%46 ugaritu dira sexu orientazioarekin lotutako gorroto delituak

Homofobia eta transfobia kasuak dira ohikoenak. Gorroto delitu gehienen kausa nagusia, berriz, arrazismoa eta xenofobia da

Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021ko Txostena aurkeztu zuten atzo. EUSKO JAURLARITZA.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
2021. urtean 277 gorroto delituerregistratu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2020an baino %15 gehiago. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Jon Mirena Landa Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako zuzendariak eman zuten atzo datu horien berri, Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2021eko Txostena-ren aurkezpenean. Adierazi zutenez, delitu gehienen kausa nagusia arrazismoa edo xenofobia izan zen: guztira, 162 kasu erregistratu zituzten —gorroto delituen %58,48—, 2020an baino %38,4 gehiago. Hala ere, nabarmendu zuten igoerarik «handiena» orientazio eta identitate sexualarekin lotutako delituek izan zutela: 73 kasu erregistratu zituzten; 2020an baino %46 gehiago. Landak azaldu zuenez,delitu horien artean homofobia eta transfobia kasuak izan ziren ohikoenak.

Eraso motarik ohikoenak lesioak eta mehatxuak izan ziren; 90 eta 60 kasu. Biktimei dagokienez, arrazarengatik eraso zieten gehienak arabiarrak ziren. Orientazio edo identitate sexualagatik eraso zietenen artean, berriz, gehienak gizonezko homosexualak ziren: kategoria horretako salaketen ia %70. Horrela, txostenean azaltzen da 2021ean etniagatik eta sexu orientazioagatik egindako biktimizazioak izan zirela ohikoenak.

Lurraldeari dagokionez, Bizkaian erregistratu zen gorroto delitu gehien: guztien %52,7 gertatu ziren han. Gipuzkoan, kasuen %31 erregistratu ziren, eta Araban, %15,8. Eraso gehienak —110 kasu— kalean gertatu ziren, eta lautik bat asteburuan. Gehienak, gainera, arratsaldean edo gauean. Izan ere, Segurtasun sailburuak azaldu duenez, gorrotoarekin zerikusia duten urraketa gehienak gaueko aisialdian eta kirol ikuskizunetan gertatzen dira.

Txostenean azaltzen denez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten diren gorroto delituek bikoiztu egiten dute Espainiako Estatuko gorroto delituen batezbestekoa. Erkorekaren ustez, baina, «ez dirudi Euskadin estatuan baino gorroto delitu gehiago egiten direnik, baina delitu gehiago detektatzen dira eta arreta handiagoz erregistratzen dira». Sailburuaren ustez, gorroto gertakarien aurkako «kontzientzia soziala» areagotu delako ugaritu dira salaketak, baita horien aurkako «intolerantzia handiagoa» dagoelako ere. Gainera, nabarmendu du Poliziak salaketak bideratzeko teknika hobetu duela.

Generoa kontuan hartzea

Gorroto delituez gain, txostenean azterlan pilotu bat jaso dute bikotekideek edo bikotekide ohiek hildako emakumeei buruzkoa. 25 epai jaso dituzte bertan, eta horren helburua izan da aztertzea nola gurutzatzen diren gorroto delituak eta indarkeria matxistarekin lotutako delituak. Lehenengoa aldia da txostenean horrelako azterlan bat jasotzen dutela, eta adierazi zuten«berritzailea eta aitzindaria» dela.

Horri esker ondorioztatu dute, besteak beste, gorroto delitu bat ikertzeko orduan generoa «egoera larrigarri» gisa hartu behar dela, «beste delitu batzuekin ere egiten den bezala»; erasoekin, homizidioekin edo hilketekin, adibidez.

Azterlanean jasotako epaiak 2002tik 2020ra bitartean gertatu ziren, eta ikuspuntu juridiko kriminologikotik ikertu dituzte. Horrela, ikusi dute kasu gehienetan hilketak ez zirela izan gertaera bakanak, kontrol prozesu baten parte zirela baizik. Txostenean azaltzen denez, gainera, prozesu horretan emakumeek indarkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa jasaten zuten. Horrez gain, azaltzen da hildako emakumeen %70ek ez zutela aldez aurretik salaketarik jarri.

Erasotzaileari dagokionez, batez beste, 46,4 urteko gizonekoa izaten da, eta biktimarekin nolabaiteko lotura edo bizikidetza harremana izaten du. Gehienetan etxebizitza batean hiltzen dituzte emakumeak, arma zuri bat erabilita, eta, kasu askotan,biktimak erasotzaileari elkarren arteko harremana bertan behera uzteko asmoa jakinarazi izana da faktore abiarazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.