Tyra Matshoko. Repair64 elkarteko lehendakaria

«18 urtetan baztertuak sentitzen dira familia arazoak dituztenak»

Familia arazoak dituzten haur eta gazte asko Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren baitan hazten dira. 18 urtetan, haatik, laguntza mozten die egitasmoak, eta hutsune hori betetzeko ahaleginetan ari da Matshoko.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Repair64 elkarte sortu berriko lehendakaria da Tyra Matshoko (Ambilly, Frantzia, 2000). Oraingoz, zazpi boluntario dira elkartean, eta helburua da Haurtzaroko Gizarte Laguntzaren baitan diren gazteak laguntzea. Familia arazoengatik gurasoengandik urrunduak izan diren haurrak laguntzen ditu egitura horrek, helduarora arte. Baina ezta egun bat ere gehiago. Izan ere, Repair64ko kideak azaldu du 18 urte betetzen dituzten egunean egitasmotik kanpo gelditzen direla gazteak erabat. Hain zuzen, haustura hori ekiditea dute helburu.

Zer da Repair64 elkartea?

Elkarte hau sortu dugu Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren hartzaile diren edo izan diren gazteak entzuteko, laguntzeko eta sostengatzeko. Helburua da elkar laguntzea, batez ere helduarora iristen direlarik gertatzen den hausturaren momentuan. 18 urte betetzen dituztelarik, ordura arte Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren sostengua jasotzen zuten gazteak deus gabe gelditzen dira. 18 urte betetzean helduegi bilakatzen dira laguntza jasotzeko; beraz, bakarrik gelditzen dira.

Zer gertatzen da 18 urte betetzen dituztenean?

Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren babesik ez dute gehiago jasotzen, egunetik biharamunera: 18 urte betetzen dituzten egunean bertan egitasmo guziak gelditzen dira. Laguntza ekonomikoa baldin bazuten, jada ez dute; harrera familia batean baziren, jada ezin dira gelditu; gizarte laguntzaile bat baldin bazuten, jada ezin dute deitu. Askotan ezinezkoa da irudikatzea, baina demagun gurasoak dituzula, txikitatik lagundu zaituztela, eta, bat-batean, 18 urte betetzen dituzun egunean, guztiz uzten zaituztela; hori da gutxi gorabehera gazte horiek bizi dutena.

Zer egoeratan gelditzen dira?

Zaila da, gazte anitz gizartetik kanpo gelditzen baitira, baztertuak. Ordura arte ez zuten haiek kudeatzen beren banku kontua, orduan ez dakite nola egin, ez dakite zein elkarterengana jo laguntza lortzeko, ez dituzte beren eskubideak ezagutzen... Ez da batere erraza. Nerabezarotik helduarora pasatzea ez da erraza, bada, haiek arazo bat gehiago dute, hori dena bakarrik egin behar dutelako.

Psikologikoki, nola ikusten dituzue helduarora iritsi berri direnean?

Pentsatzen dut bazterrera utziak sentitzen direla. Are konplikatuagoa da oinarrian familia arazoak dituztelako, eta horregatik gurasoengandik urrunduak eta egitura edo harrera familia batean ezarriak izan direlako. Kasu batzuetan, gainera, jadanik beren familiarengandik bazter utziak izan dira haurtzaroan. Ordura arte babestuak sentitzen ziren, baina, kolpez, berriz ere bazter utziak eta kanpo ezarriak sentitzen dira.

Zer-nolako laguntza eskaini nahi diezue?

Adibide bat emanen dut. Haurtzarorako Gizarte Laguntzan heldu gazteentzako kontratu mota bat bada, gehienez ere 21 urtera arte ukan dezaketena. Jakin behar da laguntza hori ez dutela denek lortzen, departamenduaren hautuen araberakoa baita kontratu hori lortzeko baldintzak definitzea, eta aldakorrak dira. Duela gutxi konturatu gara heldu gazteentzako kontratua duen eta ikasketetan den gazte bati ikasturte bukaera arte eman behar diotela laguntza hori; ezin dute 21 urte betetzen dituen egunean eten. Gure rola, hain zuzen, gazteei eskubide horiek ezagutaraztea izanen da.

Eskubideak ezagutarazteaz gain, eguneroko bizian laguntzeko tresnak badituzue?

Sortu berriak gara; beraz, horretan ari gara lanean. Lortu nahiko genuke beste egitura batzuekin harremanetan ezartzen eta nahikoa diru laguntza biltzen. Gure helburua, epe luzera, heldu gazte kontratuak martxan ezartzeada, 18 urtetik 25 urtera arte. Anartean, gazteentzako etxebizitzak kudeatzen dituzten egitasmoekin elkarlan bat abiatu nahiko genuke, larrialdi egoeretan gazte batzuk aterpetu ahal izateko.

Azken finean, Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren eskasiak jartzen dituzue jomugan...

Bai, baina ez dugu horien kontra aritu nahi, elkarren osagarri baizik. Badakigu gaur egun baliabide eskasia ere badela, eta horregatik beharrezkoak dira gurea bezalako boluntarioz osaturiko elkarteak. Departamenduarekin harremanetan gara, haien bidez lortu baititugu gure elkartea garatzeko lehen kontaktuak. Eskasiak bete nahi ditugu, eta gazteen bozgorailu izan nahi dugu, baina diren egituren kontra egin gabe.

Sortu berriak izan arren, proiektu batzuk pentsatuak dituzue berehala martxan jartzeko.

Hasteko, lokal bat atzeman nahi genuke, guregana jotzen duten gazteak babestuak sentitzen diren leku bat ukan dezaten. Diru laguntzarik lortu gabe ere, beren hitza entzun dezakegu. Horretarako, bi proiektu ditugu. Bata haiengana jo, eta mintzarazteko pentsatu dugun proiektua da. Kirolaren bidez, jokoen bidez eta sormenaren bidez dituzten zailtasunak ulertu eta horiek gainditzen laguntzea da helburua. Bigarren proiektua, gazte egoitzetara joatea da, haiekin batera kozinatzeko, eta esperientziak partekatzeko.

Zuek kudeatuko duzue hori guztia?

Gure asmoa da enpresa batzuekin partaidetzak sortzea, eta horren bidez gazteei aktibitateak proposatu ahal izatea: surf eskolekin, zinema gelekin, antzokiekin, museoekin... Helburua da kirol eta kultura eskaintza eskuragarri izatea haientzat. Pentsatzen dugu gazteek ahal bezainbat parte hartu behar dutela gizartean Haurtzarorako Gizarte Laguntzaren ardurapean direno. Hala, egitasmotik ateratzen direlarik ez dira hain baztertuak izanen. Zinez erronka handia da haustura hori ekiditea. Egitasmoaren hutsune handiena da hori, eta horretarako sortu gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.