Alexia Canto Alvarez. Urbanas Kolektiboko kidea

«Hiriak zaintzaileak izatea da geroa»

Hirigintza feministak zaintza, etxebizitza eta irisgarritasuna erdigunean jartzen ditu. Sareak eraikitzeaz mintzatu da Canto: «Emakumeek hiriari buruz duten ezagutzan ahalduntzeko prozesua izan behar da».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Soziologoa da Alexia Canto Alvarez (Teixeira, Galizia, 1981), eta Urbanas Kolektiboko kidea; hemeretzi urte daramatzate Iruñean hirigintza eta feminismoa uztartzen, eta azken proiektua Vivienda: gerundio de vivirdokumentala izan da. Talaia horretatik, zaintzaz, irisgarritasunaz eta etxebizitza eskubideaz mintzatu zen hilabete hasieran, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Hirigintzari buruzko proposamen eta begirada feministak: bizipenak eta aktibismoa izeneko mahai inguruan.

Zeintzuk dira hirigintza feministaren oinarriak?

Pertsonek pertsonentzat sortutako hirigintza da, herritarrak erdigunean jartzen dituena. Ingurune bizigarriagoak eta atseginagoak sortu behar ditugu; pertsona baten bizitzan dauden eremu guztiak kontuan hartu behar ditugu. Izan ere, hirigintza tradizionalak soilik eremu produktiboa hartzen du kontuan. Hirigintza feministak lau eremu lantzen ditu: eremu erreproduktiboa, produktiboa, pertsonala eta soziala.

Nora bideratu behar da begirada hiriak berreraikitzeko?

Garrantzitsuena da eremu erreproduktiboan arreta jartzea, hau da, zaintzan. Hiriek zaintza erdigunean jarri behar dute, krisian gaudelako eta ezin zaiolako zaintza sistemari eutsi eremu pribatutik. Hirian, komunitatean eta eremu publikoan eutsi behar diogu zaintzari. Hiriak zaintzaileak izatea da geroa.

Zer ezaugarri izan behar ditu hiri irisgarri batek?

Norberaren bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak gertu eta irisgarri dituen hiria izan behar du. Zizur [Nafarroa] bezalako herrietan, adibidez, autoa hartu behar da oinarrizko zerbitzuak erabiltzeko. Esate baterako, desgaitasuna duten pertsonentzat eta motordun ibilgailu pribatua oraindik erabili ezin duten gazteentzat eskuraezina da. Gainera, garraio publikoak ez ditu leku guztiak ondo konektatzen.

Iruñeko kaleetako puntu arriskutsuak zehaztu zenituzten Hiri debekatuaren mapa proiektuan; hala ere, zerrenda bat baino gehiago da, ezta?

Hiriaren diagnostiko parte hartzaile bat da; esplorazio ibilaldiak eginez auzoetan ibiltzen gara, eta emakumeek tokiak identifikatzen dituzte: hala nola seguruak ez direnak, iritsezinak edo arazoren bat dutenak. Baina prozesu horrek puntuak jartzeaz harago joan behar du, ez da zerrenda bat. Elkar ezagutzeko prozesu bat izan behar du, emakumeak hiriari buruz duten ezagutzan ahalduntzeko eta ditugun arazoak elkarrekin identifikatzeko. Adibidez, iruditzen ahal zaizu kale batetik pasatzean soilik zuk sentitzen duzula beldurra, baina, beste emakumeek gauza bera sentitzen dutela ikustean, estrategia komunak bila daitezke.

Zergatik da garrantzitsua eremu atseginetan ere arreta jartzea?

Esate baterako: emakumeentzat Iruñeko San Frantzisko plaza nahiko atsegina da, eskola bat dagoelako eta arratsaldez haurrak jolasten egoten direlako. Egia da badituela arriskuak ere; adibidez, adineko batek baloikada bat jasotzea. Hala ere, orokorrean, bertan gelditzera animatzen zaitu. San Frantzisko plazan dagoen bizitza Baluarte plazarekin alderatzen baduzu, argi ikusiko duzu zergatik dagoen beste zerrendan. Atseginak diren lekuak ikusita, asko jakin daiteke atseginak ez diren lekuez eta falta zaizkien ezaugarriez. Horregatik sortu nahi izan genuen Hiri atseginaren mapa.

Aldaketa txikiekin aldaketa handiak egin daitezke?

Zaintza espazio publikoetara atera behar da. Banku bat bezalako elementu txikiak erabakigarriak izan daitezke pertsona bat plaza edo kale batetik pasatzeko. Desgaitasuna duten pertsonek, haur bat karguan dutenek eta nekatzen direnek, besteak beste, eserleku erabilgarriak behar dituzte, ez apaingarriak. Kale guztietan ibiltzeko eskubidea dugu, eta, nekatzen bagara, gelditu eta esertzekoa. Hiria polita izatearen ikuspegiarekin jartzen dira elementuak, zaintza kontuan hartu gabe.

Elkarrekin sortu nahi duzue «zaintzen duen hiria». Sareak eraikitzeko modu bat da?

Gure abiapuntua da proiektuetan emakumeek parte hartzea, eta saiatzen gara beste kolektibo feministek egiten dituztenetan ere parte hartzen. Aliantzak eta sareak egitea nahitaezkoa da. Horregatik hartu genuen parte Iruñeko Emakumeen Etxeko Oasis lorategiaren proiektuan. Parte hartu zuten emakume guztien artean loturak sortzen lagundu du lorategiak; proiektuaren parte bazara, harremanak sortzen dituzu espazioarekin.

Dokumentalean salatzen duzue etxebizitza arazo bat dela Iruñean oraindik ere...

Etxebizitzaren egoera salatzeko datu asko erabil ditzakezu, eta ikaragarri gogorrak diren txostenak egin, baina, azkenerako, tiraderan geldituko dira. Dokumental moduan egitea erabaki genuen, datu horiei aurpegia jartzeko. Esan dezakegu alokairurako diru laguntza sozialak eskatzen dituztenen %60 emakumeak direla, edo emakume horiek erakutsi ditzakegu, eta emakume horiei aurpegia jarri. Esan dezakegu emakume migratzaileek, areago beltzak badira, arazo gehiago dituztela etxebizitza bat eskuratzeko, edo jar dezakegu emakume beltz bat esaten: «Etxebizitza alokatzeko prozesuan baztertu egin naute beltza naizela ikusi dutenean».

Proiektuak aurrera eramatean, nolakoa da harremana erakundeekin?

Urtero erabakitzen dugu zer gai landu nahi dugun, eta diru laguntzak eskatzen dizkiogu Iruñeko Udalari edo Nafarroako Berdintasuneko Institutuari. Beraz, proiektuak egin ostean, udalari ematen dizkiogu. Hirigintzako teknikariek bilera batera gonbidatu gintuzten ikusten genituen arazoak azaltzeko.

Eta proiektu horiek praktikara eramaten dituzte gero?

Guk dakigula, ez. Egia esan, azkeneko proiektua dokumentala izatea nahi genuen, ikusgaitasuna lortzeko aukera ematen zigulako. Adibidez, Emakumeen Etxean egindako proiektua oso ikusgarria da, lorategi bat delako. Txostenek eta halakoek ikusgaitasun txikiagoa dute. Askotan, txosten bat egin eta aurkezteaz gain, ez dugu gehiago lortzen; aurkezten uzten badigute, betiere.

Elbarritasunen bat dutenek behin baino gehiagotan salatu dute hiriak irisgarriak izateko urrats asko falta direla. Zeintzuk dira urrats horiek?

Auzoek irisgarriak izan behar dute; supermerkatua kilometro batera baldin baduzu edo osasun etxera joateko autoa hartu behar baduzu, ez zara iristen. Handitu egiten da mendekotasun maila. Espaloietako zintarri guztiak beheratu eta plataforma bakarreko kaleak egin ditzakezu, baina, ekipamenduak urrun badaude, espazioak iritsezinak dira. Horrez gain, etxebizitzak birpentsatzea falta da, pertsonen eta gorputzen aniztasuna kontuan hartuta. Bi adibide dira horiek, baina askoz gehiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.