Asya Zayzaui. Itzultzailea eta soziolinguistikan doktoregaia

«Hizkuntza gutxituen arazoa ezagutu behar da, gero sendatzeko»

Tarifit hizkuntza gutxitua suspertzeko, euskararen biziberritze prozesua hartu du adibidetzat Zayzauik bere tesian. Hizkuntza gutxituetako egoera soziolisnguistikoetan dauden antzekotasunak aztertzen ari da.

JON URBE / FOKU.
Sara Iriarte Lasa
Donostia
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Asya Zayzaui (Nador, Maroko,1993) itzultzailea eta soziolinguistikako doktoregaia da Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Bere tesian, tarifit hizkuntza gutxituaren arrisku egoeraren diagnostiko bat egiten ari da. Hizkuntza hori, Maroko iparraldeko Rif eskualdeko hizkuntza gutxitua da, eta horren hiztun da Zayzaui.

Zayzauik bere tesia egiteko oinarritzat hartu ditu Unescok proposatutako hizkuntzaren bizitasuna edo arriskua zehazten duten bederatzi faktoreak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak gaian sakontzeko egindako lanak. Horrekin batera, euskara biziberritzeko prozesua hartu du adibidetzat, suspertze horren ezaugarriak bere hizkuntzaren biziberritze prozesuan aplikatzeko.

Zure tesian zergatik hartu duzu euskara adibidetzat?

Garabidek euskararen biziberritzean egiten duen lanaren berri izan nuen joan den urtean Euskal Herrian egin nuen egonaldian. 50eko hamarkadatik orain arte euskarak izan duen ibilbidea eta biziberritze prozesua ezagutzea harrigarria izan da.

Hala ere, nire tesiaren helburua ez da azterketa konparatibo bat egitea; nire hizkuntzaren diagnostikoa egiten ari naiz. Tarifit hizkuntzaren diagnostikorik ez da sekula egin. Tesia borobiltzeko, euskararen biziberritze prozesua aztertzen ari naiz. Hori nola egin den jakinda, prozesuak dituen ezaugarriak nire komunitatean nola moldatu daitezkeen aztertuko dut.

Hizkuntza gutxitu bati, bere biziberritze prozesuan, laguntzen dio beste hizkuntza gutxituen berri izateak?

Nik uste dut hizkuntza gutxituek elkar ezagutzea ahalduntzailea litzatekeela. 6.000 hizkuntza baino gehiago daude mundu osoan. Hizkuntza nagusituak hamar baino ez dira, eta denok dugu hizkuntza horien berri. Hizkuntza gutxituek, aldiz, ez dute elkarren berri.

Garabide Elkarteak egiten duen lana eredugarria da: aukera ematen du munduko hizkuntza komunitate desberdinetako jendea ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko, eta hori oso aberasgarria da. Esperientzia izugarria da beste hizkuntza batzuen errealitatearen berri jakitea.

Hizkuntza gutxituen arteanegoera soziolinguistiko desberdinak aurki daitezke? Euskarak eta tarifitak egoera sozio- linguistiko desberdinak dituzte?

Hizkuntza gutxituen artean antzekotasun soziolinguistiko asko aurki daitezke. Minorizazio prozesua globala da; hizkuntza nagusien globalizazioa bezalakoa da. Gu, herri edo hizkuntza gutxituok, marjinalizazio eta gutxiespen prozesu beretik igarotzen gara. Hizkuntza gutxitu guztiek ia jokaleku bera dute.

Hala ere, hizkuntza guztien biziberritze prozesua desberdina da. Herri bakoitzak bere ideologia, bere funtzionatzeko modua eta bere imajinarioa du; eta, beraz, komunitate bakoitzak bere biziberritze estrategia propioa izango du.

Beraz, euskararen biziberritze prozesua eta tarifitarena desberdinak dira?

Bai. Euskararen biziberritze prozesua aztertzen eta horretatik ikasten ari naiz. Hala ere, prozesu hori ezin da nire hizkuntzan aplikatu, eta, beraz, nire komunitatera egokitzen saiatzen ari naiz.

Zure tesiaren helburua tarifitak duen arrisku egoeraren diagnostiko bat egitea da, Unescok proposatutako hizkuntzaren bizitasuna edo arriskua zehazten duten faktoreak aztertuz. Bestalde, Jon Sarasuaren zuhaitzean oinarritu zara. Zer ematen dio zuk aukeratutako metodologia horrek zure tesiari?

Unescok bederatzi faktore proposatzen ditu: hiztun kopuru absolutua, hiztunek hizkuntzarekin duten jokaera eta gobernuak hizkuntzarekin duen jarrera, besteak beste. Jon Sarasuaren zuhaitzak bederatzi faktore horiek berreskuratu, adarkatu eta modu zehatzagoan aztertzen ditu: hezkuntza arautua, helduen alfabetatzea, hizkuntzaren erabilera administrazioan, lan arloan erabiltzen den hizkuntza, gizarte aktibazioa, hizkuntza plangintza, herriak bere hizkuntzarekin aurrera egiteko ikuspegi komuna izatea... Hau da, Jon Sarasuaren zuhaitzak sakonago aztertzen ditu Unescok proposatzen dituen bederatzi faktoreak.

Nolako etorkizuna espero duzu tarifitarentzat eta euskararentzat? Etorkizun antzekoa izango dutela uste duzu?

Bi hizkuntza gutxitu horien komunitateek bi errealitate desberdin dituzte. Ez dugu ahaztu behar Euskal Herriak independentzia ekonomikoa duela. Rif eskualdeak, berriz, urrun dago independentzia hori lortzea.

Eta zer egin behar da tarifitak etorkizuna izan dezan?

Hizkuntzak aurrera egiteko, eragile estrategikoekin lan egin behar dugu. Hizkuntzen afera piramide bat bezalakoa da, eta, Rifen, piramidearen mailarik apalenean gaude. Euskal Herria ere ez dut uste piramidearen goialdean dagoenik. Hizkuntzak aurrera egiteko, hizkuntzaren egoeraren diagnostiko bat egin behar da; hizkuntza landu eta honi funtzioak eman. Hortik ikusiko dugu ea etorkizunera irits gaitezkeen.

Zein da eman beharreko lehenengo pausoa?

Lehenik eta behin, egoera aztertu behar da, ditugun defizitak eta oztopoak identifikatu. Lehenik gaixotasuna nolakoa den jakin behar da, gero tratatzeko. Ezin gara sendatu gaixotasuna identifikatu gabe. Lehenik eta behin minbizia identifikatu behar da, eta, gero, kimioa eman. Gainera, ez dakizu sendatuko den ala ez. Hizkuntza gutxituen arazoa zein den jakin behar da, gero sendatzeko.

Tesiaren prozesu honetan zer eman dio euskarak tarifitari, etatarifitak euskarari? Zerk batzen ditu?

Euskarak nire hizkuntza lantzeko aukera eman dit. Jon Sarasuari eskerrak eman nahi dizkiot nire tesiaren zuzendaria izateagatik. Berarekin lan egiteko aukera eman dit, eta tarifitaren zein euskararen biziberritze prozesua ezagutu dugu. Truke baten antzeko zerbait egiten ari gara. Jon nire hizkuntzaren borroka ezagutzen ari da, eta ni euskararena ere bai. Uste dut lan honek fruituak emango dituela.

Egiten duzuen komunitate lana ezagutzeko aukera izan dut. Oso gogorra izan da gaur egun euskarak duen egoerara ailegatzeko egin duzuen bidea, eta oraindik lanean jarraitzen duzue euskararen biziberritze prozesuan.

Euskal Herria eta Rif eskualdea oso gertu daude, baina ez duzue ezagutzen. Hau ere oso berria da zuentzat. Gertu dago, eta lankidetza aukera handia suertatu da. Rif herriarekin oso identifikatuta sentitzen zarete zentzu askotan, ez bakarrik linguistikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.