Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira udazkenean

Eragileek diote hezkuntza «inflexio puntu batean» dagoela. Eskolen baldintzak hobetzeko eta segregazioa amaitzeko aldarrikatu dute

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideak, atzo Bilbon. M. RAMIREZ/FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak «mobilizazio historiko bat» egin nahi du udazkenean. Datarik zehaztu ez zuten arren, eskola publikoaren defentsan kaleak betetzeko asmoa iragarri zuten atzo, Bilbon egindako agerraldi batean. Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek, sindikatuk eta ikastetxek osatzen dute plataforma; 2019ko abenduan aurkeztu zuten, eta eskola segregazioaren «errealitate gordinari» buruzko azterketabat eskaini zuten. Ordutik erantzunik jaso ez dutela eta denak berdin jarraitzen duela azaldu dute.

Topagunearen diagnostikoaren arabera, diru publikoa banatzeko irizpide bakarra «ituntze unibertsala» da. Horren adibide, Esade eta Save the Children elkarteek apirilean argitaratutako Aniztasuna eta Askatasuna txosteneko datuak eta ondorioak eman dituzte: OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen artean, Euskal Autonomia Erkidegoa eskola segregazioaren zerrendan laugarren postuan dago.

Eusko Jaurlaritzaren datuak ere eman dituzte. Plataformaren arabera, PSE-EEk eta EAJk desberdin jokatu dute eskola publikoekin eta itunpekoekin. «2008-2021 bitarteetan %20 igo da sare pribatuko itunen finantzaketa, eta eskola publikoek, aldiz, murrizketak jasan dituzte: azken bi ikasturteetan eskola publikoetan 160 gela gutxiago daude», zehaztu du topaguneko kide Elena Cardenasek.

«Inflexio puntuaren» garaia

Garaiari erreparatuz, egungoa momentu erabakigarria dela uste du Cardenasek: «Erkidegoko hezkuntza sistema inflexio puntu batean dago. Eusko Jaurlaritzak 2024rako aurreikusi du hezkuntzako lege berria, eta horrek ez du ezertarako balio izango, egungo sistema duala eta baztertzailea sendotzeko izango bada. Eskola publikoaren baldintzak hobetu behar dira». Udazkeneko mobilizaziora begira, argazki bidez babesa ematera animatu dituzte ikastetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.