Jokoa gogorrago arautzeko aukera ireki du Eusko Legebiltzarrak

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako lege proposamena tramiterako onartu dute, EH Bilduren eta PPren aldeko botoekin

Iñigo Urkullu komunikabideei adierazpenak egiten, atzo, Eusko Legebiltzarrera sartu aurretik. DAVID AGUILAR / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Apustu etxeen kokapena, ordutegiak eta publizitatea mugatzea: Horiek dira, labur esanda, Elkarrekin Podemosek jokoaren inguruan egin duen lege proposamenaren oinarriak. Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu du, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PPren aldeko botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Gaur egun indarrean dagoen jokoaren legea 1991koa da. Koalizio morearen ustez, zaharkituta geratu da, eta ohartarazi dute Internet bidezko kirol apustuek bereziki eragiten dietela adin txikikoei.

Zaila izango da lege berria legealdi honetan onartzea. Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskundeak aurreratuko balitu, legebiltzarra desegingo litzateke. Aurreratuko ez balitu ere, ez luke denborarik emango eztabaida egiteko eta zuzenketak tramitatzeko.

Hala ere, badu mamia Elkarrekin Podemosen proposamenak, eta Edurne Garcia legebiltzarkideak eman ditu azalpenak. Neurri batzuek joko aretoen kokapenarekin dute zerikusia. Esaterako, gutxienez 500 metroko distantzia egon beharko da joko aretoen eta ikastetxeen artean. Gainera, publizitatea arautzea ere eskatzen du, alkoholarekin edo tabakoarekin egin bezala, jokoak presentzia txikiagoa izan dezan komunikabideetan eta eremu publikoan. Hain zuzen, publizitatea debekatu nahi dute zineman, eta baita jabetza publikokoak diren euskarri fisikoetan eta ikus-entzunezkoetan ere.

Joko aretoen barruan gertatzen denean ere jarri dute arreta. Alde batetik, horietara sartzeko ordutegia mugatu nahi dute12:00etatik 01:00etara funtzionatuko dute, eta, bestetik, joko aretoetan eta jokorako makinak dituzten tabernetan gehiago kontrolatuko dute sarrera. Azkenik, jokoaren zergari %10eko gainordaina ezarri nahi diote, diru hori ausazko jokoak sortzen dituen arazoak aurreikustera eta sendatzera bideratzeko.

«Zaurgarrienen» defentsan

Prebentzioarekin, sentsibilizazioarekin eta kontrol neurriekin, pertsona «zaurgarrienen» eskubideak defendatu nahi dituztela esan du Garciak. Bitartean, sektoreko enpresa batzuek interes ekonomikoei begiratzen dietela nabarmendu du, eta dirua lortzea dutela helburu, «erabilera arduragabeak» eragiten dituen «ondorio txarrei» erreparatu gabe.

Orokorrean, Eusko Legebiltzarreko alderdiak ados daude Elkarrekin Podemosek proposatutakoarekin. Alde bozkatu dutenei dagokienez, EH Bilduko Eba Blancok azpimarratu du jokoa mendekotasun bat dela: «Jokoan mendekotasuna eta abstinentzia sindromea daude». Erantsi du horri aurre egiteko beharrezkoa dela legeak mende honetara egokitzea, 1991ko arauak ez baititu kontuan hartzen jokorako modu eta mendekotasun berriak.

PPko Javier Ruiz de Arbulok ere bide beretik jo du, eta legea eguneratzeko eta publizitate «neurrigabea» mugatzeko beharra nabarmendu du.

EAJk eta PSE-EEk abstenitzea erabaki dute, eta esan dute ez diotela izkin egin nahi legebiltzarrean jokoaren gaia eztabaidatzeari, baina argi utzi dute 2016ko jokoaren erregelamendu orokorrak dagoeneko jasotzen dituela apustu etxeak eta publizitatea mugatzeko neurriak.

Kopuru esanguratsuak

Elkarrekin Podemosek jokoaren inguruko hainbat datu ere eman ditu. Gaur egun, 250 apustu etxe, 11.350 txanpon makina eta 2.100 apustu makina daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienak tabernetan eta jatetxeetan. Lege proposamenaren aurkezpenean —aurreko urtearen amaieran—, ohartarazi zuten 436.906 pertsona «jokatzaile aktiboak» direla; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %26.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.