko gaiei aurre egiteko. Bai edo bai iritsi behar dira, eta uste dut legealdi honetan onartzeko denbora emango digula.

Bien arteko tirabirak ere badira;lan erreforma kasu.

Lan erreforma indargabetzera konprometitu ginen, eta uste dut gertu gaudela. Yolanda Diaz [Lan ministroa] lan garrantzitsua egiten ari da. Beraz, agian Olentzero iristen denerako lan erreforma izango dugu.

Diaz bera beste indar politiko batzuetako kideekin agertu da azkenaldian. Hurrengo bozei begira jarri da UP?

Hurrengo hauteskundeetan ezkerreko gehiengo indartsuago eta eraginkorrago bat izateko lan egiten ari gara, egiteke geratuko diren aldaketei aurre egiteko. Askok uste dute Yolanda Diaz dela espazio politiko hori gidatzeko pertsona aproposena, eta ez UPko militanteen artean soilik.

Hauteskunde horiek legealdia ahitu ostean iritsiko dira?

Uste dut baietz. Aurrekontuak ia onartuta ditugu, eta, beraz, jarduteko abagune zabal bat izango dugu. Lege garrantzitsuak geratzen dira, eta aldaketa horiek guztiak onartu egin behar dira. Hala, uste dut legealdi luzea izango dela, eta arazorik gabe iritsiko garela 2023ra.

Madrilen posible izan dena ez da hala izan Eusko Legebiltzarrean.

Koalizio gobernutik zuzenketa ugari negoziatu dira EAJrekin, eta ahalegin bat egin da proposamen horiei balioa emateko. Badirudi, baina, EAJk ez duela hemen gauza bera egiten gurekin. Uste dut ez duela egin beharreko ahalegina egin. Adostasun sozial zabal bat duten neurriak aurkeztu ditugu: energia enpresa publiko bat, osasungintzako 4.000 langile euren postuetara itzultzea eta segregazioarekin amaituko duen hezkuntza plan bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.