Albistea entzun

Erika Martinez. Goienerreko lehendakaria

«Kooperatiba bat garelako jarraitzen dugu zutik»

Goienerrek altxortegi arazoak ditu, argindarraren merkatuko prezioengatik eta erakundeek hartutako erabakiengatik; bazkideek kapital soziala handitzeko atea zabaldu dute.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko apirilak 19

Igaro berri den Korrikako petoetan Goiener hitza idatzita ikusi dutenetako askok galdera bera egingo zioten euren buruari: baina zer da Goiener? Hamar urte beteko ditu aurten Hego Euskal Herrian energia berriztagarria merkaturatzen eta ekoizten duen kooperatibak, eta, txikia izanagatik ere, gaur egun 20.600dik gora kontratu ditu, eta ia 16.000 bazkide. Erika Martinez (Gasteiz, 1985) da lehendakaria. Azpimarratu du bezeroak ez ezik merkaturatzaile txikiak ere pairatzen ari direla merkatuaren gorabeherak. Hala ere, itxaropena eta ilusioa nabari zaio. «Proiektuan sinesten dugulako heldu gara honaino».

Likidezia arazoak dituzue Goienerren. Zergatik?

Bai, hala da. Merkaturatzaileoi eskatzen digute energia erostean 11 eguneko kontsumo bermea uztea; diru hori aurreratu behar dugu, eta gero itzuli egiten digute, baina prezioak gero eta handiagoak direnez, berme horiek ere handiagoak dira, eta horrek altxortegi arazoak sortu dizkigu.

Zuenak bezalako egitasmo batzuek porrot egin dute. Esan daiteke Goienerren bideragarritasuna jokoan dagoela?

Ez. Barne eta kanpo finantzaketak asko sendotu ditugu, eta arazoa kontrolatuta daukagu. Dena den, argi esan behar da: kooperatiba bat garelako jarraitzen dugu zutik; kooperatibista, langile eta bezeroen ahaleginari esker. Egungo egoeran ugaritu egin dira gurea bezalako proiektuak merkatutik botatzeko aukerak: egoera izugarri aldatu da; gobernuek egun batetik bestera hartzen dituzte erabakiak. Gainera, esku gutxitan dago produkzioa eta banaketa, eta horrek izugarrizko boterea ematen die haiei. Joko arauak ez dira guztiontzat berdinak. Espekulazio handia dago, sistemak ahalbidetuta.

Nork espekulatzen du?

Ekoizle handiek. Hidroelektrikoekin egiten dutena ez da onargarria. Haien eskuetan daude planta horiek eta gasa erabiltzen dutenak, eta teknologia horiek ezartzen dute argindarraren azken prezioa. Ikusi dugu nola komeni izan zaienean hidroelektrikoen produkzioa apaldu duten, gas bidezkoa lehenesteko, horrela garestiago saltzeko. Espekulazio hori amaitu beharra dago, eta merkatuan ekoizle gehiago sartu behar dira, dibertsifikatzeko.

Sistemak espekulazioa ahalbidetzen duela esaten duzuenean, zer esan nahi duzue?

Iazko ekainean, Espainiako Gobernuak merkatuaren prezioaren sabaia 180 eurotik 3.000ra igo zuen, eta gaur egun ditugun prezioak legezkoak izatea baimendu. Egia da azpiko muga ere handitu zuela eta egun batzuetan 0 euroz azpiko prezioa izan zela. Baina hori ez da ohiko bidea izan, kontrakoa baizik, arrazoi geopolitikoengatik, bai, baina ez horregatik bakarrik.

Erakundeen laguntzarik espero duzue?

Gobernuek ez dute kontuan hartzen merkatu elektrikoan dagoen kate osoa, eta merkaturatzaile txikiek eta kontsumitzaileek izan dugu kalterik handiena. Besteak beste, BEZaren jaitsierak eragin digu guri: %21ean erosten dugu, eta %10ean saltzen. Diru hori bueltan jasotzen dugu, baina sei hilabeteko epean, eta horrek ere eragin handia izan du gure altxortegian.

Argindarra sortzeko gasari prezio muga bat jartzeko eskatu dute Espainiako eta Portugalgo gobernuek Bruselan. Eraginkorra izan daiteke zuentzat?

Prezioak finkatzeko sistema marjinalista aldatu behar da. Gasaren mugarenak bere efektuak izan ditzake, baina espekulazioa amaitu behar da.

Arazoei erantzuteko, kapital soziala handitzea erabaki duzue. Urrian borondatezko ekarpenak galdegin zenituzten; orain, derrigorrezkoak. Zergatik?

Urriko deialdia oso arrakastatsua izan zen, baina Ukrainako gerra dela-eta gure egoera okertu egin da. Martxoko batzarrean erabaki genuen derrigorrezko ekarpenen aukera baimentzea, baina oraindik ez dugu ate hori zabaldu. Fakturak aurreratzeko aukera ere onartu genuen. Ikusiko dugu. Era berean, beste finantzaketa bide batzuk jarri ditugu martxan: bankuekin, ICO kredituak, KOOP 57rekin lankidetzan aritzea...

Nola ziurtatzen duzue erosten duzuen energiaren %100 berriztagarria dela? Posible al da?

Ekoizleek, beren produkzioa merkaturatzen dutenean, ziurtagiri batzuk bidaltzen dituzte, eta horien arabera erosten dugu. Egia da ez direla oso zehatzak, baina guk erosketa etikoak egiten ditugu; adibidez, ez dugu ekoizle handien ziurtagiririk erosten.

Merkatutik pasatu gabe ekoizleekin aldebiko akordioak egiteko aukera ere baduzue. Ari zarete?

Ez dugu halakorik, baina bide hori aztertzen ari gara. Kontratu mota berri bat da: ez dago kontratu tipo bat, baldintzak negoziatu behar dira, eta irekiagoak izan daitezke. Baina ez da erraza ekoizleak bilatzea, kontratua adostea, onartzea... Dena den, kontratu bakarrarekin ez da nahikoa, hor ere mix-a behar da.

Zuek ere bazarete ekoizleak, Nafarkoopen bitartez.

Bai, eta gure planak azkartu nahi ditugu, merkatuarekin daukagun menpekotasuna murrizteko. Horretarako ere handitu nahi dugu kapitala. Bi proiektu propio ditugu, hidraulikoak biak: Fagollagan (Hernani, Gipuzkoa), eta Oñatiko (Gipuzkoa) ur jauzietakoan %10 daukagu. Ikastolekin batera beste bi egitasmo ditugu, autokontsumokoak. Autokontsumoko instalazioetan laguntzen dugu, norbanakoetan eta kolektiboetan. Gogoz ikusten dugu jendea; landaguneetan, hango baliabideak erabiltzeko: zentral hidraulikoak berreskuratzeko, biomasan... Eta hirietan, fotovoltaikoak jartzeko bereziki. Gainera, asko hobetu dira baldintzak eta diru laguntzak.

Badaude beste egitasmo kooperatibo batzuk: adibidez, Jaurlaritzak lagundutako Ekiolarenak. Zuen lehiakideak dira?

Trantsizio energetikoko egitasmo guztiak egokiak iruditzen zaizkigu, baina jendeak erabaki behar du zein den beretzat egokiena. Ez gara lehiakideak, baina gure eredua beste bat da: ez dugu produktu bat eskaintzen; behetik gora egiten dugu lan, komunitatearekin: zer nahi duten, zer behar dituzten, eta horren arabera lan egiten dugu. Esperientziak esaten digu horrela egiten ez bada etorkizunean arazoak sor daitezkeela.

Zabalduta dagoen ideia da zuenean eta haren gisakoetan garestiagoak direla fakturak. Egungo egoeran bezeroak lortzeko arazo gehiago dituzue?

Gu ez gara prezioen konpetentzian sartuko, baina guk berriztagarriak soilik erabilita eskaini ahal dugun preziorik justuenean saltzen dugu, irabazi asmorik ez baitugu. Bezero kopuruan ez dugu behera egin, eta bazkideak gehitu ditugu. Bezero batzuek ezin dute gurekin jarraitu, baina lagundu egiten diegu bonu sozialak-eta lor ditzaten. Gu merkatu librean gaudenez, ezin dugu bonu sozialik eskaini; gure eskaera historiko bat da, baina ezin dugu. Guk eskaini ez arren, gustatuko litzaiguke jende gehiagok aukera hori izatea.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lan ikuskari bat lantegi batera eginiko bisitan. ©BERRIA

IKUSKARIAK, TANTAKA

Imanol Magro Eizmendi

Zenbait lan ikuskari berri iritsi dira Hego Euskal Herrira espedienteen azken lekualdatze kanpainan, baina oraindik hutsuneak daude betetzeko. Adituen ustez, bi dira arrazoiak: hautaproba gogorra eta baldintzak; batez ere, Nafarroan.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Berriztagarrien burbuilak eztanda egingo du aurki»

Jokin Sagarzazu

Iberdrolaren bilakaeran oinarrituta, gaur egungo energia krisiaren gakoak aztertu ditu Oriol Mallok, eta ondorio batera iritsi da: trantsizio berdea «gutxi batzuentzat» da, eta ondorio ekonomiko larriak izango ditu.
Merkataritzako langileak greban, Donostiako San Martin merkatal zentroan. ©Maialen Andres / FOKU.

Merkataritzako langileek greba egin dute gaur Bizkaian eta Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Soldatak KPIaren arabera igotzeko eta igande eta jaiegunetan lanik ez izateko eskatu dute. Salatu dute sektoreko langile asko eta asko lanaldi partzialean ari direla.

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Lan itunaren aurkakoek egoera irauli dute Mercedesen, eta argi irabazi

Aitor Biain

ELAk bederatzi ordezkari eskuratu ditu, aurretik baino bi gehiago, eta UGTri hiruren aldea ateratzen dio orain. LAB eta ESK sindikatuek ere ordezkari bana irabazi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.