Aukerak euskal elkargoak kudeatuko du gizarteratzea espetxe sistema berrian

Espetxeen transferentziarekin bat eginez, legebiltzarrak presoen gizarteratzerako euskal erakunde publikoa sortzeko legea onartu du

Atzo onartu zuten elkargo berria sortzeko legea Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. IREKIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Aukerak izeneko Gizarteratzearen Euskal Elkargoa arduratuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako presoen gizarteratzea eta laneratzea kudeatzeaz. Eusko Legebiltzarrak atzoko osoko bilkuran onartu zuen elkargoa sortzeko modua egingo duen legea, gaur gauzatuko den espetxeen eskumenaren transferentziaren bezperan. Irakurraldi bakarreko prozedura bitartez onartu zuten Jaurlaritza osatzen duten alderdien, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen bozekin. PP+Cs-ek eta Voxek, berriz, aurka bozkatu zuten.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere agerraldian azaldu zuenez, agentzia publikoaren helburua presoak «lan munduarekin zerikusia duten alderdi guztiak jorratuz» gizarteratzea izango da, «prestakuntzatik hasita lan munduan eta gizartean txertatu arte». Hala, zehaztu du Aukeraken programa ez dela zigorra betetzen den bitartean «okupazio hutsean» oinarrituko: «Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak ere definituko ditu, trebetasunak eta inklusioa kontuan hartuta».

Horiek horrela, Aukerakek bere gain hartuko du Espainiako Espetxe Lana eta Enplegurako Prestakuntza erakundeak orain arte betetako funtzioa, baina entitate batetik besterako trantsizioa ez da berehala egingo. Izan ere, Espainiako erakundeak urte amaierara arte jarraituko du Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan duen jardunarekin, euskal elkargoaren sorrera osatu bitarte kartzeletako ekoizpen lantegiei jarraipena eman ahal izateko. Halaber, bere langileek postu beretan jarraituko dute urtarrilaren 1etik aurrera, Aukeraken lantaldean inskribatuta.

«Bigarren aukerak erraztu»

Sailburuak emandako datuen arabera, egun 350 bat preso langile daude erregistratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan. Horietatik 240 preso kartzeletako ekoizpen lantegietako langileak dira, eta beste 114k kanpoko enpresekin elkarlanean kudeatutako lantegietan dihardute.

«Presoei beren gaitasun profesionalak, prestakuntza eta lan esperientzia garatzeko aukera emateak gizarteratze prozesuak errazten ditu, autoestimua hobetzen du eta, behin aske daudela, lan ordaindua aurkitzeko aukerak areagotzen ditu; eta egiaztatuta dago aukera horiek gutxitu egiten dutela delituetan berriz erortzea», esan du Artolazabalek, eta azpimarratu Aukerakek espetxeetan dauden pertsonentzako «bigarren aukerak» erraztuko dituela.

Hala, helburu hori lortzeko, euskal elkargoak kartzelako lan produktiboa eta haren ordainsaria kudeatuko ditu, lantegiak, nekazaritzako ustiategiak eta bestelako zerbitzuak kudeatuz, eta zigorraren azken fasean edo erdi askatasuneko erregimenean dauden presoen artean lanbide heziketa eta enplegurako orientazioak sustatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.