Eneko Andueza. PSE-EEko eleduna Eusko Legebiltzarrean

«Jaurlaritzak zuhur jokatu behar du»

Anduezak uste du aurrekontu «oso orekatuak» egin dituztela. Pozik dago Eibarren eta Irunen EH Bildurekin eta EPrekin adostu dituztelako 2021erako kontuak: «Onuragarria da udaletan bide horiek esploratzea».

GORKA RUBIO / @FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Deiak goizean goizetik, iluntzeraino; Eneko Anduezari (Eibar, Gipuzkoa, 1979), sakelakoak ez dio etenik ematen. «Autoan ematen ditut ordu batzuk, eta hor jada badut bulego moduko bat». Lanpetuta egonagatik, BERRIA hartu zuen atzo PSE-EEren Donostiako egoitzan duen bulegoan, Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazio prozesuaz, alderdien arteko hartu-emanez eta testuinguru politiko orokorraz hitz egiteko.

Aurrekontuak aurrera aterako dira, baina soilik Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek babestuta. Zer iruditzen zaizu?

Orain dela aste batzuk alderdiei esan genien malgutasunez jokatzeko eta esfortzua egiteko; akordio batera heltzeko ahalegina egiteko. Gu beti egon gara ezberdinen arteko akordioetara heltzeko prest, eskuzabaltasunez jokatu dugu eta ez da posible izan. Guretzat, garai honetan oso garrantzitsua zen akordioa lortzea. Bakoitzak bere estrategia politikoa dauka. Zorionez, gehiengo absolutua dugu parlamentuan, eta horrek bermatzen digu aurrekontuak edukitzea, baina gura nuen akordioa zabalagoa izatea. Ez da posible izan, pena da, baina espero dugu hurrengoan posible izatea.

Zenbateraino dira PSE-EEren aurrekontuak?

Koalizio gobernu batean, helburuak konpartituak izan behar dira. [Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro] Azpiazu guztiaren koordinatzailea da, baina helburuak partekatuak dira, eta aurrekontuak bi alderdienak dira.

Zergatik dira babestu beharreko aurrekontu batzuk? Oposizioko talde guztiek aurkeztu dituzte osoko zuzenketak.

Egoera honi aurre egiteko, daukagun erremintarik garrantzitsuena da dauzkagun helburuak lortzeko: pandemia hau gainditzea, zerbitzu publikoak indartzea, batez ere Osasun eta Hezkuntza sailak; Enplegu Sailaren lana ere funtsezkoa izango da. Hori garatzeko dugun proposamen ekonomikoa eta politikoa oso egokia da. Badakigu aurrekontuak hobetzeko tartea dagoela, baina mahai gainean jarri ditugunak oso orekatuak dira, etorkizunean etorriko diren arazoak konpontzeko begirada duten kontuak direlako.

EH Bilduk salatu du aurrekontu kontserbadoreak direla. Badira?

Askotan, oposizioan zaudenean, ausardia handiagoa izan ohi duzu. Zezenak hesitik oso ondo ikusten dira, baina gero hori kudeatu egin behar da, eta kudeatzeko erremintak behar dituzu. Guk ez dugu egoera honetan burua galdu nahi. Kontserbadoreak direla? Puntu batean agian bai, aurreikuspena behar dugulako; ez dakigu zer etorriko den datozen hilabeteetan eta urteetan. Guretzat, aurrekontuak oso orekatuak dira, oso hedakorrak direlako. Jaurlaritzak zuhur jokatu behar du, iaz gertatu zen bezala, ez genekien egoera baten aurrean jartzea gerta daitekeelako.

Esan duzu bakoitzak bere estrategia politikoa daukala. Uste duzu ezezkoen atzean asmo bat dagoela?

Ulertzen dut EH Bilduren estrategia politikoa: hutsak bilatu behar dituzte, beren jendeari diskurtso bat eman behar diote. Gu kudeaketan gaude, eta erantzukizuna eduki behar dugu.

Ahal Dugu Nafarroako Gobernuan dago, Unidas Podemos Espainiakoan... Baina, Eusko Legebiltzarrean, zuen arteko akordioa ez da posible. Zer giro duzue?

Ez dute ausardiarik izan; EH Bilduren preso dira askotan, hari begira, eta ez dira gai lotura hori amaitzeko. Eta ez dira konturatzen hori EH Bilduren mesederako dela. Euskadin, Elkarrekin Podemos nahiko galduta dago: ez dute proiekturik, ez norabiderik; badakigu gainerako alderdiek zer nahi duten, baina Elkarrekin Podemosen kasuan, haiek ere ez dakite. Denbora beharko dute zer izan nahi duten jakiteko eta erabakiak hartzeko.

Iazko aurrekontuak babestu zituzten, beste zuzendaritza batekin. Sumatu duzue aldaketarik buruzagi berriekin?

Ez, edo sumatzekotan, txarrerako. Ulertzen dut protagonismoa behar dutela Euskadiko politikan, desagertuta daudelako. Alderdi batek herri proiektu bat behar du, eta oraindik ez dakigu Elkarrekin Podemosek zer nahi duen euskal herritarrentzat.

PP ere aurrekontuak onartzeko aliatu izan zenuten aurreko legealdian. Orain, urrunago zaudete.

PPk erabaki du 30 urteko atzerapauso bat ematea, iraganera begiratzea eta iraganeko diskurtso bat egitea. Garaiak aldatu dira. Alfonso Alonsorekin kapaz ginen gauza batzuk adosteko, baina beste jarrera bat zen, beste diskurtso bat. Orain, ez dugu eurekin ezer egiterik, eta ez dugu nahi.

Akordio batzuk posible izan dira udaletan: Irunen eta Eibarren. Zergatik tokiko erakundeetan bai?

Udaletan, pertsonen arteko sintonia asko nabaritzen da. Beste enpatia bat dago. Ni oso pozik nago, guretzat oso garrantzitsua da horrelako akordioak lortzea, demostratzen duelako PSE-EE erdigunean dagoela, oso ezberdinak diren alderdien artean gai garela ados jartzeko. Herritarren mesedetan eginiko akordioak dira. Onuragarria da udaletan bide horiek esploratzea, gero beste leku batzuetan posible baldin bada, berriro ere egiteko.

Zenbateraino eraman daitezke tokiko akordio horiek beste esparru batzuetara? Adibidez, aldundietara edo Eusko Jaurlaritzara?

Balio dute. Politika udaletan hasten da, ez dago udala baino harrobi hoberik. Hor ikasten duzu, eta gauzak lantzeko leku aproposa da. Alderdi Sozialistak denbora darama akordioak lortzen, ez soilik udaletan: hor dago Nafarroako adibidea, Eusko Legebiltzarreko egunerokoa eta Espainiako Gobernua. Geneukan marra bat igaro dugu eta bidea egiten hasi gara; EH Bildurekin, beste alderdi batzuekin... Egoera tradizionala zena aldatu den heinean, gure jarrera ere aldatu egin behar da. Hori da politika, hori da normaltasuna.

Hortaz, PSE-EEn egon da gogoeta bat EH Bildurekin izan beharreko jarreraz?

Bai. Gu oso koherenteak izan gara: ezker abertzaleari eskatu diogu politika egiteko, biolentziatik aldentzeko. Momentu hori iritsi da, eta ez nuke ulertuko une hori ailegatuta, ezezkoa esatea. ETA jada ez dago; ez da ahaztu behar, baina iragana da. EH Bildu erakundeetan dago. [Mariano Rajoyren kontrako] Zentsura mozioari begira lan egin zen, eta akordio bat lortu zen. Orain, [Espainiako] aurrekontuei begira ere lortu da: pixkanaka bidea egiten ari gara, eta oso onuragarria da; baita etorkizunean elkarbizitza normal eta sendo bat edukitzeko ere.

Aldiz, esan duzu PSE-EEren oinarriak oraindik ez daudela prest akordio jakin batzuez haragoko itunak egiteko EH Bildurekin. Zergatik?

Gizartea ere ez. Alderdien zuzendaritzetan gaudenok beste ikuspegi bat izaten dugu. Nire ustez, ez Euskadiko gizartea eta ez bi alderdietako oinarriak ez daude prest, zuzendaritzek beste gauza bat esanda ere. Oraindik ez da posible; ibilbidea egin behar da, bakoitzak jakin behar du zer bide egingo duen. Guretzat, ezinbestekoa da ezker abertzaleak indarkeria gaitzestea eta hamarkadetan jasan genuen biolentzia ez dagoela ondo aitortzea. Hortik abiatuta, etorri beharrekoa etorriko da. Akaso, eurek ere esango dute guk beste ibilbide bat egin behar dugula; gure aldetik, prest gaude egin beharreko bidea egiteko, baina haiek egin beharrekoa dezentekoa da. Gure eta euskal gizartearen guraria hori da.

EH Bilduko oinarriek ontzat jo zuten Sanchezen inbestidura nahiz Espainiako aurrekontuak ahalbidetzea.

Daukagun arriskua ez delako txikia: denok oso kontziente gara, PP Voxen eskutik gobernura helduko balitz, zer-nolako arriskua legokeen. Niri beldur handia ematen didate. Garrantzitsua da horren inguruan bloke sendo bat edukitzea, sentsibilitate ezberdinetako alderdiek osatuta... Zortea dugu alderdiak kontziente izan direla. Kolore ezberdinetakoak gaude, helburu bakar batekin.

COVID-19aren kudeaketaz eta txertatzeko estrategiaz, Jaurlaritza kritikatu dute PSE-EEko kide batzuek sare sozialetan: Denis Itxasok, Jose Antonio Pastorrek... Ezinegona dago alderdian?

Ez. Administrazioen artean tentsioak sortzen dira eta bakoitzak berea defendatzen du... Guk daukagun zortea eta zoritxarra da erakunde guztietan gaudela gobernatzen, eta horren eragina horixe dela... Txertatze estrategian bi bide daude: ausarta edo zuhurra izatea. Jaurlaritza zuhurra izan da. Hobetzeko tartea dago, edo beste formula batzuk erabiltzeko aukera? Akaso, bai. Hemendik aurrera erritmoa handitzen joango da eta helburuekin bat egingo dugu. Bakoitzak bere formula dauka, hau ezezaguna da guztiontzako. Erabaki teknikoak dira, eta errespetu osoa aitortzen diet teknikariei.

Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako buruek dimisioa aurkeztu dute, zegokiena baino lehenago txertoa hartzeagatik. Jose Luis Sabas Santa Marinako zuzendariak dio Gotzone Sagarduik bazuela horren berri. EAJri eskatu diozue azalpenik?

Nahiago nuke Sagardui andrearen bertsioa entzutea, Sabas entzunda, ez baitakit mendeku bat dagoen. Datorren asteazkenean agerraldia edukiko du, eta bere azalpenak emango ditu. Edozein kasutan, kudeaketan gauden guztiok oso zorrotzak izan behar dugu: eredu izan behar dugu. Jendeari ezin zaio gauza bat eskatu eta kudeaketan dagoenak nahi duena egin. Pertsona horiek txertoa jarri badute besteek baino lehenago, egindakoa da beharrezkoa: dimisioa ematea eta, hala egiten ez badute, kanporatzea.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua zigortu du, tortura salaketa bat behar bezala ez ikertzeagatik. Fernando Grande-Marlaska zen orduan instrukzio epailea. Estrasburgoren epaiak bera seinalatzen al du?

Seinalatu, ez dakit. Guk beti errespetu osoz hartzen ditugu epaitegien erabakiak, aldeko nahiz kontrako iritziak izan. Horrela baldin bada, egin beharrekoa egin beharko da.

Instrukzio epailea izanik, bazuen ardurarik, zure ustez?

Ez dakit, berak ere izan behar du defendatzeko aukera. Ez dakit zer erabaki judizial hartu dituen eta zertan oinarrituta; bere irizpideak izango ditu, eta horren inguruan bere iritzia emateko aukera eduki behar du. Edozein kasutan, erabateko errespetua diegu epaitegietan erabakitzen direnei.

PSE-EEk kongresua du udazkenean.

Bihar [gaur] daukagu Komite Federalaren batzarra, egutegia ikusteko. Urtearen amaieran egingo ditugu kongresuak; lehena federala, gero erkidegoetakoa eta ondoren probintzietakoa.

Zein da kongresu horretatik atera nahi duzuen ondorio nagusia?

Alderdiak duela lau urte erabaki zuenak balio du; suspertzea hor dago, eta egonkortasuna ematen dugu erakunde guztietan. Horretarako oso garrantzitsuak dira izan ditugun emaitzak hauteskundeetan. Hori da bidea. Kongresuak erabili behar dira proiektu bakoitzaren norabidea aldatzeko edo indartzeko; gure guraria da hartu dugun norabide hori indartzea, hobetzea eta hurrengo hauteskundeetan emaitzak hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.