Albistea entzun

Etxerat-ek salatu du «urruntzearen zikloa» ez dela erabat itxi oraindik

65 preso Espainiako espetxeetan daude oraindik, Euskal Herriratzeak hasi zirenetik ia bi urte igaro diren honetan. Apiriletik ez da mugimendurik izan
Etxerat-eko kideak, Bilbon egindako agerraldian.
Etxerat-eko kideak, Bilbon egindako agerraldian. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko ekainak 21 - Bilbo

Uztailean bi urte beteko dira Espainia euskal presoak urruneko espetxeetatik Euskal Herriko kartzeletara edo Euskal Herritik gertu daudenetara lekualdatzen hasi zenetik. Hori dela eta, Etxerat elkarteak agerraldia egin du Bilbon, orain artekoaren bilana eta egungo egoeraren azterketa egiteko. Eta balantzeak baditu argi-ilunak, baita kezkatzeko motiboak ere: presoen senide eta lagunen elkarteak salatu du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten 183 presoetatik 65 Espainiako espetxeetan daudela, eta horiei gehitu behar zaizkiela Frantzian Euskal Herritik urruneko espetxeetan dauden hamazazpiak: 82 orotara. Beraz, Etxerat-ek ondorioztatu du «euskal presoen sakabanaketaren eta urruntzearen zikloa» ez dela amaitu oraindik.

Gainera, presoen senitartekoek ohartarazi dute lekualdatzeen erritmoa asko moteldu dela, eta apirilaren amaieratik ez dela mugimendurik izan: «Denbora luzatzen jarraitzen dute».

Elkartearen izenean, Txusa Etxeandiak eta Jose Moralesek adierazi dute egoerak hobera egin duela azken bi urteotan, 2020ko uztailean lehen presoak Euskal Herriko kartzeletara lekualdatzen hasi zirenetik: gaur egun, 101 preso daude Euskal Herriko espetxeetan, ez dago euskal presorik lehenengo graduan, hogei preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi batek baino gehiagok baimena dute espetxetik ateratzeko. «Aurrerapausoak dira, zalantzarik gabe», azaldu dute Etxerat-eko ordezkariek, «nahiz eta, lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienek atera beharko luketen modu batera edo bestera».

Edonola ere, oraindik multzo handi bati eta haien senitartekoei ez zaie onartzen «ingurukoengandik hurbil egotea, familia eta afektu loturari eusteko eskubidea». Euskal Herritik kanpoko zenbait espetxetan gaur egun ez dago euskal presorik, baina, orotara, oraindik badaude presoak Espainiako hamabi espetxetan: Topasen, Mansillan, Dueñasen, Estremeran, Alcalan, Asturiasen, Darocan, Zueran, Sorian, Burgosen, Logroñon eta Dueson.

Horri gehitu behar zaio pandemiaren «eragin erantsia». Izan ere, pandemiak iraun bitartean espetxean «erabat» itxi dira, eta eten egin dituzte bisita intimoak, familiakoak eta mintzatoki bidezko oinarrizko komunikazioak: «Presoak luzaroan egon dira seme-alabei eta maite dituzten pertsonei besarkadarik eman gabe».

Erritmoa moteldu egin da

Presoen senitartekoek kezkaz ikusi dute lekualdatzeen erritmoa moteldu izana. Hasieran, lekualdatzeak astero egiten zituzten; gero, hilero, eta, orain, «askoz gehiago atzeratzen dira». Datuak eman dituzte esandakoa frogatzeko: 2020ko uztailetik 2021eko uztailera, 234 hurbilketa, lekualdatze edo gradu aldaketa iragarri ziren; 2021eko abuztutik orain arte, 53 baino ez dira izan; eta aurtengo apirilaren amaieratik gaur arte ez da inolako mugimendurik egon. Zenbait presori ukatu egin diete gertuago dauden espetxeetara lekualdatzea, batzuei baita hiru eta lau aldiz ere.

Kartzela horietako zenbaitetan, eutsi egiten diote komunikazioen interbentzioari; «iraganeko beste inertzietako bat», hala definitu dute Etxerat-ekoek jokabide hori.

«Premiazkoa eta beharrezkoa da urruntzea eta sakabanatzea behin betiko amaitzea», esan dute Etxerat-eko ordezkariek: «35 urte baino gehiago dira senide eta lagunok egoera bidegabe eta ezohiko hori pairatzen ari garela».

Presoen senitartekoek berriro azpimarratu dute, «errepikatzen diren gezurren» harira, ez direla «onurez» ari, «baizik eta legean jasota dauden eskubideez»: «Bada garaia salbuespen politika desagerrarazi eta lege arrunta aplikatzeko», erantsi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko udaletxea, artxiboko irudi batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Alonsotegiko alkate ohiarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute

Iosu Alberdi

Prebarikazioa egitea, dokumentuak faltsutzea eta dirua bidegabe erabiltzea egozten die fiskaltzak Aitor Santiestebani eta beste bost laguni

Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.