Dieter Nohlen. Heidelbergeko Unibertsitateko irakaslea

«Ordezkagarritasuna eta gobernabidea orekatu behar dira»

Botoak ordezkari bihurtzeko ereduez eta aintzatetsi beharreko aldagaiez mintzatu da Nohlen Donostian; garrantzia eman dio «testuinguruari», iritzita herritarrek ematen diotela zilegitasuna sistema bati edo besteari.

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Dieter Nohlen Heidelbergeko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasle emeritua (Oberhausen, Alemania, 1939) hauteskunde sistemen teorialari nagusietako bat da mundu osoan. Donostian izan da egunotan, Euskal Herriko Unibertsitatearen uda ikastaroetan, eta azpimarratu du botoak ordezkari bilakatzen dituen sistemak ez direla «hain garrantzitsuak»: «Uste da arazo guztien konponbidea direla; ez dira».

Hauteskunde sistemak askotarikoak izanik, bada ezein talderi kalterik egiten ez dion eredurik? Bada sistema perfekturik?

Ez. Beti daude interesak; politika ez da soilik boterea, eragile sozialen interesak ere badira. Testuingurua da gakoa, aldatuz baitoa; eragile berriak ageri dira, eta uste dute hauteskunde sistemaren erreforma bat komeni zaiela ordezkaritza zabalagoa lortzeko. Enpirikoki pentsatu behar da; ohikoa da sektore batzuek gehiago pentsatzea norberarentzat egokiagoa den sistema batean, sistema horren gabezietan baino. Baina testuinguruak zehazten du sistema batek mesede edo kalte egiten dizun.

Herrialde ia guztiek daukate hauteskunde sistema bat edo beste; denek dute balio demokratiko bera?

Demokratiko terminoak ez du balio. Gehiengo sistema, esaterako, proportzionala bezain demokratikoa da; zehaztu behar da zein den egokiagoa, ordezkaritza bezain garrantzitsua delako gobernabidea. Zer gerta daiteke sistemarik proportzionalena daukan herrialde batean, alderdiak gehiengoak osatzeko gai ez badira? Jendeak goberna dadin nahi du, jendearen arazoak konpontzea, eta ez dio axola hauteskunde sistemaren balioak, bere horretan. Sistema batek zilegitasuna dauka jendeak aitortzen badio, ez berez daukalako.

Hortaz, zer balio lehenetsi behar da: botoaren ordezkagarritasuna edo gobernabidea?

Egia da ordezkagarritasuna hazteak gobernabidea zailtzen duela, baina ez da bat edo beste aukeratu behar: orekatu egin behar da. Ordezkaritza gradu bat lortu behar da onartua izango dena baina, aldi berean, gobernatzeko bidea ematen duena. Gauza bat da norbera zenbateraino dagoen gustura, eta hori pertzepzio pertsonala da. Bestea behar bat da; sistemak funtzionala izan behar du.

Sistemari zilegitasuna aitortzeko, garrantzitsua da komunitatearen kohesioa.

Ezinbestekoa da.

Europako Parlamentuak, ordea, onartu du 35 diputatutik gora dituzten herrialdeetan gutxieneko portzentaje bat ezartzea, %2 eta %5 artekoa. Zilegitasun gabezia bat eragin lezake?

Espainiaren kasuan, pentsatu behar da langa natural bat daukala %2,2aren inguruan, legalki ezartzeko beharrik gabe. Bruselak agintzen badu %2 eta %5 arteko langa bat jartzea, Espainiak jada betetzen du hori. Alemaniak %5ekoa zuen, eta ezabatu zuen. Horrek ez du errespetatzen gobernabidearen printzipioa, ondorioa delako Europako Parlamentuan diputatu alemaniar mordoa daudela, nor bere alderdikoa. %1,1 baino ez dute behar sartzeko. Kontua da nola sortu sistema perfektu bat, sistemaren gabeziak hain lotuta badaude alderdien sistemara. Espainian, duela bost-hamar urte, ezin zitekeen aurreikusi Podemos eta Ciudadanos Espainiako Kongresuan sartu ziren indarrarekin ager zitezkeenik.

Alderdiak aipatu dituzu: alderdien sistemak hauteskunde sistema bat sortzen du, ala hauteskunde sistema da alderdien sistemari forma ematen diona?

Bi norabideak daude, baina eraginari erreparatu behar zaio: ea hauteskunde batzuen emaitzak hauteskunde sistemaren edo boto aldaketaren ondorio diren.

Azken urteetan, areagotu egin da parlamentuaren zatiketa Espainian, eta, alderdi abertzale edo independentistei eragiteko gaitasuna kentzeko, Ciudadanosek proposatu du baldintza gisa jartzea Espainiako Estatuko botoen %3 jasotzea. Zer iruditzen zaizu neurria?

Erabat kontra nago, periferiak integratzeko lotura instituzionalak mantendu behar direlako. Neurri hori gutxiengo diren kultura nazionaletako alderdien aurkakoa da, eta egungo sistemak integrazio gaitasuna dauka, Euskal Herriaren kasuan motela eta zaila izan bada ere.

Hego Euskal Herrian, hautetsiak itzuli bakarreko sistema proportzional baten bidez aukeratzen dira; Ipar Euskal Herrian, aldiz, bi itzuliko gehiengo sistemaren bidez. Zeintzuk dira bataren eta bestearen ondorioak?

Besteak beste, bi itzuliko sisteman joera dago alderdi zentristek irabazteko. Horrela gertatzen da Perun; bigarren itzulian beti irabazten du arerio gutxien dituen hautagaiak, hark biltzen baititu beste hautagaiaren aurkakoak diren boto guztiak. Aukera handiagoa dago alderdien aurkako botoa emateko, hautagai bat aurkez baitaiteke alderdien egituratik kanpo, baina ez dut uste Euskal Herriaren kasua hori denik, alderdien egiturak askoz errotuagoak daudelako hemen.

Hitzaldian esan duzu zerrenda itxiek bermatu dutela emakumeek presentzia handiagoa izatea parlamentuetan. Euskal Herriko lau alkatetik hiru, ordea, gizonezkoak dira. Nola ziurtatu zerrendaburuak ere emakumezkoak izatea?

Hor arazo bat dago, baina arazo erantsi bat da, hasierako akats bat konpondu ostekoa. Lehenik, ordezkaritzaren gabezia zegoen, baina hor dago lehen postuarena. Latinoamerika laborategi bat da arlo horretan, eta alderdiak derrigortu dituzte barrutiz barruti zerrendaburuaren generoa txandakatzera. Hori aukera bat izan liteke; beste bat, aurreko hauteskundeetan zerrendaburua gizon bat izan zen kasuetan, hurrengoetan andre bat izatea. Alegia, badaude mekanismoak, baina alderdiaren borondatearen araberakoak izan ohi dira. Berritzailea izan behar da, irtenbideak badaude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.