Amalur Alvarez. Gure Esku-ko bozeramailea

«Aukerak baliatuko dira herritarron aldetik bultzada bat badago»

«Erabakitzeko eskubidea legeztatzea» helburu, izurri betean abiatutako sinadura bilketari berrekin dio Gure Esku-k, beste 23 eragilerekin. Garaira «egokituta» bada ere, uste dute herritarren «aktibazioa» dela gakoa.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Martxoaren 11n aurkeztu zuten Hamaika gara manifestua, eta estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko sinadura bilketa, eta handik hiru egunera ezarri zuten itxialdia hegoaldean. Prozesua berriz abiatu dute, eta «aukera historikoa» baliatu beharraz mintzo da Amalur Alvarez Ortiz eleduna (Donostia, 1988).

Altxa ekitaldia egin zenuten urriaren 31n. Zer moduz?

Oso pozik. Demostratu nahi genuen Hamaika Gara eta sinadura bilketa martxan direla berriro, eta, pandemia garaian, mahai gainean jarri nahi genuen erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren gaia, egoerara egokituta eta sormenez jokatuta. Gainera, pentsatu genuen oso egokia zela ekitaldia kulturgintzarekin egitea. Hura babestu beharra dago.

Nola eragin dizue izurriak?

Bete-betean. Gizarte mugimendu bat elikatzen duena mugimendua da, ekintza kolektiboa. Eragin digu, ikusgaitasuna galdu dugu, baina xedea da pandemia garaian eraginkortasuna mantentzea. Argi ditugu helburuak, eta ez dugu agendatik desagertzea nahi.

Diagnostikoa martxokoa da?

Lehendik bagenituen behar batzuk azaleratu ditu pandemiak; bat da herritarron erabakimen gabezia. Gainera, ikusi dugu gure autogobernuak badituela ahuleziak horrelako egoera bati aurre egiteko. Pandemiak eskatzen digu arretaz aztertzea nola hartzen diren erabakiak, nork hartzen dituen, eta zer behar dugun. Oso garrantzitsua da herritarron erabakimen gaitasuna erdian jartzea, herritarron erantzukizuna mahai gainean baitago.

Autogobernuaren ahuleziak aipatu dituzu. Batzuek esango dute ez dela momentua.

Ez da soilik oraingo behar bat. Aukera historiko bat dugu Eusko Legebiltzarrean erabaki eskubidea legeztatzeko; aurreko legealdian aurrerapauso batzuk eman ziren, eta legealdi honetan aukera dago aurrerapausoetan sakondu, ados jarri eta erabaki eskubidearen formulazio eraginkor bat adosteko. Aukera horiek baliatuko dira herritarron aldetik bultzada bat baldin badago.

Eztabaidan eragin nahi duzue?

Herri honen gehiengo zabal batek erabaki nahi du; unea da inoiz baino determinazio handiagoarekin borondate hori azaltzeko. Badakigu herriak elkarrekin borondate hori adierazten badu alderdiek nahi eta nahi ez heldu beharko diotela gai horri. Sinadura bilketak helburu hori dauka: herritarron borondatea eta konpromisoa pilatzea.

Erabakitzeko eskubidearen formulaziorik ez da adostu, baina hiru aurkeztu dira. Baikor zaudete?

Estatus berrian badaude adostasunerako gaitasunaren aurrekariak. Badakigu alderdien artean batzuetan lehia nagusitu daitekeela. Baina herrian adostasun zabal bat dago erabakitzeko eskubidearen inguruan; hein batean, gure esku egongo da: gizartea elkartuta badago gai baten inguruan, alderdiek zailagoa izango dute lehia justifikatzea. Gakoa herritarron parte hartzean etajarrera aktibo bat hartzean dago, mobilizatzean.

Jarrera aktiboa hartzea zailagoa izan daiteke garaiotan.

Orain, ekintza kolektiboa konplexua da, baina sinadura bilketarako jarri dugun tresna online da, eta guztiok eman dezakegu gure konpromisoa pandemia egoeran ere. Garaia da bide bat eraikiz joateko eta urrats eraginkorrak egiteko, erabaki ahal izateko.

Ekainera arteko epea duzue sinadurak biltzeko. Zer moduz doa?

Berrabiatzen; berriro kontatzen zer den Hamaika Gara. Bileretan, herriz herri...

Herrietan, zer giro?

Egin ditugu eskualdeetako bilerak, herriz herriko taldeekin egon gara... Beldurrez egin ditugu, ea termometro hori nola topatuko genuen. Jendeak dudak ditu, segurtasun ezak, baina baita parte hartzeko prestasuna eta gogoa ere. Gure Esku-ren erronkak komunitatea eraikitzeko dira, eta beharra dago komunitatean sentitzeko. Adibidez, Tripontzia jarri dugu martxan irailetik aurrera, eta oso harrera ona izaten ari da.

Eragile ugariko plataforma baten bidez sustatu duzue sinadura bilketa. Zer da Hamaika Gara?

Aniztasunean oinarritutako espazio bat. Eragile guztiok erdigunean jartzen ditugu erabakitzeko eskubidea eta burujabetza. Fase berria hastean, esan genuen urrats eraginkorrak egin nahi genituela erreferendumak legeztatzeko. Horretarako, argi genuenkomunitatearen esparru zabalago batera iritsi behar genuela. Orain arte, Gure Esku-k lan handia egin du askotariko jendea saretzen, galdeketen bidez adostasunak eraikitzen... Esparru zabal batera iritsi gara. Baina erabaki nahi badugu, %80ren jarrera aktiboa behar dugu. Eragile ugarirekin prozesu bat egin genuen, lantzeko zer behar, kezka eta ardura komun dauzkagun. Hamaika gara manifestua izan zen emaitza, eta adostu genuen erreferendumaren aldeko sinadura bilketa izango zela lehen erronka.

Zergatik sinadura bilketa?

Eragile guztiok erabaki nahi dugu gai batzuen inguruan, baina tresna eraginkorrak behar ditugu. Sinadura bilketak badu helburua Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eskaera hori egiteko, baina ez hori bakarrik; helburua da agenda instituzional bat ezartzea, eta agenda sozial bat elkarrekin eraikitzea.

Eskaera desberdinak egin dizkiezue Nafarroako Parlamentuari eta Eusko Legebiltzarrari. Zergatik?

Sentsibilitate handiz diseinatu nahi izan dugu erronka. Ulertzen dugu EAEn eztabaida garatuago egon daitekeela. Nafarroan, eragileekin partekatuta, adierazi ziguten autogobernuaren eztabaida irekitzean zegoela puntu interesgarria. Hamaika Gara iparraldera eraman genuenean, herriko bozen atarian zeuden, eta definitzeko zituzten Euskal Elkargoaren eta Ipar Euskal Herriaren hurrengo erronkak; ez zuten oso argi ikusten eskaera instituzional bat, baina bai manifestuari atxikimendua ematea. Bi eskaera instituzional jaso dira, baina manifestua partekatua da lurralde osoan.

Nafarroannola ikusten duzu egoera?

Aukera dago eztabaida irekitzeko; Nafarroako Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenaren harira, agian mahai gainean jarriko da nafarrek euren oinarrizko araudia erabakitzearena. Horretarako tresna erabakitzeko eskubidea da. Nafarroan, printzipio demokratikoa eta burujabetza oso errotuta daude, eta aukera ikusten dugu eztabaida irekitzeko, maila instituzionalean eta sozialean.

Gure Esku-ren ildoetako bat da Kataluniarekiko elkartasuna eta elkarlana lantzea. Bozak dituzte aurki. Hara begira zaudete?

Bai, horren arabera Euskal Herrian ere aukera batzuk edo beste sortu baitaitezke. Erne gaude. Gizartean jarraitzen du adostasun horrek, eta bide politiko bat topatzea falta da; esparru bat adostea, erabakitzeko borondateari bide emateko.

Nola gauzatu daiteke elkarlana?

Asmoa genuen ekintza sinbolikoak egiteko, nazioartean kokatzeko elkarrekin dugun borroka. Atzeratu egin behar izan dugu, baina asmoa da datorren urtean ekintza batzuk elkarrekin antolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.