Lala Mujika. Aldarteko sortzaileetako bat

«Lesbiana asko ikusezinak ziren, eta gaur egun ere hala dira»

Frankismoan gazteak ziren lesbianen testigantzak jaso ditu 'Lesvisibles' dokumentalak. Bertan ageri direnetako bat da Mujika, eta heteroarauez, errepresioaz, sozializatzeko bideez eta borroka kolektiboaz mintzo da.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Bilbo
2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian frankismoaren garaian gazteak ziren zazpi lesbiana feministen testigantzak jasotzen ditu Lesvisibles dokumentalak. Aldartek sortu du, eta LGTBI+ memoria historikoa berreskuratzea du helburu. Dokumentalean ageri da Lala Mujika, Aldarteko sortzaileetako bat (Tetuan, Marokoko Erresuma, 1959), eta errepresio bideez, borrokaz eta espazioez mintzo da.

Zer zailtasun izan dituzue informazioa lortzeko?

Zailtasunik handiena da horietako asko ikusezinak izan zirela; gutxi batzuk antolatu ginen eta izan ginen kolektiboetako eta mugimendu homosexualeko aktibista. Uste dut askok izan zuten rola gutxiesten dutela; hau da, badago jendea prest dagoena hitz egiteko, baina bizitakoari garrantzirik ematen ez diona. Bestalde, oso zaila da nire adineko emakumeak topatzea; horietako asko, esaten den moduan, ez dira armairutik atera; lesbiana asko ikusezinak ziren, eta gaur egun ere ikusezinak dira. Badaude, baina animatzen direnak gutxi dira.

Gutxiespenaz gain, zer beste faktore daude atzean?

Lotsa, zailtasun sozialak eta ez onartzea egin zutenaren balioa. Horietako askok seme-alabak eta bilobak dituzte. Ez da erraza 80 urte dituztela esan eta bizitza osoan emakumeekin egon nahi zutela esatea. Gizon homosexual legitimatu asko daude, baina emakume lesbianen sexualitatean asko dago aitortzeko.

Zer dago horren atzean?

Emakumeen sexualitate autonomoa eta independentea ez onartzeari lotuta dago. Oraindik gizarte heteropatriarkalak gogor eragiten du. Frankismoan ez zen existitzen, eta uste dut oraindik ere, hein batean, ez dela existitzen. Sexualitatea intimitatean bizi da; gutxitan egiten da publiko.

Lesvisibles du izena; ikusgaitasunean jarri duzue arreta.

Garai horretako memoria berreskuratu nahi dugu, eta aldarrikatu emakume lesbianak existitzen zirela eta gaur egun existitzen direla. Erakutsi nahi dugu emakume lesbianak kalera ateratzen ginela aldarri politiko eta sozialekin. Helburua mugimendu homosexualaz hitz egitea da, gaur egun LGTBI+ mugimendua denaz. Historia aztertzen denean, joera dago lesbianen kolektiboak mugimendu feministaren barruan sartzeko. LGTBI+ mugimenduaren parte ere bada, eta oso gutxitan islatzen da. Mugimenduaren historiari erreparatuz gero, galdera bat datorkit burura: non daude lesbianak?

Zergatik militatu zenuten askok lesbiana feministen taldean?

Lesbiana feministen kolektiboak sortu behar izan genituen, kolektibo homosexualetan ez genuelako tokirik garai horretan. Emakumeak ikusezintasunetik abiatzen ginen; soilik homosexualitate maskulinoaz hitz egiten zen; errepresioa ezartzen zuten legeek homosexualitate maskulinoari erreferentzia egiten zieten; gogor jotzeko eta jazartzeko. Emakume lesbianak ez ginen egon errepresio publikoaren historian; errepresio pribatua sufritu genuen eskolen eta psikiatrikoen bidez, mojetara eramaten gintuzten. Lesbianak existitzen ginela aldarrikatzen genuen.

Liburuak, filmak eta Sorgina-ren gisako aldizkariak bidelagun izan ziren?

Bai. Sorgina zen Euskadin lesbianismoaren inguruan sortzen zen gauza bakarra. Kultura bultzatzen zuen, politikaz eta historiaz mintzo zen, beste lesbianen taldeen berri ematen zuen, eta erreferentzia tresna bat zen. Euskadiko lesbiana feministen eragileok egiten genuen. Orain jabetu gara horrek zer garrantzi zeukan, baina beharra genuelako sortu genuen.

Lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatzeaz gain, egiturazko gizarte eraldaketa baten alde borrokatzen zineten?

Dokumentalaren amaieran Asunek [Urbieta] esaten du ez ginela borrokatzen soilik ezkontzeko eta adoptatzeko; aldarrien parte txiki bat ziren. Gizarte sistemaren aurka borrokatzen ginen, eta oso argi geneukan hala nola antifaxistak, antirrazistak eta feministak ginela. Ez ginen soilik errekonozimendua nahi zuten lesbianak; autonomoagoa eta independenteagoa zen sexualitate ez heteropatriarkala aldarrikatzen genuen. Jakin gabe, intersekzionalak ginen.

Lesbiana askok ezkondu behar izan zuten. Zer ekarri zuen horrek?

Beste emakumeenganako desio erotikoa zuten emakume lesbiana asko ezagutu ditugu Aldarten frankismoan ezkondu behar izan zutenak. Egunero sufriarazten zien sexualitatea praktikatu behar zuten, eta horietako askok haurrak izan zituzten nahiz eta nahi ez izan. Feminismoak agindu hori apurtu zuen: hala nola sexualitatea ez dela ezkontza edo sexualitatea ez dela erreproduktiboa aldarrikatuz. Abortuaren aldeko borroka, adibidez.

Zer bide zeuden ezkontzatik ihes egiteko?

Ia nerabezarora arte frankismoan bizi ginen, eta emakume eredua etxekoandrean eta ezkontzan oinarritzen zen. Oso ihesbide gutxi zeuden. Mojen ikastetxeetan ikasi genuenok ezkontzaren betebeharretik ihes egiten zuten moja asko ezagutu genituen. Ezkontza derrigorrezkoa zen, eta emakumeak kondenatzen zituen. Ikasi nahi zuten moja asko zeuden; gainera, nire ikastetxean ikastera eta ez ezkontzera animatzen gintuzten. Ikastetxe horietan ikasi genuen asko lesbianak ginen, eta baita mojetako asko ere.

Zer beste eragin izan zuenfeminismoak askatasun sexualean?

Batzeko lekuak ziren; egia da feminismoaren barruan lesbiana asko geundela, eta batez ere garai horretan. Lesbianen artean identifikatzen eta elkarrekin ligatzen ikasi genuen, eta beste espazio politiko eta sozialetan bizi izan ez genituen harreman sexual afektiboak egia bihurtu genituen. Emakumeen sexualitatea gizonen sexualitatera lotuta zegoen; feminismoak emakumea subjektu sexual gisa aldarrikatzen zuen. Feminismoak sexualitate lesbikoa hauspotu zuen. Nik uste dut horrek eragin zuela, nahiz eta beste antolakunde bat izan, elkarrekin borrokatzea. Lesbiana feministak ginen.

Itxaropena kaleak zer esan nahi izan zuen mugimenduarentzat?

Harreman sexualak mantentzeko elkargunea izateaz gain, babesteko eta sozializatzeko gunea zen; lesbiana gisa bakarrik ez zeundela ikusteko modua. Gaur egun oraindik ez dagoen sozializazioa zegoen, sozializazioa oso heterosexuala delako. [LGTBI] giroko gunea, guretzat, batez ere El Convento izan zen. Gune horiek gabe gaur egun ez zen mugimendu homosexualik egonen.

Militatzeaz gain ondo pasatzen zenutela nabarmentzen duzue.

Militatzen genuen, eta ondo pasatzen genuen; sufritu ere bai. Erasotzen ziguten, baina bagenekien erantzuten, eta indarkeriak eta erasoek ez gintuzten definitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.