Arabako zahar etxeetako sindikatuek lan hitzarmen bat eskatu dute

Hamazazpi greba egun egin dituzte jada. Langile gehiago kontratatzeko eta lan baldintzak «duintzeko» eskatu dute

Zahar etxe pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako sindikatuen agerraldia, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek batera eskatu dute zahar etxe pribatuen eta etxebizitza komunitarioetako lan hitzarmen bat Araba osorako. Urte bi daramatzate astero elkarretaratzeak egiten, eta Arabako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin biltzen, baina ez dute lortu emaitzarik. Horregatik egin dute deia irailaren 21erako sektoreko patronalarekin bilera egiteko. Politikarien «demagogia» deitoratu dute, pandemian zahar etxeetako langileen lana ezinbestekoa dela esan arren, «betiko prekaritatea» jasaten dutelako oraindik.

Sindikatuen aburuz, pandemiak argi utzi du zahar etxeetako langileen baldintzak «duindu» behar direla, eta, horregatik, «langile eskasia» konpontzeko eskatu dute. Horretarako «pertsona oinarri» izango duen arreta eredua ezartzea ezinbestekoa dela deritzote.

Salatu dute Bizkaiko langileek baino 400 euro gutxiago kobratzen dituztela, batez beste, hilean, nahiz eta urtean 200 lanordu gehiago egin. Alta, enpresei leporatu diete erizain nahikoa ez kontratatzea; esan dute orain erizain laguntzaileek egin behar dituztela erizainei dagozkien sendaketak.

Zahar etxe publikoak beteta daudela ohartarazi dute sindikatuek, eta familia askok pribatuetara eraman behar izaten dituztela senideak. Egoitza pribatuak oso garestiak direla adierazi dute: «Hilean milaka euro ordaindu behar izaten dute zerbitzu askoz okerragoaren truke».

Era berean, eredu publikoa eta pribatua alderatu dituzte. Zahar etxe pribatuen «helburu bakarra» etekin ekonomikoa ateratzea dela adierazi dute, eta mozkin hori «langileen soldata kaskarren» eta oheen prezioen bitartez lortzen dutela.

Gipuzkoan ere, borrokan

Gipuzkoako zahar etxeetan ere grebak egiten dabiltza. ELAk 250 egun daramatza guztira, etaLABekin batera egingo ditu 251 eta 252.ak, irailaren 23an eta 24an. Zinemaldiarekin batera, Zaintzaldia egingo dute, eta ELAk «izar guztiei» dei egin die protestetan parte har dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.