Osakidetzari egindako eskeak oroitarazi dituzte Donostia ospitalean

Hurrengo batzarra hilaren 9an egitekoak dira. Adierazi dute lehengo astean plazaratu zituzten bost eskaerei eusten dietela oraindik ere

Atzo erietxeko atarian egindako protesta. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
08:15 jo berritan, Donostia ospitaleko atarira atera ziren atzo berriro erietxeko hamarnaka langile, lehengo astean berrabiarazitako protesten dinamikari atxikita. Hesituta zeuden eskaileren eremu bi, baina ez zen eragozpen izan protesta egiteko. Bost bat minutu iraun zuen, eta txalo zaparrada batekin amaitu zuten.

Ez zuten adierazpenik egin nahi izan protestaren amaieran. Esan zuten mahai gainean jarrita dauzkaten eskaerak gogoratu nahi izan zituztela. Lehengo astean agerraldi bat egin zuten beren eske nagusiak zein diren adierazteko. Onartu zuten «jarrera ona» dagoela Osakidetzako zuzendaritzarekin dituzten elkarrizketetan, baina «ekintzak» nahi dituztela orain.

Atzo ez zuten egin langileen batzarrik: hilaren 9an izango da hurrengoa. Eledun ari diren osasun profesionalek hainbatetan adierazi dute «langileen batzar» baten izenean ari direla. Batzar horretan gehienak medikuak diren arren, zehaztu dute Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko beste langile taldeetako ordezkariak ere badirela. Adierazi dute aparteko oihartzuna hartu dutela Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina esplikatu dute «batzarra» zabalagoa dela, eta «irekia». Langileen ordezkariek hilaren 18an dute hurrengo bilera Osakidetzarekin; bitartean, asteleheneroko protestei eusteko asmoa dute.

Bost puntu

«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»: horixe da Donostialdeko erietxeko langileek egindako lehen eskea. «Eta hor ez dugu aurrerapausorik izan», zehaztu zuen lehengo astean egin zuten agerraldian medikuen ordezkarietako batek, Manuela Perezek. «Baina esan eta esan ari gara: garrantzitsua da zuzendaritza medikoak gure ESIa ezagutzea eta ematen den artaren jarraitutasuna bermatzea».

Donostialdeko ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» ere nahi dute. Zerbitzuetan egiten den lana maiztasun jakin batekin «ebaluatzea» da hirugarren eskea, eta, laugarren puntuan, hainbat eskakizun zehaztu dituzte erietxeko langileen «egonkortasuna» bermatze aldera. Azken puntua Onkologikoarekin lotuta dago; uste dute «antolakuntzaren alderdia» ez dela batere argia harekiko «binkulazio hitzarmen berrian».

Jatorria

Abenduaren 2an hasi zen Donostialdeko ESIko krisia. Osakidetzak kargutik kendu zituen Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa, eta ESIko hainbat langilek egun hartan bertan egin zuten lehen elkarretaratzea erietxeko atarian, haiei babesa erakusteko. Ordutik, gatazkak hainbat mugarri izan ditu, eta agerian utzi ditu Osakidetza barruan dauden desadostasunak. ESIen arteko tirabirak agerian geratu dira, baita goi agintarien inguruko mesfidantzak eta gainezka ari den sistema baten zailtasunak ere.

Abenduaren 5ean, krisiaren larritasuna azaleratu zen; Donostialdeko ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat kaleratu zuten; Osakidetzaren «politika suizida» salatu zuten, eta «sektarismoz eta trakeskeriaz» aritzea egotzi zioten. Kargugabetutako kideakeuren postuetara itzultzeko eskea egin zuten. Kontrara, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen kargugabetzeak «antolakuntza aldaketa» soilak zirela.

Negoziazioak hasi ziren gero bi aldeen artean, egoera baretuz joan zen, eta elkarretaratzeak egiteari ere utzi zioten langileek bolada batean, baina, abenduaren 23an, langileek jakinarazi zuten berriz hasiko zirela protestekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.