Iraitz Lazkano. Uemako lehendakaria

«Euskararen inguruan, ari gara gutxieneko kontsentsuak biltzen»

Elgetako alkatea izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria hurrengo lau urteetan. Beste pauso bat ematea jarri du erronka gisa: zaintzeaz harago, udalerri euskaldunak zinez garatzea.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Agintaldi berriko lehenengo bilkura egin zuen larunbatean Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Lehendakari berria hautatu zuten: Iraitz Lazkano, Elgetako alkatea (Elgeta, Gipuzkoa, 1987). EH Bilduko ordezkaria da.

«Jauzi kualitatiboa» egin behar dela aipatu duzu kargua hartu berritan. Jauzia, zertan, zehazki?

Orain arte bereziki ibili gara udalerri euskaldunak zaintzen, ahal dela eremu euskaldun horiek defenditzen. Bada garaia beste pauso bat emateko, herri horiek garatzera joateko: euskarak bizirik eusteko, ezinbestekoa da euskara bizirik dagoen leku horiek aurrera segitzea. Udalerri txikiek badaukate rol bat, eta Uemak, mankomunitate moduan, eduki behar du kontzientzia hori: herri horiek garatzen ez badira, beharrezko zerbitzuak ez badauzkate, biztanleak galduz joango dira, eta, horrela, euskara galduz joango da.

Uemaren azken urteetako lan ardatzetako bat izan da udalerri euskaldunen garapena bultzatzea. Datozen urteetan zer ildo jorratuko dituzue horri begira?

Batetik, prebentzio ikuspegia sakondu behar dugu; hor daukagu ELE eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna. Bestetik, garapenari begira hausnarketa ugari egin ditugu; adibidez, turismoari buruzkoa. Datorren hilean jardunaldi bat egingo dugu aztertzeko turismoak nola eragin dezakeen ingurune euskaldunetan, eta, aldi berean, nola erakutsi dezakegun euskara badela bisitatzekoa eta ikustekoa. Biak ea nola uztar daitezkeen, eta nola balio dezakeen udalerri euskaldunak garatzeko.

Azken urteetan nabari da beste aldarte bat euskalgintzaren eta erakundeen arteko harremanetan. Ueman ere giro hobea dago?

Igartzen da. Nik lau urte bakarrik daramatzat instituzioetan, baina, orokorrean, aldartea ona da. Euskararen inguruan ari gara gutxieneko kontsentsu batzuk biltzen, eta hori inportantea da. Baina ez bakarrik instituzioen edo alderdi politikoen artean: ezinbestekoa da lankidetza hori herritarrekin eta euskalgintzarekin. Instituzioen arloan bakarrik ez baitugu lortuko euskararen normalizazioa.

Orain urte batzuk, izan ziren gorabeherak Ueman: udalerri batzuk ateratzeko mehatxuak eta abar. Gaindituta dago fase hori?

Baietz uste dut. Kontsentsu zabala dago Uemaren inguruan, bereziki mankomunitatean ordezkaritza dugun bi sentsibilitate politiko handienen artean [EH Bildu eta EAJ]. Beharra sumatzen da: badago sentsazioa udalerri euskaldunok batera indar handiagoa dugula. Aurreko fase hori gainditutzat eman daiteke, nire ustez.

86 udalerri daude mankomunitatean gaur egun. Gehiago sartzeko itxaropenik badaukazue?

86 dira orain, bai, eta Hego Euskal Herrian badago aukera beste horrenbeste ere izateko, baldintzak betetzen baitituzte. Horrek izan behar du gure beste ildo bat: udalerri euskaldunen lurgunea handituz joatea. 86 udalerri asko da, baina, proportzioan begiratuta, ez da hainbeste. Zenbat eta gehiago elkartu, indar egiteko gaitasun handiagoa izango dugu. Garrantzitsua da ildo horretan jarraitzea.

Hego Euskal Herriko udalerriak aipatu dituzu. Ipar Euskal Herriko udaletara zabaltzea da Uemaren erronka zailenetako bat?

Erronka inportantea da aurrera begira, bai. Elkarlanerako urratsak egitea oso garrantzitsua da.

Arnasguneen gaiak garrantzi handia hartu du euskalgintzaren jardunean. Herri horietako udalen agendan ere bai, badauka pisua euskararen auziak?

Sentsibilitate desberdinak egon daitezke. Udal bakoitzak bere historia eta jarduteko modua du. Batzuk, igual, autosufizientziagatik, uste izanik herria oso euskalduna dela, ez dira ari hainbesteko urratsak egiten. Arnasa gara kanpainak hor eragin nahi du [aurreko astean aurkeztu zuten Uemak, Eusko Jaurlaritzak, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiek]: udalerri euskaldunetako herritarrak ahaldundu, ohartarazi zer garrantzi duten, eta beste herri batzuk ere kontziente izan daitezela arnasguneen esanahiaz.

Herritarren kontzientziazioarekin baduzu kezka? Euskaraldiaren ebaluazioan zera ikusi da: arnasguneetan badela diskurtso bat, Euskaraldiak ez daukala «zentzurik» eremu horietan, euskarak ez daukalako arazorik.

Izan liteke, eta kezkagarria da. Egoera zailean egon eta arazorik ez izatearen sentsazioa arrisku handia da. Ezinbestekoa da horrelako kanpainak egitea eta jendea sentsibilizatzea. Ezin gara erlaxatu: ez instituzioetatik, ez euskalgintzatik.

EAEko udal legea izan zen aurreko agintaldiko mugarrietako bat. Badauzka euskarari buruzko artikulu ugari ere. Udaletara iritsi da legea? Martxan jarri da?

Heldu da. Aurrerapauso inportanteak eman dira, orain urte batzuk espero ez genituenak. Orain, lanik zailena dator: legeak onartzeaz aparte, horiek martxan jartzea eta lanean hastea. Oso erreminta interesgarriak eman ditzake lege batek, baina garapenean frogatzen da benetan erabilgarriak diren eta urratsak egiteko aukera ematen ote dieten udalei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.