Koronabirusa

Osakidetzan «premiazko neurriak» hartu beharra dagoela diote sindikatuek

Ospitale atarietan protesta egin dute, langileen egoeraz ohartarazteko. Jaurlaritzari eskatu diote «hitzetatik ekintzetara» jo dezala berehala

Langileen elkarretaratze bat Donostia ospitalearen parean, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Osakidetzako langileak protestara bildu ziren atzo, zerbitzuaren «egoera larria» salatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale atarietan egin zituzten protestak. Ordezkaritza daukaten sindikatuek elkarrekin egin dute mobilizazioetarako deia: ELAk, SATSEk, LABek, SMEk, CCOOk, UGTk eta ESK-k. Ohartarazi dute «premiazko neurriak» hartu behar direla. «Osakidetzako ospitaleetako langileek adierazi dute haserre eta gogaituta daudela, jasaten duten lan gainkarga sistematikoarengatik, egunerokoan pairatzen duten giza baliabide eta baliabide materialen faltarengatik, eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzengatik», azaldu dute sindikatuek ohar batean. Atzo ospitaleetan eginiko protestak ez dira Osakidetzan egindako lehenak; joan den astean ere egin zituzten elkarretaratzeak, eta mobilizazio gehiagotarako deialdia ere egina dute sindikatuek.

Haien hitzetan, COVID-19aren aurretik ere bazeuden egiturazko arazoak Osakidetzan, eta orain «larritu» egin dira. «Osasun Sailak ez du borondaterik izan sakoneko arazo horiei heltzeko». Azken urteetako murrizketekin lotu dute oraingo egoera: «Azken urteetako murrizketa politikek eta osasun sistemaren pixkanakako ahultzeak oztopatu dute koronabirusari emandako erantzuna benetan, eta horiek eragin dute langileek muturrekobaldintzetan aritu behar izatea lanean». Arazo ugari daudela salatu dute: inbertsio faltak, behin-behinekotasun handia, lan karga «sistematikoki» handia, baliabide falta, lan baldintzak okertzea... Pandemiarekin izandako arazoak gehitu behar zaizkie horiei, sindikatuen esanetan; besteak beste, lan zama handiagoa eta langileek pairatutako estresa.

Protesta gehiago

Aurreko ostiralean, lehen arretako zentroetako egoeraz ohartarazi zuten protestetan. Egun hartan bertan, Osasun Sailak ohar batean adierazi zuenkonpromisoa duela osasun zerbitzurako 4.000 langile hartzeko. Sindikatuek uste dute «asmo oneko» adierazpenak direla, baina nabarmendu dute «berehalako irtenbideak» behar direla orain Osakidetzan, ez aurrera begirako neurriak bakarrik: «Premiazkoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea, propaganda adierazpenetatik egiturazko konponbideetara».

Mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute, harik eta Osasun Sailak «berehalako urratsak» egin arte. Osasun zentroetako elkarretaratzeen ondoren, gaur zortzi manifestazioa egingo dute Bilbon, sindikatuek elkarrekin antolatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.