Ekologistak Martxan-ek neurriak eskatu ditu kutsaduraren aurka

100.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietako udalak behartuta daude airearen kalitate ona bermatzen duten planak ezartzera

jone arruabarrena
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
100.000 biztanletik gorako herrietan «airearen kalitatea bermatzeko epe laburreko planak» ezartzeko eskatu die Ekologistak Martxan-ek udalei. Hain zuzen, elkarteak herri horietan eskaera bat erregistratu du, laster «kutsadura atmosferikoaren planak betetzeko» esanez.

Izan ere, elkarteak adierazi du 10.000 lagun hiltzen direla urtean airearen kutsaduraren ondorioz, errepidean hiltzen direnak halako sei: «Agerikoa da epe laburreko osasun inpaktua».

Ekologistak Martxan-ek adierazi duenez, airearen kalitatea hobetzeari buruzko 34/2023 Errege Dekretuak zehazten du gisa horretako planak 100.000 biztanle baino gehiago dituzten autonomia eta udalek ezarri behar dituztela, «baldin eta substantzia kutsatzaile nagusientzat ezarritako alerta atalase berrietakoren bat gainditzeko arriskua badago».

Azaldu duenez, neurri horiek «autoen erabilera mugatzera» bideratu beharko lirateke, eta herritarrak garraio publikora edo motorrik gabeko garraiora bultzatu. Emisio gutxiko eremuak jartzeko beharraz ere aritu dira. Hain zuzen, urtarrilaren 1az geroztik, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek emisio gutxiko eremuak izan beharko lituzkete.

Eremu horiek sortzean ezartzen den neurririk nabarmenenak autoei eragiten die: dagokien karbono dioxido kantitatea baino gehiago ez isurtzeko, emisio gehien dituzten autoak ezin izango dira sartu eremu horietan. Hala ere, udalerri gutxi batzuek baino ez dute bete agindu hori; Hego Euskal Herrian 50.000 biztanletik gorako zazpi hiri daude (Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruñea, Irun, Getxo eta Barakaldo), baina Iruñeak soilik heldu dio legeari orain arte. Ekologistak Martxan-ek udalei gogorarazi die horiek martxan jarri behar dituztela.Emisio gutxiko eremuak, gehienetan, hirien erdialdean ezartzen dira, eta etiketa sistema baten bidez bereizten dituzte hara sartu ahal izango diren autoak eta kanpoan geratu beharko dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.