Koronabirusa

Transmisioarekin loturiko aldagaiek maldan behera segitzen dute Hegoaldean

Asteleheneko diagnostiko proben %3,1 izan dira positiboak: 245. Hego Euskal Herriko biztanleen ia %80k jadanik hartua dute dosi bat

Emakume bat Barakaldoko (Bizkaia) kale batean, maskara jantzirik. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Joandako hilabeteen aldean, birusa nekez ari da zabaltzen gaur egun Hegoaldean. Gaitzaren hedapena ez da iragan garaietakoa bezain lasterra, eta, horrez gainera, ospitaleetan eragindako ondorioak ere ez dira hain beltzak. Edonola ere, gaur-gaurkoz, kutsatuen kurbak eta birusaren intzidentziarenak dituzte beheranzko malda malkartsuenak, transmisioaren arintzearen ageriko seinale. Azken datuei so, osasun sistemek 245 positibo zenbatu zituzten herenegun egindako testetan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 7.847 proba egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta, beraz, %3,1 izan zen positiboen ehunekoa. Udako goraldiaren ondotik, aldagai hori berriz da OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gehienezko muga baino apalagoa (%5).

Horiek horrela, azken datuen arabera, egun bakarrean atzemandako kasu kopurua bosgarren egunez izan zen 300 kasuren langatik beherakoa Hegoaldean, eta, halaber, begirada atzera zuzendu eta azken bi asteetako eboluzioari so eginez gero, batezbestekoetan ere bistakoa da bilakaera ilunetik argira bidean ari dela: azken hamalau egunetan eguneko 327 positibo izan dira batez beste. Kopuruak deus gutxi du ikusteko orain hilabeteko datuarekin: abuztuaren 14an 1.167 zen.

Astelehenean detektatutako kasuetatik 100 Bizkaian atzeman ziren; 89 dira Gipuzkoan zenbatutakoak; 27 izan ziren Nafarroan, eta Araban, berriz, 21. Nafarroari dagokionez, gobernuak zehaztu zuen azken hiru hilabeteetako zenbatekorik apalena dela. Positiboen ehunekoan izandako beherakada ere aipatzekoa da: testen %1,7 izan ziren positiboak. Osakidetzak egindako probetan, berriz, %3,5 izan zen.

Kutsatzeari buruzko datuak eman ez ezik, erietxeen egoerari buruzko informazioa ere argitaratu dute osasun agintariek. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 33 lagun ospitaleratu zituzten atzo birusak jota, eta, horiek kontuan izanda, guztira 211 pertsona dira zentroetan sartuta. ZIU zainketa intentsiboetako unitateei dagokienez, arta bertan jasotzen ari diren gaixoen kopuruak behera egin du azken egunean: 71 dira, bezperan baino sei gutxiago.

Ia %80 txertaturik

Hegoaldean, hamar herritarretikbi baizik ez dira COVID-19aren kontrako txertoa jaso gabeak; hala diote Espainiako Osasun Ministerioak argitara ateratako datuek. Biztanleen %79,58k dosi bat jaso dute, gutxienez; 2.293.270 pertsonak, alegia. Pauta osatua dutenen datua ere eguneratu dute: 2.181.330ek bukatu dute prozesua, herritarren %75,7k.

Hirugarren dosiaren gaineko eztabaidak piztuta segitzen du. Iparraldean ez bezala, Hegoaldean oraindik ez da argi hirugarren dosiaren txertaketa zahar etxeetara zabalduko den. Dena dela, adibidez, Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak adierazi du horretarako baliabide guztiak «prest» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.