Arantxa Mendiharat. Politologoa

«Zozketa zibikoak baliagarriagoak dira erabakiak hartzeko»

Politika publikoei buruzko deliberoak ausaz aukeratutako herritarren ekarpenekin osatzea beharrezko begitantzen zaio Mendiharati. «Uhin deliberatzaileaz» mintzo da, eta izan dira esperientziak Euskal Herrian.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Izan al dezake zozketa batek lekurik erabakigune baten osaketan? Zein abantaila izan ditzake gisa horretako sistema batek? Galdera horiei eta beste batzuei erantzun die Arantxa Mendiharatek (Baiona, 1972) La democracia es posible. Sorteo cívico y deliberación para rescatar el poder de la ciudadanía (Demokrazia posible da. Zozketa zibikoa eta deliberazioa herritarren boterea erreskatatzeko. Consonni, 2020) liburu argitaratu berrian.

Erabakiak, zozketa bidezko batzarren esku. Ez da sarri entzuten den planteamendu bat.

Planteatzen ari gara tresna bat erabiltzea, liburuan zozketa zibiko esaten dioguna. Herritarren artean zozketa bat egitea da, taldeak edo laginak osatzeko. Horiek informaziorako sarbidea dute, deliberatzeko baliabideak dituzte, eta politika publikoko erabakiak hartzen dituzte. Zozketa zibikoaren tresnaz harago, kontzeptu bera erabiltzen dugu momentu batzuetan politika publikoei buruzko erabakiak hartzen dituzten batzarren formatu multzoa deskribatzeko.

Zergatik da sistema egokia?

Arrazoi askorengatik. Biztanleriaren lagin bat dira, eta uste dugu baliagarriagoak direla denontzat diren erabakiak hartzeko orduan, klase sozial, adin eta genero guztiak daudelako ordezkatuta, eta lehen pertsonan hitz egiten dute. Braulio Gomez Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak sarri hitz egiten du desberdintasun politikoaz; baliabide gehiago dituzten pertsonak gehiago doazela botoa ematera gutxiago dituztenak baino. Pertsona horiek bezalakorik ez dago erabakiguneetan, eta gutxiago bozkatzen dute, gainera. Beste ikerketa batzuek diote talde kognitiboki pluralagoek erabaki hobeak hartzen dituztela talde homogeneoek baino. Gaur egun kargu politikoak dituztenak talde homogeneo samarrak dira.

Bestalde, zenbat eta aniztasun handiagoa, orduan eta polarizazio txikiagoa. Orain, ez dugu espaziorik deliberatzeko guk bezala pentsatzen ez duen jendearekin. Bestalde, presio taldeen aldetik presio gutxiago izan ditzaketen taldeak dira; une jakin baterako sortzen diren taldeak dira, gero desagertzen direnak, eta, printzipioz, ez dute lotura zuzenik presio taldearekin; izatekotan, batek edo bik, baina ez taldeak oro har.

Zer ibilbide du praktika horrek?

1970eko hamarkadatik, demokrazia parte hartzaileago baten aldarrikapena areagotuta, bi lagunek epaimahai herritarraren ideia landu zuten. Pixkanaka martxan jarri ziren esperientzia ugari, eta azken hamar-hamabost urteetan «uhin deliberatzaile» bat egon da, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen hitzetan. Esperientziak ugaritzen ari dira, bereziki 2004tik; Kanadan Hauteskunde Legearen erreformari buruzko batzar herritar bat egin zuten orduan, eta harrezkero areagotu egin da, gai anitzei buruz: abortuaz eta sexu bereko pertsonen ezkontzaz Irlandan, klimaz Frantzian eta Erresuma Batuan...

Gai anitzez eztabaidatzeko balio dezake, beraz?

Mekanismo konplexuak direnez, beste modu batera konpondu ezin diren gaiei erantzun behar diete. Hiru alor aipatzen ditugu: sistema demokratikoaren arauei buruzkoak, gai gatazkatsuak eta epe luzerako gaiak.

Eskalak badu eraginik? Ezar daiteke lurralde eremu guztietan?

Ikusgarrienak estatu mailan egiten diren prozesuak dira, baina, estatistikei erreparatuta, batzar herritarren %80 tokiko mailan egiten dira; %15, estatu mailan; eta gainerakoak, estatuz gaindi.

Nola osatzen dira batzar horiek? Esan duzu gizartearen lagin bat izan behar dutela; beraz, ez da izango zozketa hutsa.

Ez dira; egiaz, zozketa bikoitza da. Lehena zozketa hutsa da, izen-abizenen, helbideen edo telefonoen arabera egina. Pertsona horiek gonbidapen bat jasotzen dute, eta erabakitzen dute onartzen duten. Ez da derrigorrezkoa, eta, beraz, hor badago galbahe bat. Hortik aurrera, boluntario multzoa lortuta, lagina lantzen da, gutxienez hiru irizpide erabilita: adina, generoa eta kokapen geografikoa. Normalean, saiatzen da txertatzen ikasketa maila ere, edo maila sozioekonomikoa zehazten duten irizpideak.

Erreferendumei jarri ohi zaien eragozpen bat jar dakieke; demokrazia ordezkatzailea ordezka dezakeela. Hala da?

Oraingoz, osatu egiten du. Prozesu deliberatzaile guztiak gobernuek antolatu dituzte. Gobernuak dira gai bati erantzuteko gai ez direnean batzar hauek antolatzen dituztenak. Irlandarena kasu paradigmatikoa da. Mekanismo ona izan daiteke alderdi sistemaren eta erreferendumaren artean.

Izan al da horrelako esperientziarik Euskal Herrian?

Egon dira; are gehiago, Espainian egin ziren lehenbizikoak Gipuzkoan egin ziren: Idiazabalen (1992), Astigarragan (1992), Maltzaga-Urbina errepideaz (1994) eta Donostiako Parte Zaharrean (2002). Oso ondo funtzionatu zuten. Modu ideal batean, garrantzitsua da prozesu horiek garatzea alderdi politiko guztien adostasunarekin, guztiek onar dezaten emaitza.

Batzar horiek badute eskumenik agenda propio bat izateko?

Espainiako Estatuko esperientzia berriena Madrilgo Udalarena izan da, Manuela Carmenaren legealdian. Munduan lehen aldiz erakundetu zen zozketa bidez aukeratutako batzar bat; talde horiek gobernu baten galderaren edo agendaren menpe egon beharrean, batzar iraunkor horrek bere agenda propioa erabaki ahal izan zezala. Oso gutxi iraun zuen, hauteskundeen aurretik jarri zelako martxan. Belgikan sortu dute kontseilu herritar iraunkor bat, alderdi guztien oniritziarekin. Oso eredu interesgarria, bere agenda erabakitzen duelako.

Gizarte mugimenduek badute lekurik eztabaida horietan?

Adituez ari garenean, barnean sartzen dugu gizarte zibil antolatua; bizilagun elkarteak, gobernuz kanpoko erakundeak, gizarte mugimenduak... Gai bati buruzko ezagutza handia duten pertsonak izaten dira, eta batzar herritar baterako deituak izan daitezke.

Liburuan jasotako ondorio bat?

Premiazkoa dela horrelako kontseiluak ugaritzea, edozein pertsonak izan dezan aukera mota horretako batzarretan parte hartzeko, eta ikus dezan ongi iruditzen zaion edo ez. Auzi nagusia da hautetsien eta zozketa bidez aukeratutako pertsonen arteko bizikidetza hori posible den eta joan beharko ote genukeen alderdi politiko gutxiagoko eta zozketa bidez hautatutako pertsona gehiagoko sistema baterantz. Ez dago kontsentsurik, ezta mugimendu deliberatzailearen barruan ere.

Debatea eta deliberazioa bereizi dituzu.

Elkarrizketa hitz egitea da; eztabaida, berriz, elkar konbentzitzen saiatzea da. Deliberazioa, ordea, hitz egitea eta eztabaidatzea da, baina topagune batera iritsi behar dugu. Puntu horietara heldu behar dira batzar herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.